Albistea entzun

Jakintzaren katedraleko ateak

'Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak' ikastaroa egin du UEU Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren. Urteotan indartzen ari den alorra dela ondorioztatu dute
EHUko Kimikako graduko irakasle Maxux Aranzaberen argibideei adi ikasleak, astelehenean.
EHUko Kimikako graduko irakasle Maxux Aranzaberen argibideei adi ikasleak, astelehenean. JUANAN RUIZ / ARP Tamaina handiagoan ikusi

Arantxa Iraola -

2016ko uztailak 17 - Eibar

«Katedrala zer den? Nik deitu nion zientzia kulturan jantzia den gizarte bati, jarrera kritikoa duena, beti frogak eskatzen dituena». Josu Lopez-Gazpio kimikariak era horretan adierazi du zer azaldu nahi izan zuen astelehenean Eibarren (Gipuzkoa), UEU Udako Euskal Unibertsitatearen ikastaroen barruan eman zuen Katedrala eraikitzen hitzaldian. Zientziaren dibulgazioa: aukerak, baliabideak eta erronkak izeneko ikastaroaren hasierako mintzaldia izan zen, zientzia dibulgazioari buruz jarduteko bi eguneko egitarau oso baten atarikoa. Koldo Garcia Etxebarria biologoarekin batera zuzendu zuen ikastaroa, eta emaitzarekin, oro har, oso pozik daudela onartu du. Solasaldietan usu azaldu zen loraldia hitza, zientziaren dibulgazioaren inguruan euskaraz ere azken urteotan urrats agerikoak egin direla azaldu zuten hainbat hizlarik, eta ikastaroa nahi lukete lore berriak jaiotzeko, daudenak umotzeko. «Katedral hori eraikitzeko ale txikiak jartzen ari gara».

EHUren Kultura Zientifikoaren katedraren abaroan eginiko urratsak jo zituzten, besteak beste, izan den loraldiaren adibidetzat. Ikastaroaren bi sustatzaileez aparte, hizlari ugari aritu ziren ikastaroan, soslai askotakoak. Goi dibulgazioan ari diren ikertzaileak izan ziren, dibulgazioa sustatzeko jardunbideetan ari diren unibertsitateko arduradunak, eta zientziaren arloko gaietan espezializatuko komunikatzaileak; jatorriz zientzialari trebakuntza jasotakoak batzuk, eta kazetari ofiziotik zientziarekin lotutako gaietara lotutakoak besteak. Agerian utzi zuten euskarazko goi dibulgazioan urratsak egin badira ere badagoela oraindik bide aski luzea egiteko. «Ekaia aldizkariko zuzendaria etorri zen [Asier Vallejok eskaini zuen hitzaldi bat]», azaldu du Lopez-Gazpiok. «Maila horretako aldizkari bakanetarikoa da». Dagoena ikusteko egunak izan ziren, eta zer falta den.

Elkar ulertu beharrean

Aski presente egon zen beste gai bat izan zen zientzialarien eta zientziaren komunikazioan ari direnen arteko harremanak irmotu beharra. «Hor arazo bat daukagu jatorriz; zientzialariei, zientzia ikasleei, ez zaie ezer irakasten zientzia komunikatzeko erari buruz; bestalde, kazetariei ez zaie irakasten zientzia zer den, haren balioak zein diren». Eta hortxe sortzen dira sarri talkak, gaitzulertzez jositakoak. Amaia Portugal eta Juanma Gallego kazetariak mintzatu ziren, besteak beste, harreman zail horiek gozatu beharraz. Elhuyar aldizkariko Ana Galarraga ere bai.

Gogoeta arras interesgarriak plazaratu zirela onartu du Lopez-Gazpiok. Zubigintza sendotzearen aldeko deiak izan ziren guztiak: «Alor bakoitzak bere gabeziak ditu, baina askotan osagarriak dira, eta ondo ulertzen bagara, gauza interesgarriak egin daitezke». Jatorriz alor bietan trebakuntza hobetzea, ordea, ezinbestekoa dela pentsatzen du. EHUko Kimika graduko irakasle Maxux Aranzabek, esaterako, argibideak eman zituen zientzia arloko komunikazioari buruz ematen dituen eskolez. Baina tankera horretako ikasketak ez daude orokortuta, eta halako prestakuntzarik ez dute izaten gehienetan zientzialari gazteek.

Lopez-Gazpio eta Garcia Etxebarria, biak dira zientzialari, eta biak, halaber, dibulgatzaile. Alde bietako abantailak eta ajeak ikusten dituzte talaia horretatik, eta horrexek bultzatu ditu, hein handi batean, ikastaroa antolatzera. Eta ikerkuntzaren arloan oraindik itaun bat sarriegi entzuten dela onartu du Lopez-Gazpiok: «Dibulgatu behar da, ala ez?». Zientzialariek, zio etikoak aintzat hartuta, beren jardunaren berri emateko «obligazioa» dutela onartuta dagoen arren, hori egiteko modua eztabaida iturri dela adierazi du. Hortik unibertsitate arloan jardunbideak jasotzen duen babes urria. «Dibulgazioa oso-oso gutxi dago baloratuta», onartu du. «Ikusten da askotan denbora galtze gisa».

Ikastaroak argi utzi zuen, ordea, egoera hobetzeko gogoa badela, eta saio ugari daudela abian. Hitz xumez —«ez dugu elitistak izan behar»— eta egokiz katedralerako sarbideak handitzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Irisarriko eskolako gurasoen protesta, ekaina erditsuan ©Guillaume Fauveau

Euskarazko orduak emendatuko dituzte Irisarri, Barkoxe eta Larraineko eskoletan

Ekhi Erremundegi Beloki

Gurasoen mobilizazioen ondotik, hiru eskoletako proiektuak onartu ditu Frantziako Hezkuntza administrazioak

Zentro Sozialista hustu duteneko irudi bat, gaur. ©Gedar

Legutioko Zentro Sozialista hustera joan da Ertzaintza, eta bi lagun atxilotu ditu

Berria

Istiluak izan dira. Mugimenduko Sozialistako kideen esanetan, «hogei pertsona inguru» zauritu dituzte agenteek. Bi lagun atxilotu dituzte.

lGTBI komunitatearen harrotasun egunaren harira antolatutako manifestazioa, iaz, Iruñean ©Iñigo Uriz / Foku

LGTBI komunitatearen harrotasun egunarekin bat egin dute EAJk, EH Bilduk eta Ahal Duguk

Irati Urdalleta Lete

Zenbait eragilek manifestazioak antolatu dituzte gaur arratsalderako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Eraso homofoboen aurkako manifestazio bat, Bilbon. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Genero autodeterminazioa ardatz duen lege proiektua onartu du Madrilek

Edurne Begiristain

Espainiako Ministroen Kontseiluak trans legea onetsi du. 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...