Albistea entzun

Unibertsoaren ispiluari begira

Izarrarteko espazioan kiralitatea duen molekula bat atzeman dute lehenbiziko aldiz astronomoek. Bizidunek horrelako molekulak erabiltzen dituzte zeluletako prozesuetan
Esne Bidea, Hawaii uharteko Mauna Kea sumenditik ikusita.
Esne Bidea, Hawaii uharteko Mauna Kea sumenditik ikusita. B. MCGUIRE/SCIENCE

Juanma Gallego -

2016ko ekainak 19

Izarrarteko hodei batean kiralitatearen ezaugarria duen molekula baten arrastoa atzeman du zientzialari talde batek. AEB Ameriketako Estatu Batuetako Astronomia Elkarteak San Diego hirian egindako kongresu batean eman dute horren berri, eta emaitzak aste honetako Science aldizkarian plazaratu dituzte.

Mendebaldeko Virginiako (AEB) Green Bank eta Australiako Parkes irrati teleskopioak erabili ditu Brandon Carroll eta Brett McGuire astronomoek gidatutako taldeak Sagittarius B2 izeneko hodeia aztertzeko. Lehenagotik hodei horren inguruan eginak ziren ikerketak berrikusi ez ezik, behaketa berriak abiatu dituzte adituek.

Sagittarius B2 Esne Bidean dagoen gas eta hautsezko hodei handienetakoa da. 150 argi urteko zabalera du. Galaxiaren zentrotik gertu dago, 390 bat argi urtera kokatuta, eta lehenagotik ere bertan hainbat molekula atzeman dituzte zientzialariek. Horrelako hodeiak izarrak sortzeko toki egokiak dira.

Atzemandako molekula propeno oxidoa da, eta karbonoz, hidrogenoz eta oxigenoz osatuta dago. Haren ezaugarririk nabarmenena, baina, molekula kirala izatean datza. Kiralitatea hainbat objektuk duten propietatea da; tartean, zenbait molekulak. Haien ispilu-irudiaren aurrean jartzerik ez dagoenean hitz egiten da kiralitateaz.

Gizaki guztiek kiralitate horren adibidea dute egunero begi aurrean: eskuak luzatu eta beren kokaera ikustea besterik ez dago. Buelta eman ezean, esku bat bestearen gainean jarrita ere, atzamarren kokalekua ezberdina da. Molekulen kasuan, bi aldaera simetriko horiei enantiomero deritze, eta bakoitzak argi polarizatua kontrako norabideetan islatzen du: batzuk eskumara eta besteak ezkerrera. Hortaz, molekula horiek ezkerbirakariak ala eskuinbirakariak izan daitezke.

Astrobiologiaren alorrean aurkikuntza garrantzitsutzat jo du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen Taldeko Santiago Perez-Hoyos astronomoak. «Bizirako beharrezkoak diren hainbat molekula ispilu moduko bi aldaera horietan aurkitu daitezke, baina bizidunek beti horietatik bat aukeratzen dute. Hala ere, oraindik ez dakigu zein den fenomeno horren jatorria».

Adituak ohartarazi du, halaber, oraindik jakiteko dagoela zein aldaeratakoak diren Sagittarius B2 hodeian atzemandako propeno oxido horren enantiomeroak ere. Horregatik, molekula horren bi aldaeren artean bat nagusitu ote den ikertzea izango da orain erronketako bat. Horrela, zientzialariek jakin ahal izango dute, besteak beste, bizia agertu baino lehenago sortu ote zen biziaren izaera asimetrikoa.

Oinarri unibertsala

«Lan honen emaitzak benetakoak badira, Lurrean bizia sortu zuten prozesu kimiko batzuk unibertsalak izan daitezkeelako beste froga berri bat litzateke hau», nabarmendu du SETI Institutuko Alfonso F. Davila astrobiologoak. NASAko Ames Ikerketa Zentroan aritzen den ikertzaile horren iritziz, aurkikuntzak bidea eman dezake bizidunen biokimika argitzeko. «Adibidez, proteinak sintetizatu behar dituztenean, bizidunek aminoazido ezkerbirakariak baino ez dituzte erabiltzen, eta ez dakigu zein den horren zergatia».

Kometa eta asteroideetan ere topatu izan dira enantiomero horiek; baina, Eguzki Sistematik kanpo, horien aztarna aurkitzen den lehen aldia da oraingoa. Horregatik, unibertsoan bizi zantzuak bilatzen dituzten astrobiologoentzat aurrerapauso garrantzitsua da, Lurrean ezagutzen den bizitza eta unibertsoan garatu litekeena alderatzeko aukera ematen dutelako horrelako ezagutzek. «Hor kanpoan bizia izanez gero, ez zen batere harritzekoa izango bizi horren biokimika eta geurea antzekoak izatea, oinarrizko kontuetan bederen», azpimarratu du Davilak.

PRIMOS proiektuaren barruan egin da aurkikuntza, molekula prebiotikoak atzematea helburu duen zientzia egitasmoan, hain zuzen. Adituek uste dute molekula horiek rol garrantzitsua izan zutela biziaren sorreran, eta, irrati astronomiaren alorrean izan diren aurrerapenei esker, gero eta gehiago atzeman daitezke.

DNAren aldamioak

Orain arte, guztira 180 bat molekula antzeman dira unibertsoan. Horietako molekula bakoitzak berezko sinadura bat uzten du, eta, espektro irrati-elektrikoa arakatuz, astronomoak gai dira horiek identifikatzeko. Hala ere, zenbat eta molekula konplexuagoak izan, orduan eta zailagoa da horiek atzematea.

Maiatzean, fosforoz eta oxigenoz osatutako beste molekula prebiotiko bat detektatu zuen beste zientzialari talde batek izarren sorleku diren Esne Bidearen bi eremutan. The Astrophysical Journal aldizkarian argitaratutako ikerketan esan zutenez, fosforoaren eta oxigenoaren arteko lotura hori premiazkoa da DNAren estruktura osatzeko. Izarrak sortzen diren eremu horietan, hain zuzen, uste zena baino hamar aldiz fosforo gehiago dagoela ondorioztatu zuten astronomoek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sagardui, duela egun batzuk egindako agerraldian. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Intzidentzia tasa jaitsi dela esan du Sagarduik, baina «zuhurtzia» eskatu du

Jone Arruabarrena

Osasun sailburuak adierazi du Osakidetza «beharrezkoak diren proba guztiak» egiten ari dela. Ospitaleratzeen datuek, berriz, gora egin dute
Lorea Agirre, Igone Lamarain, Alaitz Aizpuru eta Saioa Rodriguez, atzo, Donostiako San Telmo museoan. ©JON URBE / FOKU

«Intelektual engaiatuaren» betaurrekoak

Julen Aperribai

Txillardegik euskalgintzaz eta gizartearekiko konpromisoaz idatzitako hainbat testu bi liburutan plazaratu ditu Jakinek, eta haren pentsamenduaren inguruko bilduma osatu
Emakume bat, Bilbon, George Floyden hilketa salatzeko protesta batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Begiradetan ere sumatzen dute

Maite Asensio Lozano

Sare sozialetan zabaltzen diren albiste faltsuek eta kontakizunek etorkinengan zer eragin duten aztertu du SOS Arrazakeriak, eta ondorioztatu du eguneroko bizimoduan nabaritzen dutela, bai beren eskubideak betetzeko zailtasunetan, bai pertenentzia sentimendua garatzeko ezintasunetan.
Manu Cabacas eta Fina Lizeranzu, Iñigo Cabacas semea gogoratzeko ekitaldi baten. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Cabacasen gurasoek auziari buruzko txostenak eskatu dizkiote Erkorekari

Edurne Begiristain

Komunikabideetara igorritako gutunean, esan dute «samina» eragin diela Ertzaintzak barne ikerketa itxi izanak. Bilera eskatu diote Erkorekari

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.