Albistea entzun

Jururu, fikzio bidez erreal egina

Kubako badiako errealitatea dute oinarri Jose Enrike Urrutia Capeauren 'Jururú'-ko 23 ipuinek
Jose Enrike Urrutia Capeau, atzo, Donostian.
Jose Enrike Urrutia Capeau, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Juan Luis Zabala -

2015eko apirilak 18 - Donostia

Kubako ekialdean dago, eta, Kristobal Kolonek gidaturik, espainiarrek 1492an Amerikan zapaldu zuten aurreneko lurra da, diotenez, Jururu badia. Hantxe bizi da, tarteka Euskal Herrira joan-etorriak eginez orain arte, Jose Enrike Urrutia Capeau idazlea (Iurreta, Bizkaia, 1954), eta bete-betean hantxe girotuak dira —eta han ezagututako jendearen gorabeheretan oinarrituak— haren Jururú liburu berria (Pamiela) osatzen duten 23 ipuinak. Liburua idazteaz gain, Jururu badiako paisaiak pintatu ditu Urrutia Capeauk, eta gisa horretan osatutako margolanetako batzuen koloretako erreprodukzioak ere liburuan jasota daude.

Bertako bizilagunak ez dira asko, eta «oso sakabanatuta» bizi dira gainera, baina Jururu badia «pasabide bat» da, Urrutia Capeauk azaldu duenez, eta horren ondorioz mugimendu handiko lekua da hura, leku bizia. «Gizarte txiki horren berri ematen du liburuak». Ipuinetan kontatzen den guztiak oinarri erreala du kasu gehienetan, baina, oinarri erreal horretatik abiatuta, berak nahi izan duen lekura «bideratu» du kontakizun bakoitza. «Haiek irakurtzean, pentsa daiteke benetako gertaera batzuen kronikak direla, baina ez da hala. Ipuinak dira. Jururú fikzioko liburu bat da».

Espainiarrak iritsi aurreko kulturaren aztarna ugari gordetzen da Jururun, eta bertako bizilagunen aurpegi eta ezaugarri fisikoetan ere igartzen dira garai harekiko lotura iradokitzen duten zantzu nabarmenak, Urrutia Capeauk dioenez. «Asteburuetan azoka egiten denean, han biltzen dira laborariak, eta, hango aurpegiak ikusita, nik askotan esaten dut: 'Hara, Moctezuma !'. Gero, haiei galdetuta, ezetz esaten dizute, aitona-amonak Bartzelonakoak zirela eta horrelako kontuak, baina nabarmena da. Eta badago jende apur bat gaiaren inguruan arduratzen dena ere, horretan sakontzen ari dena».

Jururutarren artean Kolon aurreko kulturen ezaugarriak, zantzuak eta aztarnak ugariak izate horrek badu «bere logika»: «Kolon eta espainiarrak lehenik eta behin hara heldu baziren ere, berehala menderatu zituzten bertako indioak, eta gero aurrera jarraitu zuten, behin hangoa antolatuta utzitakoan».

«Lekua oso ederra da, berez», Urrutia Capeauren iritziz, eta horregatik bururatu zitzaion testuen osagarri egokia izan zitezkeela bertako pasaiak jasotzen dituzten margolanak, berak eginak akrilikoan. Margolan horiek modu egokian argitaratu ahal izateko, Txema Aranazi, Pamiela argitaletxeko arduradunari, liburua «koloretan argitara zezan eskatzeko atrebentzia» izan zuen orduan, eta Aranazek baiezkoa eman zion.

«Goethek dio Greziakoak izan direla biziaren ametsa modurik ederrenean asmatu dutenak», azaldu du Urrutia Capeauk. «Nik esango nuke liburuak jasotzen duela jururutarrek biziaren ametsa asmatzeko duten modua. Azken batean, ikusten da leku guztietako jendea, sakonean, berdinak garela, baina badirela desberdintasunak ere. Jururutarrek bizitzak ekartzen dituen kontuei erantzuteko modu bat dute guk ez duguna, nahiz eta azken finean, sakonean, denok bat garen».

Ipuingintzan berriro ere

Ipuin bilduma idatzi beharrean nobela bat idazteko aukera ere aztertu zuen Urrutia Capeauk Jururú osatzen duten narrazioak idazten hasi zenean. Baina iruditzen zitzaion nobela bat egitekotan azalpen asko eman beharko zituela testuan, eta askoz ere liburu luzeagoa idatzi beharko zuela. Nahiago izan zuen bere ohiko generoan errenditu, ipuingintzan.

Miel Anjel Elustondo idazle eta kazetariari John Steinbecken Tortilla Flat gogorarazi dio Urrutia Capeauren Jururú-k. «Guri mundu urruneko zaiguna hain hurreko egin izana miragarria zait, pertsonaia urruneko haiek etxekotu izana, Jurururekin bat egiteko izan duen ahalmena. Miresgarri zait ez Jururuko bizimodua, baizik eta bizia eta jendea erakusteko egin duen saioa. Eta Jururu Kuba izanik, Iraultzaren esanak ez baizik haren kontraesanak bistara ekartzeko, lerro artean baina nabarmen, utzi dizkigun aztarnak». Urrutia Capeauren liburua «haize freskoa» eta «arnasa» izan da Elustondorentzat, «itomen honetan».

Aurtengo udan, Durangoko Arte eta Historiaren Museoan bere arte lanen erakusketa bat egingo du Urrutia Capeauk, eta ixten dutenean berriro itzuliko da Jururura. Ez du uste, gainera, aurrerantzean orain arte bezain sarri itzuliko denik Euskal Herrira.

Urrutia Capeauren seigarren narrazio bilduma da Jururú. Honako hauek dira aurreko bostak, denak, Jururú bezala, Pamiela argitaletxeak argitaratu dituenak: Kadrila alegera festan da (1979), Izar beltzaren urtea (2000), Ergelen nonbrea (2006), Assilah-ko eroa (2010) eta Weylerren itzala (2012).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Emakume bat Rosa Valverderen hainbat kutxari begira, Donostiako San Telmo museoko laborategian jarri duten erakusketan. ©Andoni Canellada / Foku

Kaxetan bildutako mundu bat

Ainhoa Sarasola

Rosa Valverde artistak bere ibilbide osoan ondutako 52 kutxa daude ikusgai Donostiako San Telmo museoan, Arte kaxak erakusketan. Artistak askotariko objektuekin zuen harremanaren lekuko dira.

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.

Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Aranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du

Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.