Izpi kosmikoen zelatariak

EHUko ikasle talde batek atmosfera zeharkatzen duten energia handiko izpiak atzemango ditu ESAren laguntzaz.

Fenomenoa ikertzeko bide arin eta merke bat aurkitu nahi dute
EHUspace taldeko kideak, EHUk zabaldutako argazki batean.
EHUspace taldeko kideak, EHUk zabaldutako argazki batean. EHU

Juanma Gallego -

2016ko martxoak 6
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikasle talde bat izpi kosmikoak atzemateko gai izango den esperimentu bat garatzen ari da, ESA Europako Espazio Agentziaren babesarekin. EHUSpace izena duen talde honetako ordezkaritza bat Suedian egon da otsailean, eta proiektuan beste mugarri bat gainditzeko gai izan dira. Urrian, ESAk Bexus izeneko globo estratosferiko bat jaurtiko du 30 kilometro gora, eta horren barruan Acorde izeneko esperimentua sartzea da taldearen erronka.

EHUko Zientzia eta Teknologia Espaziala Masterreko hamabi ikaslek osatzen dute EHUSpace elkartea. Iazko abenduan ESAk, besteak beste, haien proiektua aukeratu zuen, agentziak Europako unibertsitateetako ikasleei begira urtero egiten duen esperimentuetarako lehiaketaren barruan. «ESAk Herbehereetan duen teknologia eta ikerketa zentroan aurkeztu genuen pertsonalki, eta gure aldeko apustua egin zuten», azaldu du taldearen bozeramaileak, Alejandro Otero ikasleak. Acorde ingelesezko Altitude Cosmic Ray Detector izenaren laburpena da: alegia, altitudeko izpi kosmikoen detektagailua. Proiektuaren funtsa globo estratosferiko bat zeharkatzen duten izpi kosmikoak analizatzea da, izpi horien kopurua eta mota zehaztuz. Datuak 25 eta 30 kilometro gora kokatuta jasoko dituzte. Funtsean, laino ganbera batean oinarritzen da detektagailua. Barruan bi punturen arteko tenperatura aldeak sortzen duen alkohol lurruna dago. «Ganbera zeharkatzen duten izpiek aztarnak sortzen dituzte lainoan, eta horiek bideokameraz grabatuko dira», zehaztu du Oterok.

Izpi kosmikoak Lurraren kontra jotzen duten energia partikulak dira. «Horien jatorria argi ez badago ere, gehienbat Eguzki Sistemaren kanpotik datoz, gure galaxia bertatik, zein galaxiatik kanpo», azaldu du Ivan Manso fisikariak. EHUSpace elkarteko zientzialaria da Manso, eta master bereko ikasle ohia. Izpi horien jatorria azaltzeko hainbat hipotesi azaldu dira: «Supernoben eztandak, gamma izpien igorpenak, eta beste hainbat gertakari energetiko». Hain partikula nimiñoak eta energetikoak izanda, atmosferan zehar erraz igarotzen dira, eta horietako batzuk materia zeharkatzeko gai dira.

Izpi horien ikerketa garrantzitsua dela adierazi du Javier Larreak. Manso bezala, masterreko ikasle ohia da Larrea, eta esperimentua gidatzeaz arduratzen da. «Lurrean egonda, atmosferak izpi horietatik babesten gaitu. Horregatik, horietako izpi gutxi heltzen zaizkigu, eta normalean eraginik ez dute, ez gugan ezta egunero erabiltzen dugun elektronikan ere. Baina espazioan, satelite artifizialetan edota Rosetta edo New Horizons ontzietan, eragin horren aurkkoa babes berezia beharrezkoa da».

Globo estratosferikoak gora egiten duen unean goiko atmosferan zer gertatzen den jakin nahi dute. «Arina eta merkea den detektagailu bat baliatuz, gainera».

Muturreko baldintzak

Aurrean dituzten erronkei dagokionez, Oterok bi alde bereizten ditu. «Batetik, eta ingeniaritza mekanikoaren ikuspuntutik, zeropeko 80 gradurainoko tenperaturei eusteko gai den esperimentua diseinatu behar dugu». Era berean, gora igo ahala, esperimentuak bibrazioen eta mugimenduen aurrean egonkorra izan behar du. Bestetik, Acorderen barruan joango diren kamerek jasotako irudiak abiapuntu hartuta, izpiek egiten duten ibilbidea hiru dimentsiotan ikusaraziko duen softwarea garatu behar du taldeak. Zailtasunei buruz galdetuta, zailena finantzaketa eta erakundeen babesa lortzea izaten dela onartu du Oterok. Lan hori aisialdian egin behar izatea ere gogorra da, ikaslearen aburuz. «Gure bikotekide, familia eta lagunentzako sakrifizio garrantzitsua da». ESAk bidaietarako laguntza ematen badie ere, beren kabuz ordaindu behar dute proiektua. «Aula Espazioko gure jagoleek uneoro babestu gaituzte, baina honelako proiektu bat ezerezetik abiatzea oso zaila da».

Bat dator Larrea. «Inbidia ematen digu Europako beste zenbait unibertsitatetako taldeak ikusteak. Egonkorragoak dira talde horiek, erakundeen aldetik babes handiagoa dute, eta bitarteko gehiago dituzte. Horrela proiektu gehiagori ekin ahal diote. Guk ere horrelako maila batera heldu nahiko genuke». Guztia, ordea, ez da nekea. Espazioari lotutako arazo errealei aurre egiteko esperientzia eta agentziak emandako trebakuntza nabarmendu ditu Oterok, onura argienen artean. Gainontzeko ikasle eta ikertzaileekin izaten duten kolaborazioa ere aipagarria iruditzen zaio benetan. Elkarlana baita, finean, naturaren misterioak argitzeko biderik politena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna