Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

DARWIN ETA GU

'Paletos', 'boronos' eta mozzarella

Jose Mari Pastor -

2017ko martxoak 11

Zein da edonongo herritarrek elkar agurtzeko gehien erabiltzen duten hitza, beraien jatorrizko hizkuntzetako diosalez gain? Ciao. Italierazko berba mundu osoko lurretako biztanleen ahoetan entzuten da egun. Duela urte batzuk eginiko ikerketa batean azaldu zen datua, italiarrek euren burua saltzeko dituzten gaitasunaren eta abileziaren seinale.

Artean datu horren berririk ez nuela esan ohi nuen, txantxetan, herri bat ezin zela kosmopolita izan bertako supermerkatuetako hozkailu eta apaletan mozzarella gaztarik ez bazegoen. Bai, ni ere italiarren eraginak kutsatuta nengoen. Noiz hasi zen saltzen mozzarella Espainiako herri eta hirietan? Euskal Herrian baino beranduago izan zela esango nuke. Burgosko dendetan Manchego, Cabrales, Cerrato eta halakoak besterik ez zegoen garaietan mozzarella salgai genuen Baionan.

Euskal Telebistan hedatutako Euskalduna naiz, eta zu? programako parte hartzaileek hainbat iritzi plazaratu dituzte espainiarrei buruz. Ekaitz mediatikoa etorri da. Paleto hitza ez da lorea baina, tira, nor ez da noizbait paleto sentitu? Zenbat aldiz deitu digute euskaldunoi ezjakinak, astoak, itxiak? Onetsi duten euskaldun onargarriaren eredu bakarra hauxe izan da: erdararen kulturan murgildu eta hura landu duena. Gipuzkoako herri txiki bateko lagun batek esan dit: «Eta guri noiz eskatuko digute barkatzeko urteetan jasandako barre eta burlengatik? Eskolan, epaitegian, medikuarenean, edonon barre». Zapalkuntza bikoitza izan da: batetik, administrazioak kanpotik ia kolono moduan bidalitako funtzionarioak ez zekien euskaraz. Hable usted en cristiano. Bestetik, euskalduna erdaraz egitera behartu eta, gainera, adarra jo hizkuntza arrotza behar bezala ez menperatzeagatik. Euskalduna erdararen eremu linguistikora arrastaka eraman eta, gero, makurrarazi, umiliatu. Larriena hauxe da, baina: jokaera hori ez dela okupazio kulturalaren armadako kideen monopolioa izan. Euskal herritar askok, batez ere erdaldunek, bat egin dute horrekin. Are gehiago: euskaldun batzuk ere tranpa horretan erori dira, zapaltzaile linguistikoarekin bat egiteko. Eta euskaraz egiten segitu duenari artaburu edo borono deitu diote. Nork eskatu die orduko zahar eta gazte horiei barkatzeko? Noiz, herri oso bati mendeetan egindako burla, min eta kalte itzelengatik? Nork lotsarazi du euskalduna bere hizkuntzaz, kulturaz eta munduari buruzko ikuskera propioaz? Hori ez da, ba, mespretxua eta arrazakeria?

Euskaldunok eta espainiarrak parez pare jartzeak paleto deitzeak baino gehiago mindu ditu Espainiako herritar ugari. Andaluziar, gaztelar edo murtziarrei buruzkoak izan balira emanaldian entzundako berbak, mindu egingo ziratekeen. Hala ere, 1978an diseinatutako asmakari autonomikoaren barruko ika-mika izango zatekeen dena. Euskaldunok eta espainiarrak parekatzeak euren eskema lehertzen du. Eta sumindu egiten ditu. Horri kontra egiteko betikoa esaten dute: «Zuen agiriei begiratu. Espainiarrak zarete, eta espainiarrak izaten segituko duzue. Izorra zaitezte».

Kartzelako giltza du zaindariak; ez, ordea, gatibuaren gogoa. Badakite eremu emozionalean ez dutela deus lortuko, espainiarrak izatearen sentimenduarekin identifikatzen ez garelako. Distantzia emozional hori lortu dugu. Horrexek amorrarazten ditu. Berdin-berdin sentitzen dugu Huelvan, Grenoblen edo Erroman ezbehar larri baten ondorioz hildako biktimengatik. Hurbiltasun humanoagatik da, ez hurbiltasun geografiko edo emozionalagatik. Huelvakoengatik sufritzen dugu, baina ez espainiarrak direlako, gizakiak direlako baizik. Grenoble edo Erromako biktimak bezalakoak. Gure sentimenduen ikusmenean Grenoble edo Erroma bezain urrun edo hurbil dago Huelva. Ez zentimetro bat gehiago, ez gutxiago. Gure gutizien dastamenean mozzarella bezain arrotz eta goxoak dira Cabrales eta Manchego gaztak. Haien ahoak hauxe esaten digu: «Inoiz ez zarete gugandik bereiziko». Gure bihotzak hauxe erantzuten die: «Ciao, ciao, Espainia».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Gotzone Sagardui.</b> Osasun sailburua, atzo, Gobernu Kontseiluaren ostean egin zuten agerraldian. ©J. FONTANEDA / FOKU

Datu «txarrak» direla eta, osasun larrialdia ezarriko du berriz Jaurlaritzak

Berria

Espainiako Auzitegi Gorenak onetsi egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan osasun ziurtagiria erabiltzea. Ziurtagiria datuak apaltzeko «tresnetako» bat izango dela dio Urkulluk A. Iraola - J. Ordoñez- J. Senar
Garbiñe Ubeda, Paula Kasares eta Kike Amonarriz, atzo, Andoainen, Martin Ugalde foroan. ©JON URBE / FOKU

Hitzekin batera, haien balioa

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Gurasoen hizkuntza jarreren garrantziaz aritu dira Kasares eta Amonarriz Martin Ugalde foroan
Emakume bat Soweton, Johhanesburgon, atzo. Omikron aldaeraren kasuak agertzen hasiak dira mundu osoan. ©K. L. / EFE

EMAk iragarri du hiru hilabete beharko direla aldaera berrirako txertoak onesteko

Arantxa Elizegi Egilegor

Austriak datorren astean aurkeztuko du nahitaezko txertaketa ezartzeko lege proposamena. Baliteke Alemaniak ere bide beretik jotzea

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.