Albistea entzun

Kuba. Fidel Castroren heriotza

Aldaketa handiak, gerorako

Fidel Castro hilda ere, berehala ez dute espero aldaketa handirik Kuban. 2018an utziko du kargua Raul anaiak, eta ordutik aurrerakoak dira zalantza nagusiak.
<b>Miguel Diaz-Canel Estatu Kontseiluko presidenteordea, Raul Castro presidentearekin, aurtengo Langileen Eguneko desfilean, Habanan.</b>
Miguel Diaz-Canel Estatu Kontseiluko presidenteordea, Raul Castro presidentearekin, aurtengo Langileen Eguneko desfilean, Habanan. ALEJANDRO ERNESTO / EFE

I. Petxarroman-O. Casagrande, Berriemaile bereziak -

2016ko abenduak 2 - Habana

Zer gertatuko da Fidel Castroren heriotzaren ondoren? Edo, zehatzago esanda, zer gertatuko da 2018an, agindu duen bezala, Raul Castrok agintea uzten duenean? Hori da, nazioarteko hedabide guztietan ez ezik, kubatarren artean ere egunotan gehientsuen egiten den galdera.

Nahiko garbi ematen du Kubako Iraultzak kontrolpean duela bere buruzagi nagusiaren heriotzak ekar zezakeen mugimendu politikoen soka. Komandantearen gaixotasunaren ostean, Raul Castro anaiak hartu zituen herrialdeko agintearen ardura nagusiak: Estatu Kontseiluko presidentetza, Kubako Alderdi Komunistako (PCC) lehen idazkaritza eta Indar Armatu Iraultzaileetako (FAR), hau da, armadako agintea.

Castrok 2018an karguak utziko dituela hitzeman du, eta hor hasiko da beste aldi bat Kuban. Iraultza egin zuten agintariak politikaren lehen lerrotik kanpo geratuko dira, horrenbestez. Gaur egun, Raul Castroz gain, haietako bi geratzen dira ardura garrantzitsuetan: Jose Manuel Manchado Ventura —86 urte ditu, eta PCCko bigarren idazkari nagusia da— eta Ramiro Valdes komandante historikoa —84 urte ditu—.

Beste belaunaldi baten esku geratuko da herrialdearen gidaritza, eta ikusteko dago nola banatuko diren indarrak euren artean. Bere izena ez aipatzea nahiago duen unibertsitate irakasle batek kazeta honi azaldu dionez, nekez espero daiteke ezuste handirik. «Fidelen ondoren Raul heldu zen moduan, orain presidentearen gertukoren batek hartuko du gidaritza».

Josemi Arrugaeta historialari eta analista politikoaren iritziz, «beharrezkoa» izango da indar ezberdinen arteko oreka bat: «Zibilen eta militarren artekoa, eta belaunaldi ezberdinen artekoa ere».

Tokiko analisten artean gehien aipatzen den izena Miguel Diaz-Canel da. 56 urte ditu, eta alderdiaren ikuspegi irekia islatzen du, neurri batean; alegia, ezin zaio leporatu aldaketen aurkakoa izatea. Gainera, zibila da, eta iraultzaren bigarren belaunaldiko ordezkaria. Haren belaunaldikoak izan dira azken urteotan Fidel eta Raul Castroren ondoan ibili diren Roberto Robaina, Felipe Perez Roque eta Carlos Lage. Guztiek ere, arrazoi ezberdinengatik, ez dute jaso agintari nagusien babesa, eta bidean geratu dira. Diaz-Canelek, ordea, aurrera egin du, eta 2013tik Estatu Kontseiluko lehen presidenteordea da, alegia, bigarren kargu instituzional nagusia.

Izendatu zuenean, hauxe esan zuen Raul Castrok Diaz-Caneli buruz: «Urrats esanguratsua da hau herrialdearen etorkizuneko zuzendaritza osatuz joateko». Asko aipatzen den beste izen bat Bruno Rodriguez Parrillarena da. Gaur egungo Atzerri ministroa, Diaz-Canel baino izaera kontserbadoreagoa duela diote bertako analistek.

Litekeena da Raul Castrok boterea uzten duenean, kargu garrantzitsuak hainbat pertsonaren esku uztea. Orain arte alderdiko eta estatuko ardura nagusiak Fidel eta Raul Castroren eskuetan geratu dira, nolabait, Fidelek zuen izaeraren ondorioz. Orain, lantalde baten alde egin dezakete, oreka politikoak eta ikuspegi zein interes ezberdinak eduki ditzaketen taldeen arteko oreka lortzeko.

Kontuan eduki behar da, gainera, Diaz-Canel alderdiko funtzionarioa izan bada ere, ez dela kasta militarreko kidea. Kasta militar horrek botere politiko eta ekonomiko handia du Kuban. «Raulen konfiantzakoak dira, eta gaur egun ere herrialdearen finantzaketaren eta ekonomiaren gaineko kontrol handia daukate», dio Arrugaetak.

Eduardo Heras Leon Kubako idazlerik ezagunenetako bat da. Literatur sari nazionala irabazitakoa da, eta gertutik jarraitzen du errealitate politikoa. Giron hondartzan borroka egin zuen inbasioa galarazteko, baina beti ez ditu harreman errazak izan iraultzaren gidariekin, bereziki bost-urteko beltzean, 1970eko hamarkadan. Gaur egun, Jorge Onelio Cardoso narratiba zentroko arduraduna da. «Etorkizunaren aurrean jakin-mina dago, baina ez beldurra. Orain, hutsune handia dugu, espero bagenuen ere. Baina konfiantza izan behar dugu iraultzan, nahiz eta ez jakin zer ekarriko digun».

AEBetako egoera

Erronkak ez dira makalak. Ekonomia ez doa Kubako agintariek aurreikusi bezala: %6ko hazkundea espero zuten aurten, eta %1ekoa izango dute, gehienez. Eremu produktiboan hutsune handiak daude, eta AEBen bahimenduak kalte egiten jarraitzen du.

Hain zuzen ere, hori aipatu du Heras Leonek. «Erotutako presidente bat iritsi dela dirudi orain. Sinestezina da esaten dituenak esatea, baina, hala ere, eta etorkizuna zaildu arren, uste dut atzera bueltarik gabekoa dela Kubaren eta AEBen arteko harremanen aldaketa». Horixe azpimarratu du Arrugaetak ere. Alegia, Barack Obamak esan izan duen bezala, AEBei interesatzen zaiela Kuban «trantsizio lasai eta ordenatu bat» gertatzea. «Hori norbaitek azalduko dio Trumpi ere».

Haren arabera, aldaketak iritsiko dira Kubara, ekonomikoak eta politikoak. «Herritarren lehentasunezko aldaketak, gaur egun, ekonomikoak dira. Baina politikoak ere etorriko dira gero». Haren iritziz, Trumpek Kubaren aurkako politika gogortuko balu, litekeena da herrialdean egingo den trantsizio horretan pisu handiagoa hartzea militarrek. Edozein kasutan, ekonomiaren gorabeherek ere garrantzi handia izango dutela azpimarratu du, eta baita Venezuelan, Bolivian eta Kubako aliatu diren herrialdeetako egoerak ere.

Ezin ezkutatu du Heras Leonek kezka pixka bat. «Raulek agindu du 2018ra arte jarraituko duela. Gero, auskalo nor izango den presidentea eta zer norabide hartuko duen herrialdeak. Fidelek esan zuena presente eduki behar dugu, alegia, kubatarrak garela iraultza desegin dezakegun bakarrak. Beraz, erne egon beharko dugu, gutxienez, iraultzaren konkista nagusiak ez daitezen gal».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eric Ciotti, Valerie Pecresse eta LRko presidente Christian Jacob, hurrenez hurren. ©CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE

Valerie Pecresse aukeratu dute LRko presidentegai izateko

Arantxa ElizegiEgilegor

Emakumezko presidentegai bat izango du lehen aldiz eskuin tradizionalak. Militanteen botoen %61 eskuratu ditu Ile-de-France eskualdeko hautagaiak primarioetako bigarren itzulian
Auzi-mediku talde bat Irak iparraldeko Baduxko espetxearen ondoan, bertan topatu zuten hobi komuna azertzen, joan den ekainean. ©AMMAR SALIH / EFE

NBEk «inflexio puntu bat» iragarri du Estatu Islamikoa nazioartean epaitzeko

Gorka Berasategi Otamendi

Unitad ikerketa taldeak adierazi duenez, nahikoa zantzu bildu du frogatzeko fundamentalistek gerra krimenak eta gizateriaren kontrakoak egin zituztela

 ©ALBERTO VALDS / EFE

Txileko ofizialismoak jakinarazi du Kasten alde egingo duela 19ko bozetan

Igor Susaeta

Sichelen esanetan, «ezkerreko populismoa garaitzeko» erabiliko du bere botoa. Bi presidentegaiak publikoki hitz egitekoak dira Parisirekin

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.