Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Mundua Siriako matxinoak hasi dira irteten Homs hiriko azken gotorlekutik

Publizitatea

Mundua

Siriako matxinoak hasi dira irteten Homs hiriko azken gotorlekutik

2013tik setiopean egon ondotik, Al-Wair auzoa husteko akordioa egin dute bi aldeek. Azken astean gogor bonbardatu du gune hori armadak. 15.000 pertsona ebakuatuko dituzte hurrengo asteetan
Homseko matxinoak, armak eskuetan, atzo, autobusera sartzeko itxaroten.
Homseko matxinoak, armak eskuetan, atzo, autobusera sartzeko itxaroten. YOUSSEF BADAWI / EFE

2017-03-19 / Adrian Garcia

Matxinadaren hiriburua bezala ezaguna izan da Homs, baina, protestak piztu eta sei urtera, Siriako Gobernuaren aldeko indarren menpe egongo da. Al-Wair auzotik zibilak eta borrokalariak ebakuatzen hasi dira autobusetan, 2013. urtetik setiopean egon ondoren. Homs probintziako gobernadore Talal al-Barazik Sana agentzia ofizialari esan dionez, 1.500 pertsona atera ziren atzo Alepo iparralderako bidean. Auzoan 40.000 zibil eta 2.500 borrokalari daudela uste da —70.000 biztanle ziren gerra aurretik—, eta, oraingoz, 15.000 batek eman dute izena ebakuatuak izateko.

Matxinoen kontrolpeko hiriak setiatu, horiek husteko akordio bat erdietsi arte. Horixe da Damaskoren estrategia hiriguneak berreskuratzeko. «Adiskidetze itunak» deitzen die gobernuak, baina garaipen militarrak dira egiaz. Baxar al-Assad presidenteak Txinako telebista bati joan den astean esan zionez, matxinoekin tokian toki egindako itunak dira «irtenbide politiko bakarrak». Genevako bake konferentzietan konfiantza gutxi duela gaineratu zuen Al-Assadek.

Errusiaren bitartekaritzaren laguntzarekin astelehenean egin zuten ituna bi aldeek; Ilargi Gorriak eta Siriako eta Errusiako polizia militarrek ikuskatuko dute operazioa. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera —Erresuma Batuan du egoitza erakunde horrek—, Jarabulusera joko dute Homseko autobusek. Gune hori Turkiak babestutako matxinoek kontrolatzen dute, Ankarak Siria iparraldea inbaditu zuenetik.

2015eko abenduan egin zuten tratuaren parte da ebakuazioa. Orduan, hiriaren kontrola gobernuaren aldeko indarren eskuetan utzi zuten matxinoek, eta Al-Wairren giza laguntza sartzea adostu zuten. Homs ipar-mendebaldeko barrutia da auzoa. Han geratu ziren hiriko azken matxinoak. Joan den abenduan, 700 bat zibil eta borrokalari atera zituzten hiritik, eta Idlib probintziara eraman zituzten. Borrokek, ordea, ebakuazioak eten zituzten. Izan ere, akordioak hainbatetan hautsi dituzte aldeek. Azken hilabeteetan gogor jo du auzunea armadako artilleriak, eta, azkenean, matxinoak alde egitera behartu ditu.

Akordioaren arabera, matxinoek Al-Wairren geratzeko aukera dute, armak uzten badituzte. Baina Homs Media Center oposizioko hedabideak Reuters agentziari esan dionez, auzotarrak geratzeko beldur dira. «Inork ez du konfiantzarik Al-Assaden gobernuan. Kanpadendetan biziko dira [ihes egiten dutenak], errefuxiatu kanpalekuetan. Etxeetatik eta haien lurretatik ihes egiteko desiratzen daude, ezezagunerantz».

Azken matxinoa auzunetik irtetean hartuko du gobernuak kontrola, eta zerbitzuak eskaintzen hasiko da, Al-Barazik Siriako telebistari esan dionez.

Israel eta AEBak

Sei edo zortzi asteren buruan bukatuko dute ebakuazioa. Idlib probintziara ere ihes egingo dute batzuek. Matxino talde islamisten kontrolpean dago probintzia hori, Homs iparraldean. Gobernuaren aldeko indarrek aurrera egin ahala, gero eta errefuxiatu gehiago iritsi dira Idlibera. Alepotik atera zituztenek ere horra jo zuten.

Talde salafistek —islamismo sunitaren muturreko joera dutenek— kontrolatzen dute Idlib; Sortaldea Konkistatzeko Frontea —Al-Nusra Frontea zena, Al-Qaedaren adarra Sirian— eta Ahrar al-Xam taldeak dira nabarmenenak. Orain gutxi arte aliatuak ziren biak, baina, Al-Jazeerak zabaldu duenez, elkarren artean borrokan hasi dira Astanako bake konferentziaz geroztik. Izan ere, biltzar horretan su-etena ezartzea adostu zuten, baina Sortaldea Konkistatzeko Frontea salbuetsi egin zuten.

Matxinoak ez dira Siriako armadako buruhauste bakarra, beste hainbat herrialdek zuzenean esku hartu baitute gerran. Israel da horietako bat: Sirian armadaren aurka bonbardaketak egin ohi ditu, Hezbollah mugimendu xiita gerran sartuta dagoela aitzakiatzat hartuta. Azken bonbardaketa herenegun egin zuen Israelek, Palmiratik gertuko armadaren posizioen aurka. Damaskoren erantzuna, ordea, gerra hasi zenetik hartutako oldarkorrena izan zen: lurretik airerako misilak jaurti zituen. Misil horietako bat Israelgo misilen aurkako defentsak geldiarazi zuen. Armadak adierazi zuen Israelen hegazkin bat eraitsi zuela Golango gainetan, nahiz eta Tel Avivek ukatu egin zuen. Iranek Siriako Gobernua babestu du, eta Atzerri Ministerioak salatu du «terroristek eta Israelek helburu bera» dutela Siriako gerran.

AEBek ere militarki esku hartu dute gatazkan, bonbardaketak eginez. Aste honetan, Alepo iparraldeko matxinoen kontrolpeko herri bat bonbardatu dute hegazkinek, eta 46 pertsona hil dituzte. Meskita batera jaurti zituzten bonbak, eguneko azken errezoaren orduan. Washingtonek onartu du bonbardaketaren ardura, baina ukatu egin du meskita helburu gisa hartu izana.

Publizitatea

Sortu kontua
Adrian Garcia Adrian Garcia

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak