Albistea entzun

Julia Nogueira. Soziologoa

«Etxeko lanak ez dira duinak, oraindik ere»

Zaintzailearen jatorria edozein izanda ere, zaintzaren eta etxeko lanen «alde okerrena» andreek jasaten dutela uste du Nogueirak. Sendi, enpresa eta langileekin hitz egin du lan horien alderdi desberdinak ezagutzeko.

Lorea Segurola Orbegozo -

2015eko irailak 5

Emakunderen beka baten bidez, beste behin ekin dio genero gai bat ikertzeari Julia Nogueirak (Galizia, 1979). Oraingoan, Joseba Zalakainekin batera, zaintzan eta etxeko lanetan diharduten emakume atzerritarren egoera aztertu du. Sektorearen alderdi desberdinak ezagutu dituzte, euren egoera nolakoa den aztertzeko.

Familia askok kanpoko pertsona bat kontratatzen dute etxeko eta zaintza lanetarako.

Familien kontziliazio faltagatik gertatzen da hori. Bizi itxaropena handitu egin da, familia egitura aldatu egin da, eta emakumeak lan munduan sartu dira. Askotan, emakumeoi, lan ordainduaz gain, etxeko lanez eta familiako senideez arduratzea tokatzen zaigu. Denbora faltagatik, kanpoko laguntza behar dugu. Egoera horretan, azpimarragarriak dira eman beharreko giza baliabideak: alde batetik, adinekoaren familiakoei laguntzeko; eta, bestetik, lan horiek egingo dituzten pertsonek baldintza duinak izan ditzaten.

Zaintza lanen kate globalak aipatu dituzue.

Bai. Globalizazio prozesu bat gertatu da: zailtasun ekonomiko handiak dituzten emakume batzuek Europara joatea erabaki dute. Emakume horiek seme-alabak, etxeko lanak eta zaindu beharreko senide adinduak dituzte jatorriko herrialdean, eta horiek beste emakume batzuen esku uzten dituzte. Gero, lan hori bera egiten dute Europako beste familia batean. Horrela, nazioarte mailako kateak sortzen dira.

Datu bat oso deigarria da: etxeko lan ordainduetan diharduten langileen %95 emakumeak dira.

Rolak ez dira aldatu: etxeko lanak, lan ordainduak badira ere, emakumezkoen lanak dira.

Zergatik daude diskriminatuta?

Lehendabizi, emakumeak direlako. Bigarrenik, atzerritarrak direlako. Baita emakume atzerritarrek sektore batean dituztelako erraztasun gehien ere: zaintza eta etxeko lanetan. Baldintza horiek diskriminazio egoera ugari eragin ditzakete: lan baldintza txarrak izatea eta gizarte zerbitzuetan sarbidea zailtzea, adibidez.

Zergatik dira emakume horiek eta euren lan egoera ikusezinak?

Atzerritarren legearengatik, batetik: emakume atzerritar asko ez daude erroldatuta. Eta, bestetik, etxebizitza batean lan egitean, hainbat ahultasun egoera berezi bizi dituztelako: lan baldintzak ez dira behar bezala behatzen. Etxebizitza eremu pribatua da, eta ez dago guztiz jakiterik zer gertatzen den barruan.

Familiak emakume horien egoeraz baliatzen ari al dira?

Guk ez dugu errudunik nahi, baina bai ongizate estatua salatu: ez die erantzuten ez familien beharrei, ezta lanera datozen atzerritarrenei ere. Baina, bertakoak edo atzerritarrak izanda ere, emakumeek jasaten dute alderik okerrena.

Emakume atzerritarrek zailtasunak dituzte zerbitzu sozialetan lan egiteko. Aldiz, zaintza zerbitzuetan gehiengoa dira.

Hori diskriminazio kasu argia da: lan baldintzak oso desberdinak dira zerbitzu publiko batean edo zuzenean familia batekin adostuta lan eginez gero.

Zergatik jatorriaren araberako bereizkeria hori?

Sarritan, erregulazio administratiboagatik: paperik gabeko emakumeei ezin diete lan kontraturik egin. Eta, beste batzuetan, familien aurreiritziengatik. Enpresa batzuek azaldu digute haiek ez daukatela lehentasun irizpiderik, baina haiengana jotzen duten familiek, bai. Beraz, bertan jaiotako emakumeak lehenago kontratatzen dituzte.

Horren eraginez, emakume atzerritar batek urte ugari egin ditzake lanean familia batentzat kontraturik gabe. Eta egoera hori oso prekarioa da. Eskubideak badituzten arren, osasun arloan, adibidez, batzuek beldurra izaten dute, lanpostua galduko dutelakoan.

Emakume horietako askok zailtasun ekonomiko larriak eta integrazio arazoak dituzte.

Emakume horien helburua ez da soilik euren burua mantentzea. Familia lagundu nahi dute, etxera dirua bidaliz. Horregatik, ahalik eta diru gutxien gastatzen dute hemen. Euren buruari oso prekaritate gogorra ezartzen diote. Horrek lotura du integrazioarekin: diruari dagokionez, ez dituzte beste pertsonen aisialdirako aukera berberak.

Gainera, lan egiten duten familiarekin bizi diren langileek denbora mugatu bat dute aisialdirako, eta askotan ez dakite norekin igaro denbora hori. Langileen eta gizarte zerbitzuen eskaeretako bat da elkarte edo gune batzuk sortzea, emakume horiek bertan elkartzeko eta aisialdirako toki gisa erabili ahal izateko.

Zeintzuk dira etxeko lanen erregulazioaren gabeziak?

Enpresa publiko eta pribatuek beharrezko materiala jartzen dute langilearen eskura, baina pertsona bat zuzenean kontratatzen duen familiak, sarritan, ez. Mugikortasun arazoak dituen pertsona bat altxatzean edo garbitzean, adibidez, langileak min hartzeko arriskua handia da. Arrisku psikikoak ere badaude: gaixotasun mentala duen pertsona bat zaintzean, adibidez. Arrisku horiek etxeko lanen erregulazioan egon beharko lukete, eta ez daude.

Nola hobetu daiteke sektorearen egoera?

Emakume horien lan baldintzak agerikoak egin behar dira, eta etxeko lanak lan duintzat hartzen hasi. Lan duinak ez diren bitartean, ez dira lan baldintzak hobetuko, eta, batez ere, sektore horretako langileak beste sektoreetan nahi ez dituzten pertsonak izango dira. Beste alde batetik, atzerritarren legea malgutu egin beharko litzateke.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Zaldibarko zabortegia, iazko urtarrilean. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Zaldibarko zabortegia berriro erortzeko arriskua dagoela ohartarazi du Jaurlaritzak

Iñaki Petxarroman

Geologia y Geoteknia Larrea enpresak egindako ikerketa baten arabera, zabortegiaren oraingo segurtasun faktorea txikiagoa da 2020an erori zenekoa baino
 ©JON URBE / FOKU

«Gu beti egongo gara itunpekoen alde, nahiz eta gure ardatza, noski, eskola publikoa izan»

Irati Urdalleta Lete

Sailburuak uste du irakasgai batzuk ingelesez emateak ez diola «kentzen» euskarari. Haren esanetan, pausoak eman dituzte segregazioa murrizteko, eta asmoa dute bidea urratzen segitzeko.
Garbiñe Aranburu, atzean Irati Tobar duela, atzo egindako prentsaurrekoan. ©JON URBE / FOKU

Lanpostu publikoei eustea adostu dute Hezkuntza Sailak eta LABek

Iosu Alberdi

Hezkuntzako mahai sindikalean itundutakoa mahai sektorialetan jarraituko dute negoziatzen
EHUko Agurtzane Elordui eta Jokin Aiestaran ikertzaileak, atzo, Kontseiluak Bilbon egindako jardunaldietan. ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Sarea, Londresko kale eleaniztuna

Javi West Larrañaga

Gazteek sare sozialetan erabiltzen dituzten hizkuntza aldaerez hausnartu dute EHUko Agurtzane Elorduik eta Jokin Aiestaranek, Kontseiluak eta Jaurlaritzak Bilbon antolatutako jardunaldietan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...