Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Ekonomia Haserrea hauspotzeko neurriak

Publizitatea

Ekonomia

Macronen lan kodea. Protestak

Haserrea hauspotzeko neurriak

Edouard Philippe lehen ministroa buru, erreforma ekonomiko ugarirekin hasi du urte politikoa Emmanuel Macronen gobernuak. Gehienak bozen kanpainan aurkeztu neurriak dira.
Emmanuel Macron Frantziako lehendakaria Atenasen bi eguneko bisita ofizialean, joan den ostegunean.
Emmanuel Macron Frantziako lehendakaria Atenasen bi eguneko bisita ofizialean, joan den ostegunean. ARIS MESSINIS / EFE

2017-09-13 / Eneko Etxegarai Urain

Erreforma ugari iragarria ditu jada ikasturte hasiera honetan Emmanuel Macronen gobernuak. Bost urteko agintaldia izango du Martxan-en gobernuak, eta protestak ugariak izango direla aurreikus daiteke jada.

LAN KODEA



Azken gobernu sozialistan El Khomri legearekin hasi bidea berehala berriz hartu du Macronek. Oraingoan, lan kodearen moldaketak dekretuz arautuko ditu, legebiltzarrak egiteko ahalmena eman diolako. Irail hondarrean sartuko dira indarrean lan kodeari ekarri dizkioten aldaketak. Bidegabeko kaleratzeen kalte-ordainak lan magistraturek kalkulatuko dituzte ordutik, eta gehienez hogei hilabeteko soldata izaten ahalko da. Orain arte, lan auzitegiak ebazten zuen, baita zenbatekoa ere. Enpresa mailako negoziazio kolektiboen birdefinitzearekin sektoreko itunetan soilik negozia zitezkeenak, orain enpresan eginen da. Horrez gain, 50 langiletik beherako enpresetan, sindikatuen ordezkaritzarik gabeko akordioak ere egiten ahalko direla dakar erreformak. Bukatzeko, multinazionalek enpresa bat itxiz gero, Frantzia mailako bere negozioen egoera hartuko da kontuan. Orain arte, mundu mailakoak balio zuen.

KONTRATU LAGUNDUAK



Estatuak %70-60 finantzatuak, eta 18-25 urte bitartekoei bideratuak diren kontratu lagunduak dira CAE siglapean dauden lan hitzarmenak. Gazteenak lan munduan sartzeko helburuarekin eginak dira, eta instituzioek erabiltzen dituzte asko.

Edouard Philippe lehen ministroaren gobernuak lan hitzarmen «garestiegiak» direla deritzo, «eraginkortasun urrikoak». 2016an, 459.000 CAE izenpetu zituen estatuak. 2017rako 293.000ra mugatuko zituela iragarri bazuen ere Philippek, azkenean 320.000 iritsiko direla azaldu du. 2017ko estatuaren aurrekontutik CAEn finantzaketarako den diruaren %70 erabilia izan da jada, aurreko gobernuak ere kontratu kopuruaren apaltzea erabakitzera eraman zuena. Beherakada handia izango da, are gehiago 2018an, datorren urterako 200.000 mugatuko baititu gobernuak. Pixkanaka, iskanbila pizten ari da CAEn apaltzea. Hala nola eskola, herriko etxe, elkarte, zahar etxe...frankok ez dutelako kontratu lagunduek betetzen zituzten lanpostuak ordaintzeko baliabide nahiko. FO sindikatuak salatu du erabaki horrekin Pole Emploiek 2.000 langile galduko dituela. Instituzioak ez du oraingoz ez baieztatu, ezta ezeztatu ere informazioa.

ERREGIMEN SOZIALA



Lanbide independenteen erregimen soziala, RSIa, erreforma bitartez aldatuko dute. 4,6 milioi langile hunkiko dituen neurria izango da: enpresaburuak, artisauak, komertzio txikiak eta lanbide liberalak. Urteak ziren jada lanbide independenteak haien erregimen sozial kutxarekin haserre zirela, 2012an kontuen gorteak «hondamendi industrialtzat» jo zuen gertatzen ari zena. 2018ko urtarrilaren 1ean desagertuko da RSIa, eta bi urteko trantsizio epea jarri dute independenteen erregimena osoki erregimen orokorrera igarotzeko. Horretarako lehen neurriak hartuak dituzte jada. Babes soziala finantzatzeko zerga emendatuko diete (1.7 puntu), baina kotizazio sozial jakin batzu apalduko dituzte: familiari dagokiona eta eritasunari begirakoa. Ikustekoa da zer bilakatu diren RSIa kudeatzen zuten 5.300 langileak.

PRIBATIZAZIOAK



Uztailean Atlantikoko STX eraikuntza enpresa nazionalizatu bazuten ere, pribatizazio asmo argiak ditu gobernuak. Ondasun publikoen saltzearekin 10 miliar euro eskuratzea espero dituztelako. Irabaziekin berrikuntza programak finantzatzea espero dute. Irailaren 2an, Bruno Le Maire ekonomiako ministroak «osoki enpresa publikoen pribatizazioa» aipatu bazuen ere, geroztik ñabardurak gehitu dizkio lehen ministroak; estatuak enpresa batzuetan dituen «parteak» saltzea aurreikusten dute. Estatuaren part-hartze agentziako buruak Ekonomiako ministroari enpresa estrategikoak zerrendatu dizkio, baita «subiranotasun nazionalari» lotuak direnak. Bide horretan agentziak baztertuak ditu nuklearra (Areva), defentsa (Thales), eta energia (EDF) kudeatzen dituztenak saltzea. Posta, SNCFa, eta RATPak estatuaren ildotik segitu behar dutela dio agiriak. 80 enpresetako kapitaletatik, dozena erdi lirateke estatuak hein batean saldu nahi dituenak: besteak beste, Engie, Safran, Air France-KLM, eta Orange.

Azpiegituren pribatizatzen ere segitu nahi du estatuak. Tolosa, Niza eta Lyongo aireportuetan zuen parte hartzea eten ondoren, ez du baztertzen eskualdeetako aireportuetan duen kapital partea saltzea. Parisko Aireportuak kudeatzen dituen ADP enpresaren %50,63arekin ere zer egin eztabaidagai izango dute, abuztuaren 28an bere parte hartzea 7,3 miliar eurotan neurtzen baitzen. Azkenik, La Française des Jeux, Frantziako diru jokoen monopolioa duen enpresaren geroa ere aztergai dute ministerioan. Kapitalaren %72 estatuaren esku da, eta pribatizatzea zaila ikusten bada ere, galdera mahai gainean da.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak