Jarauta, Tarzanen oihana

Sanferminetako oihanean, gau giroan, oihanik itxiena izan daiteke Jarauta. Beti jendez gainezka. Eguerdian, beste itxura bat dauka, baina beti bada inor bermuta hartzen. Kale luzearen erdi aldera, jende multzo bat bilduta dago. Euren artean, Jon Maia bertsolaria nabarmentzen da. Eskailera bat du paratua Aldapa peñaren aurrealdean, eta handik gora igo da, balkoi estu batean sartzeko. Alboan hiru bandera ditu, Nafarroakoa eta ikurrina tarteko. Parez pare, berriz, La Unica peñaren goialdean, balkoi zabalago batean, Onintza Enbeita eta Julio Soto bertsolariak daude. Balkoitik balkoirako ordubeteko saioa egin dute hirurek, gai-jartzailerik gabe, balkoietako ikusmirak eskaintzen dien gaitik gairako salto librean.
Jon Maiak ekin dio saioari, eta berehala beste biek iseka egin diote igotzeko erakutsitako trebeziagatik. «Kontserbatu duzu elastizidadea», bota dio Enbeitak. Hari horri tiraka, Sotok kantatu du gorputza balkoi estuan sartzeko aldatu duela dieta: «Gorputza bai, baina bi hankak doaz metrotik metrora, hargatik dauzka behatzen puntak barrotetik kanpora». Erantzuterakoan, Maiak hartu du jauzia emateko erreferentzia egokia. «Zer graziosoak horko bi horiek, a zer koldar kuadrilla (...). Liana bat daukat hemen ondoan, gainera nago abila, Tarzan bezala pasa naiteke Jane eta Txitaren bila».
Ateraldiak lehen barre algarak eragin ditu, eta Tarzan helduleku aproposa izan da hirurentzat. Enbeitak lehenik eta Sotok gero, erantzun diote. Soto, bere gaztetasuna baliatu du: «Tarzanen gisa egingo duela eta erortzen bada bun, Jane eta Txina aipatu ditu eta niretzat ezezagun. Erreferentzia horietan nahasten naizelako, lagun; zuen aldean gaztea naiz ni, nik Songoku ikusten nu(e)n». Maiak jarraitu du Tarzan bezala mozorrotuko dela esanez. Saio osoan ez da aipamen bakarra izan. Jarauta bera Tarzanen oihan bihurtu da ordubetez.
Iruñean eta Nafarroan izaki, ezinbestean, liana hartu eta Jon Maiak Nafarroako egoera politikorantz eta aldaketarantz egin du jauzi, «orain abangoardia eta lider» dela kantatuz: «Bizkaitar eta gipuzkoar jada ez gara ezer». Enbeitak nafarren poztasun «infinitua eta predikua» aipatu eta Sotok aldaketa-ri erreparatu. «Aldaketa bueno etorri da Nafarroara, aldaketa joan da baita Gipuzkoara, hemen aldatzen ez dena beti Bizkaia da».
Iruñea ezinbestean atera da erreferentzia gisa. Aurreko alkatearen abizen bera duela baliatuz, Maiak proposatu du Donostian behar dela «Maia alkatea». Enbeitak ere Bilbora ere joateko eskatu dio. Sotok, arrapostua: «Ai Euskadiko arreba eta anaiak, aurpegira begiratu eta triste bisaiak, Iruñean aldatu direnez garaiak, orain balantza egiten du Maiaren mahaiak». Maiak ezinbestean alkateari egin dio aipamen: «Bilbon kantatzen dute aliron-aliron, eta Iruñean Asiron-Asiron».
«Parlamentu erdia»
Jarautako oihan horretara EH Bilduko aurpegi ezagunak bildu dira, eta Maiak iseka egin du, «parlamentu erdia Jarautan» dela abestuz. Enbeitak berehala heldu dio gaiari: «Onintza sentitzen da plenoan bezala».
Horrela jardun dute elkarri gai librean, elkarren artean iseka eginez. Amaieran, agurreko bertso bana bota du bakoitzak. «Eskerrak ematerakoan balkoitik bajatzerako, gaurko parranda ez dugu guk utziko biharko, aldaketaren usaina Iruñera sartzerako eskerrik asko Iruñea, Unica eskerrik asko, aldaketa kaleetan sortzen dakizuelako», Enbeitak. «La Unica da berdea eta Iruñea da morea, baina kolore bat ez da bestea baino hobea, euskaraz ematen dio kaleari kolorea», Sotok. Eta azken bertsoa Maiak amaitu du: «Legediaren zigorra, lapurretaren misila, resistentzia hasieran, antolatu zen kuadrilla, eta orain da garaipenerantz bildu da ehunka mila. Goazen konplejurik etorkizunaren bila».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.