Albistea entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Ondorena

Hasteko, ia denari «ez» esan dio

Sanchezek esan du ez duela PP babestuko, eta gobernua osatzen saiatuko da.

Erabakitzeko eskubidea baztertzeko eskatu dio Podemosi.

Jarrera aldatuko duela uste du PPk
J.J.GUILLEN / EFE

Jokin Sagarzazu -

2015eko abenduak 24

Irmotasun irudia eman nahi izan du Pedro Sanchezek Mariano Rajoyrekin eginiko lehen bileran. PPkoak proposatutako guztiari «ez» esan dio, Espainia ez den beste subjektu nazionalen erabakitzeko eskubidearen ukazioari izan ezik. Berretsi du, halaber, ez duela PPren gobernurik babestuko, ezta Rajoy ez den beste hautagai bat proposatzen badute ere. Eta ez duela hauteskundeak berriz egiterik nahi. PSOEren presidentegaiak azpimarratu du «aldaketa» nahi duela gobernuan, eta «aukera guztiak» aztertuko dituela horretarako. Azpimarratu du, hala ere, ez duela bat egingo Espainiaren subiranotasuna zalantzan jartzen duen inorekin, Podemosi mezua helaraziz. Sanchezen ezezkoak jasota, gobernuko iturriek diote negoziazioak hasi baino ez direla egin.

Jarduneko presidentea eta PSOEko idazkari nagusia Madrilgo Moncloa jauregian elkartu ziren atzo. Gaur-gaurkoz, urrun daude biak, eta irudi hori nabarmendu nahi izan zuen Sanchezek. Azken egun eta orduetan, baina, komunikabide batzuek zabaldu dute bereziki PPren gertuko eta PSOErekin lotutako zenbait eragile ekonomiko eta politikok egin dituztela bi agintariak gerturatzeko saioak. Atzo, Albert Rivera Ciudadanos alderdiko buruak legealdi akordio bat eskaini zien; zehazki, hiru aldeko negoziazio mahaia osatu eta «oinarrizko akordio bat» proposatu die, Espainiaren batasuna eta «egonkortasun ekonomiko eta politikoa bermatzeko erreformak egiteko». Ez da hiru alderdiko gobernu bat osatzeko eskaintza, Riverak azaldu duenez, Espainiari «bide orri bat» emateko «gehiengo sendo» baterako proposamena baizik. Izan ere, hauteskundeak berriro egiteak «ezegonkortasuna larrituko» lukeela uste du Ciudadanoseko buruak.

Gobernabide zaila utzi dute igandeko hauteskundeek Espainian; dena den, Rajoyk iragarri du gobernua sortzen saiatuko dela, bozak bere alderdiak irabazi dituela iritzita. PPk ez ditu ate guztiak itxi, eta badu itxaropena hirugarren edo laugarren bozketan sozialistak abstenitzeko eta, Ciudadanosen babesarekin, Rajoy presidente aukeratzeko. Kasu horretan, udaberrira arte luzatuko litzateke gobernua osatzeko prozesua. Akordiorik ezean, berriz egin beharko lirateke hauteskundeak. Sanchezek atzo berretsi zuen «azken aukera» litzatekeela hori: «Interes orokorra lehenetsi behar dugu».

Marra gorriak

Bilera laburra izan zen atzokoa, apenas iraun zuen 45 minutu. Ondoren, Rajoyk ez zuen agerraldirik egin; Twitter bidez egin zuen balorazioa: «Elkarrizketaren aldeko apustua egiten dut espainiarrei ziurtasuna emango dien gobernu egonkorra osatzeko». Gobernuarekin loturiko iturriak aipatuta, komunikabide batzuek jakitera eman dute negoziazio horietan PP prest azaldu dela Espainiako Konstituzioa erreformatzeko eta Kongresuko presidentetza sozialisten esku uzteko, baldin eta trukean haiek PPren gobernua babestu edo, gutxienez, Rajoyren inbestiduran abstenituko balira. Soraya Saenz de Santamaria jarduneko presidenteordeak, baina, informazio hori gezurtatu du. Nolanahi den, atzoko bileran baldintza horiek izan zituzten mahai gainean, Sanchezek esandakoaren arabera.

Hala, konstituzioaren erreformari buruz, PSOEkoak azaldu du Kataluniako egoeraz aritu zirenean aipatu zutela aukera hori. Baina, horrekin lotuta, azpimarratu du erabakitzeko eskubidearen inguruan bi alderdiak bat datozela oinarrian. «Kataluniarako irtenbidea du alderdi sozialistak: konstituzio erreforma, eta espainiar guztien erabakitzeko eskubidea. Guk ez dugu onartuko Espainiaren subiranotasuna zatitzea».

Printzipioz, PPrekin gobernatzea eta hari babesa ematea baztertuta, «lau urterako egonkortasuna» sortuko duen gobernu bat nahi duela esan du Sanchezek, eta erantzukizunez jokatzeko eskatu die besteei. «Aro berri honetan ezin dira alderdi politiko batzuen marra gorriak nagusitu», esan du, Podemoseko Pablo Iglesiasek akordioa egiteko jarritako baldintzetan erabakitzeko eskubidea jarri duela eta. Lerro gorrien aurrean «zubiak» nahi dituela azaldu du PSOEkoak, eta negoziatzeko prest agertu da, baina beste ardatz batzuetan oinarrituta: langileen estatutu berria, hezkuntza ituna eta suspertze ekonomiko «justu» baterako oinarriak aipatu ditu, besteak beste.

Presidentegaiak aurkeztu eta hautatu aurretik, baina, Kongresuko presidentea aukeratu beharko dute diputatuek, urtarrilaren 13an. Hori ere jarri omen du mahai gainean PSOEren buruzagiak. Esan du «arrazoizkoa» litzatekeela bigarren indarrak eskuratzea, Kongresuaren «aniztasuna» islatzeko. Dena den, PPk eta PSOEk ez lukete zertan akordioa egin. Lehenengo bozketan gehiengo osoa behar da, eta, inork lortuko ez balu, gehiengo sinplea nahiko litzateke. Bozketan, gainera, parlamentariak ezin dira abstenitu: alde edo kontra bozkatu behar dute.

Mugimenduak PSOEn

PSOEk gaur egun mahai gainean daukan proposamen bakarra da Podemosena. Baina Iglesiasen alderdiak hainbat baldintza jarri dizkio; horien artean, Katalunian independentzia erreferendum bat egitea. Horrek alarmak piztu ditu PSOEren buruzagi batzuengan. Susana Diaz Andaluziako Gobernuko presidentea da horietako bat. Egungo egoeran, «gogoeta sakona» egin behar dutela uste du; haren hitzetan, sozialistak ezin dira erori «oportunismoetan» edo «abentura politikoetan». Agindutakoa bete eta Rajoyri eta PPri «ezezko irmo bat» ematearen alde da, baina PSOEk gobernua eskuratzeko egin beharko lituzkeen akordioei buruz, ez du ezer zehaztu —Ciudadanosen babesari esker eskuratu zuen gobernua berak—. Podemosen baldintzei buruz, azpimarratu du sozialistek ez dutela «sekula» onartuko «Espainiaren batasunarekin jokatzea».

Antzera mintzatu da Gaztela Mantxako gobernuko presidente Emiliano Garcia Page. Podemosek inbestiduran emandako babesari esker gobernatzen du berak, baina «baztertu» egin du Espainiako Gobernuan bi alderdiak batera aritzea, «gaindi ezin daitekeen baldintza bada Kataluniako erreferenduma». Garcia Pagek, halere, legealdi eta inbestidura akordioak bereizi behar direla esan du; halere, egungo egoeran, ez du baztertzen bozak aurreratu behar izatea, «aste batzuk edo urtebete barru».

Bestalde, Pablo Iglesiasek adierazi du ez duela Sanchez ezkerreko gobernu baten buruzagi gisa ikusten. «Badirudi bere alderdian ez diotela utzi nahi, eta zalantzak ditut bere alderdiko burua ere baden». Iglesiasek eta Podemoseko beste buruzagi batzuek atzo proposatu zuten sektore guztien gustuko den hautagai «independente» batek hartzea gobernuburu kargua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.
Bakegileen agerraldi jendetsua, gaur, Hiriburun ©Guillaume Fauveau

Bakegileek mobilizazio fase berria abiatuko dute

Ekhi Erremundegi Beloki

Gatazkaren konponbidean aitzina egiten Frantziako Gobernuaren «borondatea falta» dela eta, desobedientzia zibilari ekingo diote. Urtarrilaren 8an Baionan eginen duten manifestazioa izanen da fase berriaren hasiera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.