Albistea entzun

Iparraldeko atea, ixteko gertu

Inoizko datu eskasenak izan ditu Gasteizko zezen plazak. Egungo baldintzekin, enpresak ez du kontratua berrituko. Urteetako lanaren fruitua da, zezenketen aurkako taldeen ustez

Jon Rejado -

2016ko abuztuak 28 - Gasteiz

Iparraldeko atea. Hala izendatu zuten Gasteizko zezen plaza duela zenbait hamarkada. Erreferentziazko lekua zen orduan. Bertan gertatzen zenak eragina izaten zuen beste leku batzuetako zezenketetan. Gasteizen egindakoak beste zezen plaza batzuetarako ateak irekitzen edo ixten zizkien toreatzaileei; Donostiarako eta Bilborako, esate baterako. Ordutik, ordea, errotik aldatu da egoera. Are gehiago, Gasteizko zezen plaza beste modu batean bihur daiteke erreferente aurki: aldaketarik ez badago, datorren urtean ez dute zezenketarik egingo.

Coso de Badajoz enpresak, Iradier Arena Gasteizko zezen plazaren sustatzaileak, uko egingo dio kontratua berritzeari. Hori jakinarazi du, behintzat, 2016ko Gasteizko jaien balorazioa egitean. 2017ko festen aurretik amaituko zaio kontratua. Bi urtez luzatzeko aukera dute enpresak eta udalak, baina ezezkoan dago enpresa. «Baldintza logiko eta zentzuzkoak jartzen badituzte, egoerara egokituta, ikusiko dugu; egungo formatuarekin, ez dago zer egiterik», esan du Jose Cutiñok, Coso de Badajoz enpresako buruak.

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea argia izan da: udalak ez du «euro bakar bat ere» jarriko zezenketei eusteko. «Horrek ez du esan nahi ezin direnik zezenketak egin, baina oso jende gutxi joaten da, eta ez dira errentagarriak». Cutiñok dio administrazioaren laguntza diruaz harago doala; babesleak lortzeko eta zezenketen sustapenean laguntzeko eskatu dio udalari.

Nolanahi ere, kontratuen baldintzetatik harago, funtsezko datu bat dago Gasteizko zezen plazaren egoeraren atzean: behera egin du zezenketen inguruko interesak. Argigarriak dira aurtengo datuak: batez beste, egunean 2.052 pertsona joan dira zezenketetara; eserlekuen laurden bat inguru bete da, beraz. Bigantxek izan dituzte sarrera onenak: egunean 2.286 pertsona erakarri dituzte. Aparteko aipamena merezi du Blusa eta Nesken Egunean gertatutakoak. 350 pertsona izan ziren zezen plazan, blusa eta neskek uko egin baitzioten barrura sartzeari, protesta moduan. Izan ere, Coso de Badajoz enpresak blusen irudia erabili du zezenketak sustatzeko, baimenik gabe.

Urte askoren ondorioa

Kepa Tamames ATEA elkarte animalistako kideak uste du urteetako lana dagoela ikusleen gainbeheraren atzean; hots, zezenketen aurkako elkarteen lanak eman dituela fruituak. Nabarmendu du Gasteizen aitzindari izan zela zezenketen aurkako mugimenduan. «Gasteizen ez da zaletasuna belaunaldiz belaunaldi igaro; inor ez da arriskatuko Jose Tomas ekartzera».

Aurten, Donostiako Aste Nagusiko zezenketek ikusle asko izan dituzte. Hiru egunetan sarrera guztiak saldu zituzten, eta beste batean, zezen plazaren hiru laurdenak bete zituzten. Bilboko orain arteko datuek interes falta nabaria uzten dute agerian: ez dira eserlekuen erdiak ere bete.

Ikusle datuen gainbehera ez da berria Gasteizen. 2015ean, Javier Marotoren agintaldiaren azken txanpan, Coso de Badajoz enpresa bakarrik aurkeztu zen zezen plaza kudeatzeko eskaintza publikora. «Ez gatoz Gasteizera diru irabaziak lortzeko; hori argi dago», zehaztu zuen orduan Cutiñok. Iradier Arenaren egoera «kritikotzat» jo zuen. «Ekarpen txiki bat» egiteko aurkeztu zirela esan zuen. «Oso une delikatuan laguntzeko». Bi urteren buruan, ordea, plazaren egoera «kritikoak» okerrera egin du.

Zaletasun faltari gehitu behar zaio Gasteizko zezen plaza zalaparta iturri izan dela azken urteetan. 2010 eta 2011 bitartean, Gasteizko Udalak berak hartu zuen kudeaketaren ardura, eta milioi bat euroren zuloa eragin zuen. Gerora heldu zen enpresak ere ez zuen kontratua amaitu.

Galdeketari begira

Udalak argitu egin beharko du zer jarrera daukan enpresak egindako eskaerarekin. Argi hitz egin du PSE-EEk, EAJren gobernuko bazkideak. Pello Lopez de Munain alkateordeak iradoki zuen 2016a izango dela Gasteizko jaietan zezenketak egiten dituzten azken urtea. Ekinbide politikoagatik bainoago, herri galdeketak egiteko araudi berriari egin zion erreferentzia Lopez de Munainek. Egun gutxi barru argitaratuko da testua Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean, eta, ordutik aurrera, nahi duenak aukera izango du galdeketa egiteko, baldintzak betez gero.

Tamamesek nabarmendu du ATEAk ez dituela galdeketa baterako sinadurak bilduko. Ardurak saihestu nahi izatea egotzi die alderdi politikoei: «Kopeta behar da, gero, eremu publikoa kudeatzeko aukeratutakoek halako fardela herritarren esku uzteko!». Nabarmendu du gaiak ez duela galdeketarik onartzen. «Ezin da animalien osotasun fisikorako eskubideari buruz galdetu; gaiaren garrantzia apaltzea litzateke».

Datorren urtean zezenketarik ez egoteko aukeraren inguruan «baikorra» da Tamames, «baina zentzuz». Halaber, nabarmendu du plaza ixteko arrazoia zaletasun falta dela. Nahiago lukeen bidea ez bada ere, ontzat jo du hori. Hots, Iparraldeko atea ixtea, irekitzeko asmorik ez dagoelako.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Batzen egitasmoaren aurkezpena egin zuten atzo Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Babes sareko gazteak laneratzeko akuilu

Jone Bastida Alzuru

Batzen gazteak laneratzeko harrera sistema sortu dute. 500 lagunetik gora daude Gipuzkoako Foru Aldundiko babes eta inklusio sarean, eta horien sarbide soziolaborala du helburu

Bilbon pobreziaren kontra egindako manifestazioa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Pobrezia desagerrarazteko «borondate politikoa» galdegin dute kalean

Juanma Gallego

Pobrezia energetikoan jarri dute arreta berezia, argindarraren prezioen igoeraren harira. Diru sarrerak bermatzeko sistema hobea eskatu dute

Natalia Balyuken hilketa salatzeko elkarretaratzea, 2018an, Uharten. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Uharten andre bat hil zuen gizonari 11 urteko zigorra jarri diote

Ion Orzaiz

Akordioa lotu dute fiskaltzak, defentsak eta herri akusazioak, eta bertan behera gelditu da datorren astean egitekoa zen epaiketa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon Rejado

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna