Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Etxekoenen aurpegi arrotza

Publizitatea

Kultura

Etxekoenen aurpegi arrotza

Naia del Castilloren hamabost urteko ibilbide artistikoa bildu dute Bilbon erakusketa batean
Naia del Castillo artista, bere lanetariko baten ondoan.
Naia del Castillo artista, bere lanetariko baten ondoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS

2015-10-24 / Iñigo Astiz

Norberaren aurka bihurtzen dira batzuetan norbereen sentitzen diren gauzak. Beren ileez erabat estalia dute aurpegia, adibidez, Erretratuak izeneko argazki seriean ageri diren emakumeek, eta, hain zuzen ere, irudi horrekin abiatu du Naia del Castillo artistak (Bilbo, 1975) Bilboko Rekalde aretoan zabaldu duen erakusketa. Azken hamabost urteotan Euskal Herrian eta nazioartean egindako ibilbide artistikoa biltzen du erakusketak berrogei pieza baino gehiagoren bidez, eta erretratu zaharrenekin hasi du ibilbidea: ilez estalitako aurpegien erretratuekin. Balio dute, ordea, sortzailearen ibilbide osoan konstante diren gai batzuk erakusteko. Del Castillo: «Artistak beti gaude obsesio berarekin bueltaka, eta ni ere hala ibiltzen naiz. Gai funtsezkoa da subjektuaren gaia: nola bizi garen eta nola erlazionatzen garen. Umorea eta sarkasmoa ere baditu nire lanak; normaltasunari buruzko hausnarketa kritiko bat da hau, eta nik gauzak birplanteatu nahi ditut». Urtarrilaren 17ra arte egongo da zabalik erakusketa.

Gorputza da Del Castilloren artelan askoren neurria. Aulki bat lotuta daraman soinekoa, puntan oilo irudiak dituzten ezpainetakoak, oinetatik hasi eta aurpegia ere erabat estaltzen duen perlaz betetako soinekoa... Jantzi eta erabili egin daitezke artistaren piezetariko asko, baina performancerik ez dago, halere. Geldi daude objektuak aretoan, eta argazki bidez irudikatzen du nola erabili daitezkeen. «Gorputza material garrantzitsua da nire lanean. Gorputzak aktibatzen ditu sortzen ditudan objektuetariko batzuk, baina egitura eta euskarri ere izaten da maiz. Erretratatuen kasuan, esaterako, erretratatutakoaren ilea da, adibidez, irudiko forma geometrikoak sortzen dituena, eta oso bolumetrikoak direla iruditzen zait. Oso korporeoak. Ikus daitezkeen gorputzak dira, baina baita begiradaz ukitu daitezkeenak ere».

Barrua eta kanpoa

Naia del Castillo. Artistaren izen bera jarri diote azkenean erakusketari, baina aitortu du sortzaileak bazuela beste izenburu bat buruan. Walter Benjamin pentsalariaren esaldi bat zehazki. «Gauza bat beste gauzen artean. Gauza bat zu eta ni bezalakoa». Eta azaldu du zergatik: «Beti aritzen naiz aztertzen subjektuaren eta objektuaren artekoa, nola eragiten didan kanpoko munduak eta nola eragiten dudan nik kanpoko munduan. Horregatik nerabilen buruan izenburu hori». Azkenean, bere izen-abizenekin izendatu du azken 15 urteetako ibilbideari emandako errepasoa.

«Erakusketa zintzoa da». Del Castillok onartu duenez, hasieran tentazioa izan zuen lanik zaharrenak berrikusi eta berrinterpretatzeko, baina, azkenean, bere hartan uztea erabaki, eta atzerako begiradak nondik jarraitu topatzen lagundu duela dio orain. Piezarik zaharrenekin hasten da erakusketa, eta lanik berrienekin bukatu, baina ez da kronologikoa ibilbidea: nahasian doaz piezak aretoetan. «Sentsazioka», dio artistak. Sei espazio ditu erakusketak, eta «hiru sentsazio nagusitan» antolatu duela dio. Barrutik kanporako ibilbide baten moduko zerbait da, funtsean. Dioenez, piezarik autoerreflexiboenak batu ditu hasieran, eta hor daude, adibidez, ilez tapatutako erretratuak. Eta mundura zabaltzen doa artistaren ikuspegia ondorengo aretoetan. Honela deskribatu du ibilbidea artistak: «Sedukzioari buruzkoak eta inguratzen gaituzten objektuekin sortutako piezak daude hirugarren aretoan; naturara ateratzen naiz laugarrenean; eta kanpotik norberaz dugun ikuspegia lantzen dut bosgarrenean».

Basoa aipatu du artistak, baina ez da basatia Del Castillok irudikatzen duen natura. Kontrakoa. Nolabait ere, basoaren eta egongelaren arteko bidegurutzea da interesatzen zaiona: «naturaren eraikuntza kulturala», dio. Adibide bat: baso baten irudia estanpatua duen besaulki bat ageri da piezetariko batean, eta benetako baso baten erdian kokatu du besaulkia artistak. Eta bada beste adibide eder bat ere haren ondoan, basoan ateratako beste argazki pare bat; zuhaitz bana ageri da bakoitzean. Dena adar, eta dena enbor, baina sofa bat gurutzatzen du arboletariko batek, eta mahai bat besteak.

Brodatze monumentalak

Presentzia berezia dute tradizionalki femeninotzat kontsideratu diren espazioek eta gauzek Del Castilloren lanetan. Horra bere ibilbideko beste konstanteetariko bat. Altzariak dira haren piezetariko asko; takoidun zapatak ere badaude, eta harribitxiak, soinekoak... Eta mundu hori du abiapuntu azkenaldian lantzen ari den obrak ere. Brodatze lanak daude horregatik erakusketako azken aretoko piezen oinarrian. Bukatu gabe du bilaketa prozesua, baina Bilbon orain eskutan darabilen material hori erakustea erabaki du orain. Brodatze lanera gerturatzen du argazki kamera horretarako Del Castillok, eta brodatzailearen eskuek sortzen dituzten irudi geometrikoen mirakulua erakusten du. «Halako gauza txiki batek duen edertasun monumentala erakutsi nahi dut».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak