KRITIKA. 76. Musika Hamabostaldia

Zuentzat

Asier Polo biolontxelo jotzailea, BBC Philarmonic orkestrarekin. A. CANELLADA / ARP.
Arkaitz Mendoza.
2017ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

BBC Philarmonic Orchestra

Zuzendaria: Juanjo Mena. Lekua: Kursaal auditoriuma, Donostia. Eguna: Abuztuak 3.

Hau da nire orkestra. Sei urte daramat harribitxi hau urreztatzen, laztantzen, maitatzen, gorrotatzen, lantzen, apaintzen, txukuntzen eta batez ere disfrutatzen. Musika Hamabostaldian ez naiz edonola aurkeztuko; orkestra nire produktu bat dela sentitzen dudanean, musikari ingelesekin batera elkar ezagutzen dugunean, musika ideia bakar bat plazaratzen dugunean, laurogei musika emate ezberdin bakar batean urtzean, orduan bai, etxera bueltatuko naiz zuei opari hau eskaintzera. Etenaldirik gabe eta apaltasun handiz landu ditut egunero interpretazio mamitsu hauek. Nire arbaso, lehen maisu eta musika eromen honetan barrena itsu-itsu murgildu nauzuen guztioi eskerrak eman nahi dizkizuet. Gainera, gaur egungo euskal musikari interprete handienarekin agertuko naiz: Asier Polo. Mila txutxumutxu bizi izan ditugu elkarrekin, eta, nahiz eta berak ez aitortu, Edward Elgarren Biolontxelorako kontzertua azken urteotan entzun diodan interpretaziorik zoragarriena du».

»Geroz eta hobeto jotzen ari da biolontxeloa Asier. Urtetik urtera heldutasun eta argudio hobeak ditu bakarlari handien artean. Orkestrak gozo lagundu zuen, elkar oztopa ez zezaten saiatu nintzen, eta soinu kolore interesgarriak lortu genituen, batez ere une lasaietan. Orkestrako hariari behin baino gehiagotan adierazi diot elkar entzutea funtsezkoa dela bakarlaria bere egongelako sofa erosoan etzanda egongo balitz bezala sentitu ahal izateko. Asierrek musika jaialdi honetako behar bezalako txalo zaparrada bat aspaldidanik merezi zuen, eta ostegun gauean lortu genuen; pozten naiz, Asier!».

»Ez naiz erakustaldi handiko zuzendari bat; behar diren zeinuak, betiere. Besoekin musikariak inguratu, besarkatu eta beren sentipenik onenak heda ditzaten saiatzen naiz. Ez da lan erraza izan, baina harro nago emaitza entzunda. Hector Berliozen Sinfonia fantastikoa-n haize metala biribil, potolo, sendotasun handian. Haize egurra dezibel entzungaitzetatik erromantiko eta pasio sutsura ziztu bizian eraldatzen joan zen, bikain! Obra handi honen loturak bereziki landu ditugu, eta auditorium honetako akustika ederrean liluragarri entzun ziren. Heldutasunean iritsi da etxean agertzeko aukera handi hau, eta ziurtasun puntu egokian sentitu naiz zuei musika hauek eskaintzeko».

Ez dira egungo Euskal Herriko musika zuzendari handienaren hitzak, noski! Baina ez dira urrun geratzen. Juanjo Mena hustu egin zen, bihotza eserleku bakoitzean entregatzeraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.