Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Iritzia Ekintzailetza kolektiboa

Publizitatea

Iritzia

Ekintzailetza kolektiboa

 
BERRIA

2015-12-13 / Nagore Vega - Olatukoop-eko lehendakaria

Ekintzailetza eredu berri bat behar dugu, tokiko garapen ekonomikoa eraldatu nahi badugu. Ez dago beste aukerarik. Gaur egun, merkatuak ez dauka gaitasunik lanpostu berriak sortzeko, eta ez du izango ere; egungo sistema ekonomikoaren krisia ez baita krisi soila, besterik gabe pasatuko dena. Krisiak sistemikoak dira, sistemak berak eragiten ditu, eta, kontrakoa saldu nahi diguten arren, ez gara inoiz bueltatuko azken «krisi» honen aurretik bizi genuen egoerara. Bidegurutze horretan, hiru aukera ematen zaizkio langabezian dagoenari: formazioa, lan bila atzerrira joatea edo ekintzaile izatea.

Formazioa, adibidez, ez dago denen eskura. Masterrak, esaterako, (ia) beti oso garestiak izaten dira. Nork ordain ditzake? Gutxik, oso gutxik. Beste aukera bat kolokazio tailerrak dira. Horietan lanbide konkretu batean formatzen zaituzte, formazio horri lotutako lanpostu bat lortzeko. Baina, gehienetan, ez da lan desiratu hori ere topatzen.

Atzerrira ere joan zaitezke lan bila, bai. Aukera hori gazteei planteatzen zaigu bereziki, baina aukera bortitza da, nahiz eta esperientzia irabazteko aukera polit gisa saltzen diguten. Nori gustatzen zaio etxea, familia, lagunak... atzean utzi eta «behartuta» alde egitea? Gutxienez hautu hori borondatezkoa balitz...

Ekintzaile izateaz ere zer esan? Ekintzailetza ereduan indibidualtasuna sustatzen da orokorrean: «Zu zara ekintzailea, zu bakarrik, baina erantzukizun osoa ere zurea da». Horixe da hegemonikoa den eredua, arrakasta pertsonalean (edo hondamendi pertsonalean) oinarritutakoa, start up ereduari jarraiki. Finean, ideiak enpresa bihurtzea, finantzazioa eta saltzea bilatzen da. Hortik aurrera ezer ez.

Egoera horrela, OlatuKoopek beste ekintzailetasun eredu bat sustatu nahi du, kolektiboa, bizi proiektuak eraikiko dituena. OlatuKoop Ekonomia Sozial Eraldatzailea sustatzeko sarea da, sare sortu berria bai, baina ekintzailetza eredu ezberdina erakutsi nahi diguna eta eredua sortu nahi duena. Beste eredu bat.

Hori, baina, ezin dugu bakarrik egin. Beharrezkoa da tokian tokiko garapen ekonomikoko eragileekin aliantza bat sortzea, udalekin eta garapen agentziekin kasu. Gero, tokian tokiko behar sozialetan oinarritutako diagnostikoak egin beharko ditugu; tokian tokiko formazio profesionaleko eragileak ezagutu; Ekonomia Sozial Eraldatzaileko esperientziak azaleratu; eragile publiko, kooperatibo eta komunitarioak saretu; jendartearen benetako beharrak asetzera bideratutako proiektu berriak sustatu...

Aliantzak martxan jarri ondoren, tokiko merkatu sozialen kateak osatu ahal izango ditugu eta proiektu kolektibo berriak sortu. Hala, tokian tokiko proiektu kolektibo eraldatzaileek hasieratik toki bat izango dute, hasieratik ehun ekonomiko berria sortu eta trinkotuko dute, proiektuen eta eskualdeen bideragarritasuna ahalbidetuz, epe luzerako ikuspegiarekin. Hasieran argi utzi dugu: proiektu kolektibo eraldatzaileekin tokiko garapen ekonomikoa eraldatzea da gure asmoa. Asmoa baino gehiago, egia esan, horixe baita dagoeneko egiten ari garena, txikitik saretuz. Zuek ere ongi etorriak zarete.

Publizitatea

Sortu kontua

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak