Albistea entzun

Oihane Iragi. 'Herriko tabernako' langilea

«Denontzako jaiak izatea nahi dugu»

Barraren beste aldean aritzea da sanferminak igarotzeko beste modu bat. Tabernarien kopurua bikoiztu egiten da egunotan. Batzuek lan egiten dute besteek ongi pasa dezaten.
BIDATZ VILLANUEVA ETXAGUE

Bidatz Villanueva Etxague -

2015eko uztailak 11 - Iruñea

Goizean goizetik hasten da taberna atontzen Oihane Iragi iruindarra (1987). Eguerdi aldera hasten dira herritarrak iristen. Duela zazpi urte hasi zen lanean Carmen kaleko herriko eta Arranon, sanferminetan. Ez da kexu, halere; hark dioenez «giro oso ona» dute lankideen artean. Egun, laguntzaile moduan doa, beste lagun asko bezala. Lana sobera dute.

Herritarrek parranda egiteko jai hartzen dute, baina tabernariak inoiz baino lanpetuago zaudete sanferminetan?

Bai, izugarria da. Gainera, herriko tabernak Arrano alokatzen du sanferminetarako, eta lana bikoiztu egiten da. Urtean hamabi bat pertsona aritu ohi dira gehienez, sukaldean, jantokian eta barran banatuak. Jaietan askoz gehiago gara. Afari eta bazkariak Arranon ematen ditugu, eta ogitartekoak herriko tabernan.

Lagun askorentzat erreferente da herriko taberna. Horrek hala jarrai dezan ardura izanen duzue.

Urtero saiatzen gara zerbitzua hobetzen, ahalik eta egokiena izan dadin. Iaz, esaterako, haurrentzako gauzak antolatu genituen, baina jaiguneak ere eskaintzen die umeei tartea, eta oso ongi, gainera. Horrez gain, egitarau bat atontzen dugu urtero. Janariari dagokionez, berritzen saiatzen gara. Mota askotarikoak prestatzen ditugu.

Diruaren irabazien eta jai herrikoien balantzan, zerk du pisu handiagoa sanferminetan?

Guk denontzako jaiak izan daitezen nahi dugu, eta horretan saiatzen gara. Menuen barruan, badakigu prezioa ez dela oso herrikoia eta ez dagoela denen eskura. Horregatik eskaintzen dugu merkeagoa den bat, baita ogitartekoak ere. Dena den, sanferminetako menuaz aparte, ez ditugu prezioak aldatzen.

Orduan, zuek ez zarete izanen kanpotarrei gehiago kobratzen diezuen horietakoak.

Ez, inola ere ez! Prezioak denentzako dira berdinak. Egia da erran ohi dutela halakoak gertatzen direla.

Zer-nolako giroa duzue tabernan?

Oso ona, eta txandak egitera datozenekin ere bai. Batzuetan kale egiten dute txandek, uztailaren 6an adibidez hori gertatu zitzaigun. Bertan ari ginenok bete behar izan genituen, eta ordu kopuru askoz gehiago egin. Baina urtero ateratzen dugu dena aurrera. Hori, hein handi batean, posible da laguntzera datorren jendeari esker. Leku askotatik dator jendea, eta guk asko eskertzen dugu. Bestela txanda amaigabeak egin beharko genituzke.

Asteburuan izanen dira egunik aztoratuenak.

Asteburua eta uztailaren 6a. Txupinazoaren eguna kaos bat da. Uztailaren 6ak eta gainontzeko egunek ez dute zerikusirik. Jendetza dator, denak pozik, baina aztoratuak ere bai.

Herriko taberna eragile bat ere bada. Aldarrikapenak egiteko une egokia dira sanferminak?

Bai, baina oso aztoratuak gabiltza. Orokorrean sanfermin herrikoietan kalean egiten dira aldarrikapenak. Gu, adibidez, herriko moduan, laranjaz jantziko gara gaur, Libre dinamikarekiko atxikipena azaltzeko. Eragileekin ere elkarlanean ari gara. Uztailaren 6ko elkartasun brindisa Herrikoak antolatzen ez duen arren, gu hor gaude.

Zuei eragin ez dizuen arren, kolpe gogorra izan da herrikoen aurkako sententzia?

Gu ez gaude sententzia horren barruan, baina bai Alde Zaharreko Aitzina taberna. Gogorra izan da, bai. Herriko tabernak erreferentzia bat dira kulturalki eta politikoki. Bestalde, nik uste dut horrekin jendea kontzientziatu dela. Itxi arren, irekiko ditugu taberna berriak, gai baikara hori egiteko. Ikusi besterik ez dago lan egiteko prest dagoen jendea. Jaigunean, esaterako, jende pila batek egiten ditu txandak, eta asko inplikatzen da.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.
 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...