Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Ekintzaile batek gutxienez hamahiru lagun hil ditu furgonetaz harrapatuta

Publizitatea

Mundua

Atentatua Bartzelonan

Ekintzaile batek gutxienez hamahiru lagun hil ditu furgonetaz harrapatuta

Bartzelonako Rambletan sigi-saga sartu, eta eraman ditu aurretik. 100 zauritutik gora ere eragin ditu, hamabost larri. EI Estatu Islamikoak hartu du bere gain atentatua. Bi pertsona atxilotu dituzte
Poliziak Bartzelonako Rambletan, atentatua gertatu ostean, atzo arratsaldean.
Argazkia: ANDREU DALMAU / EFE
Abuztuko arratsalde eguzkitsu batean ohi bezala, turistez beteak zeuden atzo Bartzelonako Ramblak; gora eta behera paseatzen zebiltzan, arratsaldeko bostetan. Baina konturatzerako furgoneta bat sartu zitzaien Pelai kaletik, abiadura bizian, eta sigi-saga parean suertatu zitzaizkion guztiak harrapatu zituen Liceuraino, 700 bat metrotako bidean hildakoak eta zaurituak utziz. Joaquim Forn Generalitateko Barne kontseilariak baieztatu zuenez, hamahiru dira hildakoak, eta 100 zauritutik gora, baina ohartarazi zuen kopurua alda zitekeela denborak aurrera egin ahala, hamabost larri baitaude. EI Estatu islamikoak hartu du bere gain atentatua.





Erasoa gertatu zen lekuan kaosa nagusitu zen. Furgoneta utzi eta alde egin zuen gidariak, ustez armaturik. Poliziak haren atzetik zebiltzan bitartean, jendetza korrika eta oihuka hasi zen, beste batzuk lurrean zaurituen eta hildakoen alboan zeuden. Anbulantziak iristen hasi ziren, eta zaurituak hiru ospitaletara eraman zituzten. Poliziek, berriz, berehala itxi zuten ingurua, ahal zuten jende guztia kanporatu ostean. El Corte Ingles jendez hustu zuten, eta metroko bost geltoki itxi zituzten: bi Katalunia Plazakoak, Liceukoa, Drassanaskoa, eta Paralelekoa. Hesi polizialaren barruan geratu ziren dendetan babestu zirenak, egoera baretu bitartean.

Testigantzak

Paseatzen zebiltzan Rambletan Josebe Iturrioz eta Irantzu Varela ekintzaile feministak, eta Santa Diabla dendan sartu berriak ziren erasoa gertatu zenean, zer edo zer erosteko asmoz. Han zeudela jendea korrika eta garrasika sumatu zuten, eta batzuk dendan sartu ziren. Pertsianak jaitsita egon ziren tarte batean, eta ireki eta kanpora begira jarri zirenean, ez ateratzeko agindu zieten. Hiru ordu pasatxo egin zituzten han, polizien sirenak eta helikopteroen burrunba entzuten zituzten bitartean. «Hasieran ez geunden urduri, baina orain, urduri jartzen ari gara», esan zion telefonoz Iturriozek BERRIAri, arratsaldeak aurrera egin zuenean. 20:00ak aldera mossoak dendetatik jendea ateratzen hasi ziren, eta denda utzi zutenean taxi baten bila abiatu ziren: «Ezinezkoa da taxi bat hartzea, lepo daude eta metroa itxita dago». Noraezean ibili ziren lagunak bila joan zitzaizkien arte. Bartzelonako hoteletako arduradunek gelak doan jarri zituzten Rambletan harrapatuta geratu zirenentzat, eta taxi gidariek ere doan egin zituzten bidaiak. Denek lagundu nahi zuten.

Atxilotuak

EIren aldarrikapenaren aurretik baieztatu zuen Mosso d'Esquadra Kataluniako Poliziak eraso terrorista izan zela, eta ikertzen ari zirela pertsona bakarra edo gehiago zeuden gertatutakoaren atzean. Larrialdi mailarik gorena jarri, eta Jaula operazioa jarri zuten abian, kontrolez inguratuz hiria. Kontrol horietako batean aurrera egin zuen gelditu gabe auto batek, eta hiru kilometrora, Sant Just Desvernen geldiarazi zuten. Han tiroketa bat egon zen, ustez, gidariaren eta polizien artean, eta hil egin zutela zabaldu zuten hedabideek, baina ez dute baieztatu atentatuan nahasirik dagoen.

Beste furgoneta bat ere antzeman zuten Vicen, Bartzelonatik 50 bat kilometrotara, ustez ekintzaileek alde egiteko baliatu behar zuten ibilgailua. Driss Oubakir izenari erantzuten zion gizona atxilotu zutela ere zabaldu zuten hedabideek Polizia iturriak aipatuz, baina La Vanguardia egunkariak baieztatu zuen, Oubakir komisaldegira joan zela bere dokumentuen lapurreta salatzera, eta jakinaraztera ez zela atxilotutakoa. Bere irudia komunikabideetan ikusi zuenean joan zen poliziei ohartaraztera.

Horiez gain, arratsalde osoan hedabideek kontatu zuten jatetxe batera sartu zela ekintzailea, eta gotortuta zegoela han zeudenak bahituta. Baina gerora ukatu egin zuten mossoek. Iturri ofizialek esandakoa da bi atxilotu daudela. Hortik aurrerako albiste guztiak ustez gertatutakoak dira.

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak