Pornografia, irakasle arriskutsua

Interneten zabalkundearekin, gero eta sarbide errazagoa daukate gaztetxoek pornografiara. Arrisku bat badu: errealitatea nahastea pornografiarekin. Adituak ados datoz gakoa non dagoen: heziketa landu behar da. Sexu heziketak ez ditu garai errazak, nolanahi ere.

Garikoitz Goikoetxea -

2015eko ekainak 10
Eskueran, gero eta hurbilago daukate gaztetxoek pornografia. «Zalantzarik ez dago. 8-9 urterekin sakelako telefonoa daukate. Nahiz eta ez bilatu, argazkiak eta bideoak iristen zaizkie. Errealitatea hori da». Aplikazioak badira gurasoek gaztetxoak kontrolatzeko. «Baina ez da nahikoa», ohartarazi du Gasteizko Emaize sexologia zentroko kide Ana Ramirez de Okarizek. Gaztetxoei heziketa eman behar zaiela uste du. «Tresnak». Sexu heziketak, ordea, ez du garairik onena. Ikastetxeetan ez du leku zehazturik. «Urteak daramatzagu horrela». Aurrera egin ezinean.

Aldaketa handia ekarri du Internetek sexualitatera, batik bat gazteen artean. Sare sozialetan gero eta erlazio gehiago josten dituzte, eta sexuak leku handia du horietan ere. Sexting kontzeptua da adibide: irudi eta bideo sexualak bidaltzen dituzte sakelakoaren edo ordenagailuaren bitartez. Joera berria da: AEB Ameriketako Estatu Batuetan, 12-18 urte arteko gaztetxoen %15ek adierazi dute sexting-a egiten dutela; Espainiako inkestetan, %1,5ek aitortu dute.

Mundu birtualean, atal bat bakarrik da pornografia. «Ez da ezer txarra pornoa ikustea. Txarra izango litzateke sinestea hori dela errealitatean egin behar dena», azaldu du Mikel Oribe sexologoak; Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolako kidea da. Hor dago gakoa, adituen ustez: gazteek ohartu behar dute eduki pornografikoetan ikusten dutena eta benetako sexu harremanak ez direla gauza bera. Alderaketa egin du Ramirez de Okarizek: «Gaztetxoek badakite Star Wars ez dela errealitatea, ezta? Pornografiarekin gauza berbera egin behar da».

Esperientziarik gabe

Ez da erraza, baina. Gaztetxotan sartzen dira mundu birtualera, eta pornografiarekin topo egiteko aukera dute. «Oraindik ez daukate bizipenik. Bat-batean jasotzen dituzten irudiak ezin dituzte konparatu ezerekin», dio Emaizeko kideak. Sexu harremanetan hastean, hori dute batzuek etsenplu, Oriberen arabera: «Nerabe batzuek pornoan dituzte idealak; uste dute han ikusten dutena egin behar dutela. Baina hori ez da pornoa txarra delako, baizik eta fikzioa delako. Praktikotasunari begira ari gara, ez moral aldetik».

Pornografia eredu. Baina nolako pornografia? «Gorputzaren tamaina dago batetik: titiak, zakil oso handiak... Pornografian agertzen diren gorputzak ez dira errealitatean ohikoenak. Bestetik, harreman motak; dauzkagun erlazio erotikoak ez dira pornografian bezalakoak». Frustrazioa eragin dezake horrek, Ramirez de Okarizen esanetan: bai gorputz ereduagatik, bai sexu praktikengatik.

Egia da beste pornografia eredu batzuk ari direla tokia egiten. Hori nabarmendu du Sortzen aholkularitzako psikologo Susana Manzanedok: «Pornografia tradizionala heteropatriarkatuan oinarritua dago, baina tradizionala ez den pornografia geroz eta ugariagoa da». LGTB sexualitatea lantzen dutenak eta emakume produktoreen lanak aipatu ditu.

Sexu heziketaren pisua

Ez da joera berria gazteek pornografiara jotzea, halere. «Gaztetxoek galderei erantzun nahi diete, eta bilatu egiten dute. Denok egin dugu. Gure garaian, aldizkariak pasatzen genizkion elkarri eskolan». Javier Gomez Zapiain EHUko psikologia irakasleak uste du «kuriositatea asetzeko» balio duela pornografiak, errealitatearekin nahasten ez bada—«mito eta falazia asko sortzen da»—. Manzanedok ere uste du ez dela joera berria gazteek pornografiara jotzea. Kopuruan ikusten du aldea: «Inoiz izan duten katalogo handiena eskaintzen die Internetek». Horregatik, eta onarturik jokaera ez dela berria, helburu bat hartu beharko litzatekeela uste du: pornografia ez izatea gazteek sexualitatera hurbiltzeko duten bide bakarra. «Kontsumo kritikoa egitea bilatu behar dugu». Heziketa da giltzarria. Gomez Zapiain: «Pornografia alboko gauza gisakoa da. Gakoa da sexu heziketa nola planteatzen den. Hori da arazoa».

Eskoletan sexu heziketa eman behar dela dio legeak, baina galdera asko daude airean: nork eta nola eman behar duen, zer gaitegi duen, zenbat denbora jarri behar den horretarako... Espainiako Gobernuak atzera ere egin du, LOMCE erreformaren bidez. Herritartasunerako Hezkuntza ikasgaian zegoen sexu heziketaren gaia, eta kendu egin du ikasgaia. Sexu heziketaren inguruko aipamen gehiago ere ezabatu ditu.

Madrilek soilik ez. Euskal Herriko erakundeen edukietan ere urri dira sexu heziketaren aipamenak. Nafarroako Gobernuak, adibidez, ez du aipatu ere egin sexualitatea Lehen Hezkuntzako gaien artean. DBHn badira erreferentzia batzuk, orokorrak: «sexualitatearen giza ikuspegia» eta horrelakoak. Eusko Jaurlaritzak toki gehixeago egin dio Heziberri planeko dekretu zirriborroetan; Lehen Hezkuntzan, esaterako, «gorputza eta sexu identitatea onartzea» aipatu du gaien artean.

Curriculumean leku txikia izateak ondorio argia du: «Zentroen, irakasleen eta gurasoen arabera geratzen da. Inork ez daki zer egin behar den; legeak ez du zehazten», azaldu du Ramirez de Okarizek. Horrek ahalbidetzen du eskola batzuek ezikusiarena egitea, Gomez Zapiainen ustez: «Derrigorrezkoa izan beharko luke sexu heziketak. Sexualitatearekin lotutako oinarrizko gaiak badaude curriculumeko edukietan, baina zentro askok paso egiten dute, jarrera kontu hutsagatik. Hori berrikusi beharko luke gobernuak». Adibide bat jarri du Manzanedok: «Askotan, lau-sei orduko tailer bat jasotzen dute nerabezaro osoan, eta ez da nahikoa. Informazio apur bat jasotzen dute, baina sakonkiago landu behar litzateke».

Isiltasunaren zurrunbiloan

Eskola, azkenean, gizartearen ispilu baino ez da, nolanahi ere. Hor dago benetako hutsunea. «Pornografia errealitatearekin nahasteko arriskua badago, noski. Baina hori saihesteko heziketa behar da. Eta hemen gizarteak beste aldera begiratzen du. Gauza horiei buruz hitz egin egin behar da. Eta inork ez du hori egin nahi». Esperientziaz mintzo da EHUko irakaslea, eta etsipenez ere bai. Eusko Jaurlaritzak sexu heziketaren arloan egin dituen programetan parte hartu du, eta ez du sumatu aldaketa handirik: «1996an hasi ginen aurreko programarekin. 2011n egin genuen oraingoa: mahai berak, teknikari berak —ilea urdinduago—, gauza berak proposatzen. Zurrunbilo baten erakoa da: ez dugu aurrera egiten».

Ikuspegian dago hutsuneetako bat, adituen ustez. Zenbateko tokia ematen zaion sexu heziketari eta zer hartzen den sexu heziketatzat. «Balio heziketa da: gauza onak goratzea, sexualitate egokia bultzatzea... Ez gaixotasunetan begia jartzea. Sexualitatea positiboa da», nabarmendu du Oribek. «Emozioak kudeatzea, gorputza ezagutzea eta maitatzea... Hori jorratu behar da. Ez jarri begia beti gauza negatiboetan. Hori ez da heziketa. Hori prebentzioa da».

Askotan, ordea, eskutik hartuta joaten dira biak. Ez dago eskolako edukiak begiratu besterik. Sexualitateari buruzko gaietan, prebentzioaren ikuspegia da nagusia: gaixotasunak, sexu osasuna, higienea, antikontzeptiboak... «Ohitura izan da edonork sexu heziketa ematea; medikuek, adibidez. Eta denbora guztian honela: 'Ipini kondoia', 'Kontuz hiesarekin'...». Kexu azaldu da Oribe.

Informazioa, baina ez aski

Eredua aldatzeko garaia dela dio Ramirez de Okarizek ere: «Gaztetxo guztiek dakite kondoia nola jarri. Behin baino gehiagotan joan da norbait eskolara, edo gurasoek ere azaldu diete. Badakite. Baina zergatik ez dute jartzen gero? Ziur aski, autoestimuarekin dago lotua». Informazio falta ez da arazo gaur egun, Gomez Zapiainen esanetan: «Nola da posible nerabeek arriskuak hartzea dagoen informazio guztiarekin? Alde guztietatik daukate informazioa. Baina zergatik arriskatzen dira? Informazioa ez dagoelako legitimatua». Sendien rolaz ohartarazi du.

Sexualitateari buruz hitz egiteko ohiturarik ez dago etxeetan, ordea. «Hitz egitea da bidea, baina ez dago ohiturarik. Gurasoak ez daude ohituta, eta soluzio zaila ikusten diot», adierazi du Oribek. Gizartean, gai pribatua da sexua. Tabua ia. Zer esanik ez gaztetxoena. Gomez Zapiain: «XXI. mendean gaude, baina gaztetxoen sexualitateak klandestinoa izaten segitzen du, nahiz eta denek dakiten sexu harremanak dituztela». Ez dira begi onez ikusten: arduragabetzat jotzen dituzte —«ematen du denak denekin oheratzen direla hasieratik»—, eta arriskutsutzat. Karga horrek berak areagotu egiten du isiltasuna, Manzanedoren arabera: «Sexualitatea negatibotasunetik lantzen badugu, gazteek ezin izango dute ulertu txarra ez den eta ezkutuan bizi behar ez den errealitate bat dela».

Nola jokatu

Baina Interneten sarbidearekin are jasanezinago bihurtu da isiltasun hori. Semearekin izan duen pasadizo bat kontatu du Ramirez de Okarizek. Umeentzako jolas batean zebiltzan sarean. «Beste jokalarien emaitzak agertzen dira pantailan. Eta batzuek sekulako zakilak eta titiak zituzten euren soslaian jarriak». Horrelakoetan, gaiaz hitz egitearen aldeko da. «Batez ere esateko ez duela zerikusi handirik errealitatearekin».

Adibide bera da pornografiarena: zer egin behar dute gurasoek seme-alabek joera badute horrelako edukiak ikusteko? Debekatzea da aukera bat. Ohikoa da. «Debekatu egiten diete, eta zigortu, batez ere txikiak direnean. Baina ez da egokia, ezkutuan egitea bultzatuko baitute», dio Oribek. Are, Manzanedoren ustez, galarazita, gogoa handituko litzaieke gaztetxoei: «Erantzuna ez litzateke hori izan beharko, orduan debekatutakoarekiko erakargarritasuna handitzen baita».

Nola erantzun, badago kezka. Internetek-eta ekarritako aldaketetara egokitu nahian ari dira sexologia zentroak. Ez da erraza. Aitortu du Oribek: «Askotan, gu baino aurrerago doaz gaztetxoak». Gurasoekin ere lan egiten dute —Emaizek, adibidez, UEUn ikastaro bat emango du uztailean—. Ramirez de Okariz: «Askotan galdetzen dute nola kontrolatu semea edo alaba. Ez. Aurkakoa: ez dituzte kontrolatu behar. Tresnak eman behar dizkiete, eurek kontrola dezaten egiten dutena». Pornografiarako sarbidea zenbatekoa den ikusita, erabiltzen hasi beharko litzatekeela ere adierazi du: «Heziketa tresna gisa erabiltzeaz pentsatu beharko genuke. Ez da erraza eskoletan, baina aukera handiagoa dugu familietan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna