Jaume Asens. Bartzelonako Udaleko alkateordea

«Espainia eta Katalunia artekoa konpontzeko bidea erreferenduma da»

Barcelona en Comuko kidearen iritziz, ezinbestekoa da herritarrek prozesu eratzailea gidatzea, uste baitu egun alderdien erabakien menpe dagoela: «Ez dut sinesten erregimenak izendatutako alderdietan».
DANI CODINA

S. Baleztena -

2016ko ekainak 18
Ada Colauk Bartzelonako alkatetza eskuratu zuenetik urtebete bete berri dela solastatu da Jaume Asens (1972, Bartzelona) BERRIArekin. Haren konfiantza gizona da; alkateordea. Mugimendu sozialei lotutako borroken abokatu defentsari izateari utzi, eta politikarako jauzia egin zuen iaz Barcelona en Comurekin. Zuzenbidean eta Filosofian lizentziatua da.

Espainiako hauteskundeetarako astebete eskas geratzen da. Katalunia, berriz ere, zeresana ematen ari da. Podemosek, erreferendumari erreferentzia eginez, negoziaziorako marra gorririk ez dagoela esan du.

Podemosek, Europako bozetara aurkeztu zenetik, defendatu du Kataluniako erreferenduma, eta hasieratik gainontzeko alderdiak saiatu dira Pablo Iglesiasen alderdia PSOEren berrargitalpen gisa definitzen, ulertu gabe aldi historiko erabat desberdinetan jaiotako subjektuak direla. Sentsazioa dut, behin eta berriz interpretatzen direla Podemosen esanak arrakalak bilatzeko.

Pablo Iglesiasek, beraz, ez dio uko eginen erreferendumaren baldintzari?

Ez, noski. Jarrera kontua da, Iglesiasek baieztapen horrekin adierazi zuen, hain zuzen, Unidos Podemosek ez duela eztabaidarako trabarik jarriko; baina hori baieztatu zuen bezala, behin eta berriz errepikatu du erreferenduma dela Kataluniaren eta Espainiaren arteko arazoaren irtenbide bakarra, eta egingo dela. Garrantzitsua da bereiztea prozesua eta prozesismoa, azken hori izan baita CDCri bide eman diona boterea ez galtzeko. Ez dugu ahaztu behar guk martxan jarri genuela multirreferenduma, eta Convergenciak Mossoak bidali zizkigula lurraldetasunetik harago zihoan erabakitze eskubidea saihesteko.

Kataluniako Parlamentua independentziaren oinarriak finkatzen ari da, baina herri mugimendua urduri dago. Zein da zure interpretazioa?

Kataluniaren etorkizuna aukeratzeko ezinbestekoa izango da herritarrek gidatutako prozesu eratzaile bat, eta oraingo arriskua da prozesu hau alderdien erabakien ardurapean dagoela. Protagonismoa herritarrek berreskuratu behar dute, eta ANCren desbideratzeak ez du laguntzen, alderdien interesen baitan amore eman dutelako.

Zer behar du orain prozesu eratzaileak?

Itzultzea jaio zen tokira eta iraultza guztien erdigunera: kalera. Prozesu historiko guztiek erakutsi dute trantsizioaren izaera baldintzatuta daukala buruzagitza duen alderdiak. Eta nik ez dut sinesten erregimenak izendatu zuen Convergencia alderdiak gidatutako prozesu eratzailean.

Zeren alde bozkatu zenuen azaroaren 9an?

«Bai-bai», 1978ko aginterarekin haustura lortzeko ezinbestekoa delako Katalunik ukabilkada bat ematea. Subiranotasuna menderatu behar dugu Espainiako Estatuarekiko berdintasun testuinguruan egoteko, eta Espainiako gainontzeko herriekin federatu edo konfederatu nahi dugun edo independentziaren aldeko bidea hartu nahiago dugun erabakitzeko.

Espainia erreformatu daitekeela uste duzu?

Ez dakit, baina badakit oraintxe aukera sorta itzela dugula aldaketak gauzatzeko; duela ez hainbeste imajinaezina zen PAH-ko aktibista bat Bartzelonako alkatea izatea; imajinaezina zen bezala, David Fernandez politikaria, sandalia eskuetan, Ratori lau egien inguruan mintzatzea.

Espainiako alderdi ezkertiarretan sinesten ez duen jende asko dago. Kataluniako eskuinaren errealitatea nahikoa ezagutzen al da hemendik kanpo?

Ez dut uste. Guk mesfidantza historikoa diogu, Kataluniak izan dituen aldi historiko garrantzitsuetan beti egin duelako erregimenaren alde azkenean. Convergencia agindutako alderdi bat izan da, hemen eta han, behin eta berriz, PPrekin itundu dena…

Urtebete egin duzue Bartzelonako Udalean. Ze balantze egiten duzue?

Gogorra eta kontraesanez betetako urtea izan da, baina, aldi berean, uste baino lorpen gehiago eskuratu ditugu. Urte honetako emaitzak aztertuta, agerikoa da neurri garrantzitsu asko hartu direla; bankuen jabetzan zeuden 500 etxe baino gehiago berreskuratu, jangelarako diru laguntzak hirukoiztu, osasun publikoan eta haurtzaindegietan Xavier Triasek egindako pribatizazioari buelta eman, hiritarren parte hartzeari lotutako politikak garatu edota Montoro legeari aurre egin diogu.

Udalak sortu berri duen Gardentasun Sailaren arduraduna zara. Zein da helburua?

Gure garaipenaren arrazoi nagusia da politika beste modu batera egiteko nahia hezurmamitu genuela. Lehentasun nagusia izan zen, esaterako, demokraziaren oinarrizko ezaugarria berreskuratzea: gardentasuna. Udalera iristean konturatu ginen erakunde iluna zela, eta horretarako sortu dugu gardentasun bulegoa.

Zein dira Etika Kodearen oinarri nagusiak?

Etika Kodearen bitartez, jokaera arauak ezarri ditugu, interes istiluak, bateraezintasunak, orain arte diru publikoarekin ordaindu diren bidaia justifikatu gabekoak, erabakitzeko barne prozesuak erregulatzeko eta baliabide publikoen kontrola areagotzeko. Erabaki horiek guztiek oposizioaren aurrean erasotzen errazago bilakatzen gaitu; baina, hein berean, zilegitasunean irabazi dugu.

Banc Expropiat hustearen harira, zalantzan jarri da Bartzelonako Udalaren jarrera. Zertan da auzia?

Udalak hasieratik defendatu du, erresistentzia guztiekin bezala, Banc Expropiaten lana. Can Viesekin ez bezala, kasu honetan; eta aspaldiko sukurtsala jabetza pribatua denez, ezin gara sartu. Hala ere, Xavier Triasek alokairua ordaindu zuela jakin bezain laster hitz egin genuen kolektiboarekin leku alternatibo bat eskaintzeko, baina eurek ez dute indar politikoekin bitartekaritzarik izan nahi. Gure eskaintza zabalik egongo da beti.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna