Albistea entzun

Osasungarri edo gaitz iturri?

Askotariko iritzi eta galderak eragin ditu OMEren txostenak, haragi prozesatuak minbizi eragile diren gaien zerrendan sartuta. Adituek argi dute: elikagaien kalitatean eta neurrian dago gakoa.
Haragi industriaren enpresa bateko langileak, saltxitxak egiten.
Haragi industriaren enpresa bateko langileak, saltxitxak egiten. GAETAN BALLY / EFE

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Ainhoa Sarasola -

2015eko urriak 29

Osasunaren Mundu Erakundearen azken txostenak hautsak harrotu ditu. Haragi prozesatuak minbizi eragile diren gaien zerrendan sartu izanak kezka, eztabaidak eta askotariko iritziak sortu ditu mundu zabalean. Zorroztasun zientifikorik eza eta alarmismoa egotzi dizkiote OMEri haragiaren industriako hainbat buruk, eta izan da txostena «fartsa» gisa definitu duen agintaririk ere. Galderak dira nagusi kontsumitzaileen artean ere. Hala, titularretatik harago, mamian sakontzen saiatu dira adituak. Zerbaitetan bat datoz gehientsuenak: elikagai jakin bat baztertzean baino gehiago, neurrian dago gakoa.

Bi dira txostenaren ardatzak: batetik, haragi prozesatuak jatearen eta kolon edo ondesteko minbizia izatearen arteko lotura egiteko «nahikoa ebidentzia» badela dio; eta, bestetik, azaldu du haragi gorria ere kantzerigenoa dela «ziur aski». OMEren menpeko IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak osatu du txostena, eta edukia zehatz azaldu dio BERRIAri Dana Loomisek, IARCeko zuzendariordeak: «Haragi prozesatua kontsumitzea gizakientzako kantzerigeno gisa sailkatu genuen, bereziki ikerketa epidemiologikoetan oinarrituta, zeintzuek erakusten baitute koloneko minbizia izateko arriskua handiagoa dela haragi prozesatua kopuru handian jaten duen jendearengan. Sailkapen horren arabera, bada nahikoa ebidentzia zientifiko errateko haragi prozesatuak sor dezakeela koloneko minbizia zenbait zirkunstantziatan. Loturak atzeman dira, halaber, haragi prozesatua jatearen eta urdaileko minbiziaren artean, baina harremana ez da hain ziurra». Haragi gorria jatea, berriz, «gizakientzat segur aski kantzerigeno gisa» sailkatu dutela ere azaldu du, bereziki koloneko minbiziarekin lotuta. «Sailkapen horren arabera, ebidentzia zientifikoek iradokitzen dute haragi gorria jateak koloneko minbizia eragin dezakeela zenbait zirkunstantziatan. Pankreako eta prostatako minbiziarekin ere loturak atzeman dira, baina informazio gutxiago zegoen minbizi horiei buruz». Edonola ere, azaldu duenez, «dauden datuekin» ezin da zehatz esan minbizia sortzeko arriskua haragiaren osagai jakin batekin edo prestatzeko moduarekin loturik ote dagoen. Haragi ekologikoaren kasuan ere, lotura hori finkatzeko daturik ez dagoela gaineratu du.

Tabakoaren, amiantoaren eta plutonioaren talde berean dago orain haragi prozesatua, baina gaien arteko alde nabarmenak daudela ere zehaztu du Loomisek. «Zigarroak erretzea, amiantoarekin lan egitea eta halako kantzerigeno ezagun batzuekin alderatuta, haragi prozesatua jateak dakarren minbizi arriskua askoz txikiagoa da: zigarroak erretzea baino hamar aldiz txikiagoa, adibidez».

Ildo beretik mintzatu da hedabideetan ikerketaren arduradun Kurt Straif IARCeko ordezkaria, eta ikerketaren balioa defendatu du: «Esparru honetan onenak diren zientzialariak izan dira dauden froga zientifiko guztiak aztertu dituztenak, interes gatazkarik edo bestelako taldeekin loturarik ez duten zientzialariak, eta ondoriorik egokienera iritsi dira». Gehiegizko alarma sortu izanaren akusazioari ere erantzun dio, «gaizki ulertuak» industriak eta hainbat hedabidek sortu dituztelakoan. «Industrian edo gugan konfiantza jartzea, hori publikoaren esku uzten dut», gehitu du.

Ez ditu ezustean harrapatu

Harrabotsa sortu badu ere, albisteak ez du harridura handirik sortu zientziako eta, zehazki, osasun arloko profesionalen artean. «Gauza jakinak ziren gutxi gorabehera; txostenak egin duena da aztertu zer ebidentzia dauden zientifikoki hori esateko. Haragi gorriaren kasuan, ebidentziak mugatuagoak dira», adierazi du Arantza Etxeberria onkologia medikuak. Koloneko eta digestio aparatuko minbiziak artatzen ditu Etxeberriak Donostiako Onkologikoan, eta halako gaitzen sorreran elikadurak pisurik baduela bai, baina «beste faktore bat» baino ez dela dio. Jakina da elikaduraz gain aldagai genetikoak, ingurumenekoak eta bestelakoak sartzen direla jokoan.

Hala ere, OMEk datutan zehaztu du minbizia garatzeko arrisku hori, haragi prozesatuaren kasuan: egunero 50 gramo janez gero %18 areagotzen dela adierazi du. Datu hori bestelako aldagaiekin nola lotzen den zehaztea «oso zaila» dela uste du Etxeberriak: «Aldagai anitzeko analisi bat egin beharko litzateke horretarako». Esaterako, aurrez genetikoki minbizia garatzeko joera izan dezakeen pertsona bati gaitza agertuz gero, adituaren ustez, oso zaila litzateke jakitea elikadurak edo beste faktore batek eragin duen.

Adituak ez du uste orain haragia jateari utzi behar zaionik, ez behintzat «neurrian» janez gero. «Jendeak neurriak hartzeko jakinarazten dira horrelakoak, baina kontua ez da orain ez dela ezer jan behar, baizik eta neurrian jan behar dela. Bagenekien haragi asko jatea ez zela osasuntsua, baina kontua ez da orain pentsatzea koloneko minbizia izango dudala haragi asko jan dudalako, ez».

Dieta osoari begiratu

Orain artean adituek emandako elikadura gomendio eta irizpideak ez dira zertan aldatu OMEren txostenaren ondotik, Cristina Perez nutrizionistaren ustez. «Badakigu ez dela egunero haragia jan behar, are gutxiago prozesatua bada. Azken batean, haragia astean hiru egunetan hartzea gomendatzen da, oro har, gorria barne. Izan ere, batzuetan haragi gorria txarrena balitz bezala aipatzen da, baina oilaskoa prozesatua bada, ez da ona. Aurrez ere aipatu izan denez haragi gorria ez dela ona-edo, jende askok oilasko asko jaten du. Eta ezer ez da asko jan behar, denarentzat dago neurri bat, eta hori gainditzea da txarra, batez ere prozesatuak diren elikagaietan».

Hori baita irizpide nagusietako bat, Perezen ustez: elikagaien kalitatea. «Jakina da elikagai prozesatu guztiak, ez haragia bakarrik, kaltegarriak direla osasunerako, kopuru handietan janez gero. Zenbat eta prozesatuago, orduan eta okerrago. Ez da hainbeste esatea haragia txarra den edo laboreak txarrak diren, baizik eta bakoitzaren kalitatea begiratzea. Barazkiak ere, pestizida asko edukiz gero, kaltegarriak izan daitezke».

Dieta orok pertsonaren beharrei egokitutakoa izan behar duela azpimarratu arren, oinarrizko irizpide batzuk ere aipatu ditu nutrizionistak: «Frutak eta barazkiak egunero jan behar dira; laboreak ere maiz hartu behar dira, baina beti integralak; proteinen aldetik, hau da, haragia, arraina, arrautza eta lekaleak, astean 2-4 lekale eta arrautza errazio, eta 2-3 arrain eta haragi errazio hartzea komeni da; esnekiekin ere, egunean 2-3 errazio; eta olioak ere egunero hartu behar dira, baina olio onak».

Oro har, oraindik ere gizartean haragi gehiegi jaten dela uste du nutrizionistak, asteko gomendatutako 2-3 errazio horiek gainditu ohi direla. Hala ere, elikagai bati arreta osoa jarri ordez elikadurari osotasunean begiratu behar zaiola uste du Perezek. «Elikagai bakar baten aurka joatea ere ez da kontua; horrek kaltea baino ez du ekartzen. Elikagai bati buruz gomendioak eman ahal dira, baina elikagai ohitura batzuen eta bizi ohitura batzuen barruan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Martxelo eta Amagoia: lekuko aldaketa

«Kazetaritza egitea: hori da gure funtzioa»

Arantxa Iraola

Neurria ondo hartua diote elkarri. Otamendik 30 urte egin ditu zuzendari; Mujikak erredakzioko taupaden erritmoan egin du lan ibilbidea, eta, orain, arduraz hartu du zuzendari izateko «erronka». BERRIAren 20. urteurrenarekin batera dator aldaketa, egunkaria berritzeko ahalegin betean.
Martxelo Otamendi, Amagoia Mujika Tolaretxipi eta Beatriz Zabalondo ondoan dituela, atzo. ©JON URBE / FOKU

Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du Martxelo Otamendiren tokia

Jon Ordoñez - Arantxa Iraola

Erretiroa hartuko du Otamendik, 30 urtean 'Euskaldunon Egunkaria'-ren eta BERRIAren gidaria izan eta gero. Hedabide bietan zaildutako kazetaria da zuzendari berria; zuzendariorde egin ditu urteok
Lasterbidean lasterketako korrikalariak, atzo, Villabona-Amasan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Lasterbidean egin dute, euskal presoen eskubideen aldeko lasterketa

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Pertsona ugarik egin dute korrika Villabona-Amasan; hainbat kontzertu ere egin dituzte. BERRIA izan da lasterketaren laguntzaileetako bat

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurkezpena, Mungian. ©Aritz Loiola / Foku

Publikoa, 30. aldiz babestua

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaren Jaia ospatuko dute gaur, Mungian. Bestaren bitartez eskola publikoaren aldeko aldarria egitea da ekitaldiaren helburu nagusietako bat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.