Eskaintza EAJ eta Ahal Dugu-ri

Elkarrizketa eskaini die EH Bilduk bi taldeei, eta eragile sindikalei eta sozialei: arlo soziala, burujabetza eta bakea lirateke aztergai. Madrilek markoa aldatzeari uko eginez gero, aldebakarrez segitu nahi du
Arnaldo Otegi, hizlari, atzo, EH Bilduren proposamena aurkezten, zerrendakideak atzean dituela.
Arnaldo Otegi, hizlari, atzo, EH Bilduren proposamena aurkezten, zerrendakideak atzean dituela. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Garikoitz Goikoetxea -

2016ko abuztuak 28
Hautagaitzari buruzko ika-mikak bazter utzi, eta eskaintza politikoa mahai gainean jarri du EH Bilduk, Eusko Legebiltzarrerako bozen atarian. Elkarrizketa hastea proposatu die erabakitzeko eskubidearen aldeko eragileei: alderdiei dagokienez, EAJ eta Ahal Dugu aipatu ditu, eta, horiekin batera, gehiengo sindikala eta gizarte eragileak. Arnaldo Otegi lehendakarigaiak adierazi du akordioen beharrarekin bat datorrela gehiengoa, eta horretan lan egin behar dela. Hiru arlo aipatu ditu: esparru soziala, burujabetza eta bakea. Horietan adostasuna eginez gero horren isla «erakundeetara eta parlamentuetara» eramateko prest agertu da koalizioa.

Alderdiko hautetsi eta jarraitzaileekin mintegi bat egin zuen atzo EH Bilduk Donostian, eta ondoren egin zuen elkarrizketarako proposamena Otegik. Bozetarako hilabete eskas falta dela, zerrendan kide izango dituenak alboan izan zituen lehendakarigaiak; tartean ziren Jasone Agirre eta Miren Larrion, Bizkaiko eta Arabako zerrendaburuak ?Gipuzkoako zerrendaburu aurkeztu da Otegi?.

Hautagaitzari buruzko polemika izan da hizpide aurreko egunetan, baina izkin egin dio gai horri Otegik. «Batzuek diote horretaz hitz egitea komeni zaigula guri. Guk, ordea, proposamenak eztabaidatu nahi ditugu». Bihar izango du hurrengo kapitulua inhabilitazioaren auziak, Gipuzkoako Hauteskunde Batzordea biltzekoa baita EH Bilduren alegazioak aztertzeko. Gaiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalean bukatuko duela uste izatekoa da, hala ere.

Hain justu, Espainiari begira jarri da Otegi proposamena egitean. Estatuaren panoramari erreparatu dio, «egonkortasunik ezari». Horren jatorria «1978ko erregimenean» ikusten du. «Orain lehertu egin da». Espainian ez ezik, Euskal Herrian ere badu eragina horrek, Otegik ohartarazi duenez.

Hori gainditzeko proposamena dela azaldu du. «Herri partekatu, aske, subirano eta parekideagoa eraikitzeko, ezberdinen arteko itunarekin». Honatx hiru arloak:

ARLO SOZIALA

Eskubideak bermatzea

«Kapitalismo basatiak» herritarrak gogor jo dituela salatu du EH Bilduren hautagaiak, eta pertsonak jarri behar direla erdigunean. «Asko marjinazio sozialean daude, eta beste asko, zorian». Babesa behar dutela aldarrikatu du: «Ezin da jendea bazterrean utzi. Eskubideak bermatu behar dira». Genero berdintasuna eta ingurumena ere sartu ditu atal horretan.

BURUJABETZA

Ezezkoaren ondoren, zer?

Bide hori «azeleratu» egin behar dela nabarmendu du Otegik, eta «galdutzat» jo ditu azken bi agintaldiak, Lopez eta Urkullu lehendakari izan direnekoak. Berretsi du ezinezko ikusten duela Espainia «demokratizatzea», baina proba egitea proposatu die EAJri eta Ahal Dugu-ri: EAEko eta Nafarroako markoa aldatzen saiatzea, erabakitzeko eskubidea aitortua izan dezaten. EH Bilduren iritziz, horri ezezkoa emango lioke Madrilek ?Ibarretxe plana aipatu du Otegik?. Hori espero izanik, aurretik «erantzuna» adostea nahitaezkoa dela ohartarazi du. Koalizioaren proposamena da Madrilek ezezkoa emango balio ere bidearekin aurrera segitzea; alegia, «gure herriari jarraitzea».

Burujabetzaren arloak, gainera, lotura dauka gizarte gaiekin, Otegik azaldu duenez. Beste era bateko politikak martxan jartzeko bidea litzatekeela adierazi du. «Gauzak hemen erabakitzen direnean, hobeto funtzionatzen dute». Nabarmendu du Eusko Legebiltzarra erabakitzeko eskubidearen aldekoa eta ezkerrekoa izango dela hurrengo legealdian.

BAKEA

«Bake osoa» lortzea xede

Oraindik «bake osoa» lortzeko dagoela dio Otegik; presoak aipatu ditu. Kolonbia zoriondu du, asteon eginiko ituna dela eta. Euskal Herrian ere bide horretan jarraituko dutela ziurtatu du, «nahiz eta estatuak hori oztopatu nahi izan». Horretarako konpromisoa berretsi du: «Bukaerarako iritsiko da, gure herriari emandako hitza bete egiten baitugu guk».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna