Hekimenek begirunea eskatu du

Euskarazko hedabide ez-publikoen sektoreak lankidetzarako eskaintza egin dio Jaurlaritzari
Iban Arantzabal, Alberto Barandiaran eta Iban Arregi, legebiltzarreko agerraldiaren aurretik.
Iban Arantzabal, Alberto Barandiaran eta Iban Arregi, legebiltzarreko agerraldiaren aurretik. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS

Jon Rejado -

2014ko azaroak 25

Euskarazko hedabideen egoera eskasa dela azaldu du Hekimenek, herri ekimeneko euskarazko hedabideak biltzen dituen elkarteak. Horri aurre egiteko, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio «errespetatzeko eta onartzeko» sektoreak orain arte egin duena, sortutako egitura, hedabideek ekoizten dutena, eta hori egiteko modua ere iradoki du: babesa ematea.

Hekimenek euskarazko hedabideentzako diru laguntzen deialdiari buruz hitz egin zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, Kultura eta Euskara Batzordean, EH Bilduk eskatuta. Laguntza deialdiak sektorean «nahasmena» eragin duela azaldu zuen Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak. Nahasmendua bi aldaketen bitartez heldu dela gaineratu zuen: dirua banatzeko, hedabideen multzoak aldatu dituzte, baita irizpideak ere.

«Administrazioarena da irizpideak ezartzeko ardura eta eskumena, baina, gure ikuspuntutik, tamainako aldaketak bestelako lanketa bat behar zuen», adierazi du Barandiaranek. Hain zuzen ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sektoreari asmoak «iragarri» bazizkion ere, ez zituen aldaketa horiek eztabaidatu.

Multzokatze aldaketak egitean, eguneroko informazioa lantzen duten hedabideak bateratu ditu Jaurlaritzak: nazionalak eta tokikoak. Aldaketaren ondorioz, egunkari nazionalentzako diru laguntza urritu egin da. EAJko legebiltzarkide Garbiñe Mendizabalek esan du horri esker tokiko hedabide askoren laguntza handitu dela, baina Barandiaranek hedabide guztien garrantzia nabarmendu du: «Bakoitzak du bere lekua; nazionalak eta tokikoak, biak dira zaindu eta sustatu beharrekoak».

Hekimeneko zuzendariak gaineratu du gaiaren muina ez dela diru banaketa nola egin, hedabideen sarea babestea baizik. «Banaketa batek azpisektore bati kalte egiten badio, kasu honetan prentsa nazionalari, sektorea bera ahultzen du». Barandiaranek proposatu du eztabaida beste maila batean kokatzea: «Goazen ikustera nola babesten dugun gaur egun osatu dena».

Irismena helburu

Barandiaranek gaineratu du konpartitzen dutela Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak lehenetsitako irizpidea, irismena; zehaztu du hedabide guztien helburua dela beren eragin eremuan ahalik eta hartzaile potentzial gehienengana heltzea. «Baldintza berberen aurrean pertsona gehiagorengana heltzen den hedabideak zerbait ondo egin du». Irizpide gisa ere, abiapuntu bainoago helburu izan beharko luke irismenak, haren ustez: «Gogoeta sakona behar du horrek, ponderazio zehatzak eta arrazoiak: banaketa, irakurleak, tirada... kontuan hartu behar dira».

Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak nabarmendu du euskarazko hedabideek duten garrantzia. «Hedabiderik ez duen hizkuntza ahuldu egiten da». Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak erabilitako irizpideek euskarazko egunkari nazional bakarrean, BERRIAn, eragin duten kaltea nabarmendu du. Gaia konpontzeko adostasunaren bidetik jo behar dela gogorarazi die Isasik batzordean bildutako alderdiei: EAJ eta PSE-EE; PP eta UPD ez dira egon.

Barandiaranek ere akordioak lortzeko deia egin die legebiltzar taldeei, baita lankidetzarakoa ere. Bide batez, zehaztu du eskaintza hori bera Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikari egin diotela: «Espero dezagun laster urratsak egitea».

Sektorea, lanean

Barandiaranek azaldu du euskarazko herri ekimeneko hedabideen sektoreak berak zenbait lan ildo abiarazi dituela. Lehenik, «autoebaluazio orokor eta sendoa» egiteko asmoa agertu du: irismenaren eta kontsumoaren eboluzioa, kalitatea, berrikuntza, bezeroen asebetetze maila...

Etorkizunera begirako lan ildoetan, finantzaketa publikoa da Hekimenen kezka nagusietako bat. Finantzaketa hori «zabaldu» beharko litzatekeela azaldu du, baita zenbait proposamen egin ere: industria eta berrikuntzarako diru laguntzen bidea urratzea, laguntzok abiarazitako inbertsioetara bideratzea, euskarazko publizitatearen eraginkortasuna handitzea...

Ildo horretan, Barandiaranek publizitate instituzionalaren gaia jarri du mahai gainean. 2013an Jaurlaritzak jarritako publizitatearen %2 baino ez zen heldu euskarazko herri ekimeneko hedabideetara. Egoerari «buelta ematea» proposatu du Hekimenek legebiltzarrean: «Eskaintza bateratua lantzen ari gara, baina horrek Eusko Jaurlaritzaren beste konpromiso bat eskatzen duela iruditzen zaigu».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Bainako Oihana ikastolako eta Estitxu Robles kolegioko ikasleak ©Gillaume Fauveau

Ziburuko eskolan agerraldi bat atzeman dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak agerralditzat jo du Aristide Briand eskolako kasuen agertzea. Zazpi haur kutsatu dira, gutxienez.

 ©Raul Bogajo / Foku

Ziurtasunik ez ikasle pisuetan

Maria Ortega Zubiate

Ikasle pisuen egoerari buruzko kanpaina bat jarri du abian Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Ziurgabetasunaren aurrean, klausulak eta halakoak jartzen hasi dira.

Mekanikari bat lanean, iragan apirileko irudi batean. ©Jon Urbe / FOKU

Ekonomia %19,5 jaitsi da bigarren hiruhilekoan, aurreikusi baino pixka bat gutxiago

Imanol Magro Eizmendi

Langabezia datuetan ere arindu egin dira uztailean eginiko aurreikuspenak: %17,2 izan zen tasa

Baionako campuseko ikasleak, maskara jantzita. ©GUILLAUME FAUVEAU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna