Albistea entzun

KRITIKA. Pastorala

Ez zen gugandik joan

IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS

Agus Perez -

2015eko urriak 13 - Iruñea

'Joxemiel Bidador, Iruñeko euskaldunak'

Lekua: Iruñeko Burguen plaza. Eguna: Urriak 10.

Arratsaldeko bostak kanpaietan jo eta istant batzuetara esan zituen Jose Angel Irigaraik Bidador pastorala aurkezteko hitzak, bere estilo literario jasoan. Ez zuten gutxiago merezi Bidadorrek berak eta Iruñeko euskaldunek, eta plazako harmailak betetzen zituzten ikusleak —adin guztietakoak eta Iruñetik zein urrundik ere etorriak— zerbait berezi baten parte sentitzen ziren, eguraldi ederra lagun, non eta Euskal Herriko hiriburuaren bihotzean ohorea eta duintasuna partekatuz, jende eta elkarte askoren elkarlan eredugarriaren ondorioz.

Elkarlan, mugarri eta sentikari kontzeptuak aipatu zituen Irigaraik, eta hirurak bete ziren, ederki bete ere, bertsetak, kantua, dantza eta beste hainbeste elementu eduki zuen pastoral berritu honetan. Arizaleen hasierako sarrera bertatik bertara ikusteko aukera izan nuen, eta beren begietan garbi antzematen zen zirrarak eragindako distira. Gaurko denboretako jantziek tankera dotorea ematen zieten denei eta bereziki turkoen bandokoei, haien janzkera bariatuak eta guztietan brodaturiko zerrendak zirela medio.

Adore handiz sartu ziren guztiak joko-eremura, «hemen gara gu» esango balute bezala, urdinak zein gorriak izan, eta horrek garbi adierazi zigun entsegu askoren fruitua zela ikuskizuna eta antzezleak dena ematera etorriak zirela, abaguneak eskatzen zuen bezala. Aritz Ibañez errejent erdia lehen harmailan zegoen, testua badaezpada errezitatzen, baina arizale bakar batek ere ez zuen haren laguntzaren beharrik izan, denen baitan zegoen segurtasunaren seinale. Beste errejent erdia —Ihitz Iriart zuberotarra eta Amaren alabak taldekoa— antzezleen artean aritu zen kantari, bere ahots preziatuarekin abesbatza osoko kantuak edertuz.

Ohiko pastoralen ildotik at, protagonista bera ez zen fisikoki irudikatu, eta haren rola kontalari batek bete zuen, Bidadorren merituak aldarrikatuz eta haren poema batzuk errezitatuz Hutseaniko hazkurria liburua eskuan zeukala. Hagiografiaren bide horretatik, ikertzaile eta ekintzailearen hurbileko batzuek hartu zuten hitza, hunkiturik, gogora ekartzeko harekin izandako pasarte esanguratsuak, eta Juan Sainzek aipatutakoak ederki laburbildu zuen Joxemielen sanotasun itzela. Bestetik, Joxemielek, San Lorentzoko dantzanteak taldearen sortzaileetariko bat izateaz gain, erro sakonak ezarri zituen Tuteran, eta horrek guztiak ahalbidetu du bai dantzariak bai Tuterako erraldoien konpartsa eta gaiteroak emanaldiaren erdian agertzea, ikuskizunari bizitasuna emanez eta Nafarroako aniztasuna ezin hobeto islatuz.

Bidador, ordea, sinbolikoki agertu zen Makagorri iratxoaren pertsonaian, turkoen taldeari adorea oparituz eta erregimeneko ordezkari urdinei egiak esanez. Hain zuzen ere, hautu horrexetan datza eszenaratze eredugarri honen balio nagusia, boteretsu gezurtien kontrako zirikatze lanean alegia, eta balio mespretxatuen aldarrikapenean, Bidadorrek nahi izan zuen bezalaxe.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...