Nazioak, estatuak: erabaki eskubidea. Nazioarteko jardunaldiak

Balioek ere balio dute

Behin-behineko balorazio ona egin dute 'Nazioak eta estatuak XXI. mendean: demokrazia eta erabakitzeko eskubidea' jardunaldiez.

Askotariko bilgunea izan da.

Sarritan aipatu dute 'sezesioa'
Mario Zubiaga, Joxerramon Bengoetxea, Iñaki Dorronsoro eta Gorka Espiau, atzo, Donostian, jardunaldien balorazioa egitean.
Mario Zubiaga, Joxerramon Bengoetxea, Iñaki Dorronsoro eta Gorka Espiau, atzo, Donostian, jardunaldien balorazioa egitean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

Enekoitz Esnaola -

2014ko abenduak 13
Besteak beste, nazioak, estatuak, demokrazia eta erabakitzeko eskubidea kontzeptuak jorratu dituzte Donostiako nazioarteko jardunaldietan, eta, agian, oraindik denbora beharko da eduki aldetik ondorio zehatzago batzuk ateratzeko. Atzo, hiru eguneko kongresuaren amaieran, laburpen modura ale batzuk aipatu zituzten Mario Zubiaga (EHU), Joxerramon Bengoetxea (EHUgune) eta Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Center) sustapen taldeko kideek. Hitzaldietako mamiaz gain, bestelako balio batzuk ere azpimarra daitezke Nazioak eta estatuak XXI. mendean: demokrazia eta erabakitzeko eskubidea jardunaldietatik.

Batetik, akademiaren arloak modu bateratuan antolatu ditu, aurreneko aldiz. Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak asteazkenean zioen «abiapuntu bat» izan dela. Gaindegia eta Agirre Center egitasmora batu izana ere aintzat hartzekoa da.

Bestetik, atzo protagonistek berek nabarmendu zutenez, zientzia politikoetako adituak eta juristak elkarrekin aritu dira jardunaldietan. «Aktibazio eta sedimentazioaren arteko tentsio batean bizi gara gaur egun. Aktibazio garai batean gaude, eta sedimentazio berriak datoz. Derrigorrezkoa da politologoak eta juristak elkarrekin egotea. Orain arte hori ez da ohikoa izan, eta elkarrekin egotea izan da kongresuaren beste ekarpen garrantzitsu bat», adierazi du Zubiaga Zientzia Politikoetako doktoreak. Bengoetxea Zuzenbideko doktoreak ere izan du hizpide hori: «Politologoen eta juristen arteko dialektika artifiziala dela frogatu da. Orain arte ez diogu elkarri entzun; denbora asko galdu izan dugu. Zentzu horretan, jardunaldiok haustaileak izan dira».

Beste balio bat: «bai ideologikoki, bai diziplina aldetik», biltzar «plurala» izan dela iritzi dio Bengoetxeak. Izan dira aldebakartasunaren bidea defendatu duten hizlariak, baita Espainiako Konstituzioaren bideari eutsi behar zaiola ziotenak ere.

Era batera edo bestera hitz egin, asko entzun den hitz bat sezesioa izan da. Adibidez, Kataluniako eta Eskoziako prozesuez mintzatzean, independentzia bideari eman diote garrantzia. «Ferran Requejok Katalunian orain duten egoera azpimarratu digu: [legedia aurka izanda] nola lortu Artur Masek aipatzen duen sinbiosiari eustea? Hau da, mobilizazio sozialaren eta erakundeen eta eragile sozialen artean lortu den sinbiosiari nola eutsi?», galdetu du Zubiagak. Eskoziaz adierazi du han ez dutela legedi arazorik izan erreferenduma egiteko, eta, ondorioz, guztiek «printzipio demokratikoa» aitortuta, bestelako «ardatzetan» oinarritu dutela eztabaida: justizia sozialean, oparotasunean...

Europa, pragmatikoa

Juanjo Alvarez EHUko irakasleak «Europa pragmatikoa» dela esan izana ere nabarmendu du Zubiagak: «Europak ez du espresuki sezesio bat lagunduko, baina egokitzapen juridikoa egingo du sezesio prozesu bat modu demokratikoan garatu bada».

Bengoetxeak aldebakartasuna atera du laburpenean. «[Eduardo Virgalaren hitzaldian] Ikusi da Espainiako Estatuko legedian leiho guztiak ez daudela itxita. Haize freskoa dakar horrek. Etsipen konstituzionala kiratsa da. Ondorioz, proposamenak egiten jarraitu behar dugu guk, sormen prozesuak ahalbidetzeko. Bukaerako irtenbidea aldebakartasuna balitz, ez dadila izan ez garelako saiatu aldebikotasunaren bidea jorratzen». EHUguneko kidearen ustez, Kosovok, aldebakartasunetik jota, aukera hori erakutsi zien estaturik gabeko herriei.

Erabakitzeko eskubidea «edukiz bete» behar dela izan da «behin-behineko» beste ondorio bat, Zubiagak adierazi bezala. «Mahai inguru batean ikusi da arlo sozioekonomikoaren eta lurraldetasunaren bidez ere edukiz bete behar dela eskubide hau. Zertarako erabaki? Zer lortzeko? Zertaz?».

Espiau «gizartean kontsentsu berriak» lortu beharraz mintzatu da, eta bide horretan «mugimendu sozialek garrantzia» dutela azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna