Albistea entzun

Bosgarren belaunaldia ere loratuko da aurten

Gernikako egungo arbola ihartu egin da. Batzar etxearen ondoan dagoen haritza bertatik kendu, eta otsail amaiera edo martxo hasierarako bosgarren belaunaldiak hartuko dio lekukoa. Era horretan, udaberri honetan ere Gernikako arbolak loreak emango dituela adierazi dute teknikariek.
Gernikako arbola, atzo. Adarrak lehortuta dauzka, eta sustrai berriak sortzeko gaitasuna ere galduta daukala adierazi dute teknikariek.
Gernikako arbola, atzo. Adarrak lehortuta dauzka, eta sustrai berriak sortzeko gaitasuna ere galduta daukala adierazi dute teknikariek. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Lander Muñagorri Garmendia -

2015eko urtarrilak 16

Betiko egongo zera / Uda berrikoa / Lore aintziñetako / Mantza gabekua / Errukizaitez bada / Biotz gurekua, / Denbora galdu gabe / Emanik frutuba». 1853. urtea zen Jose Maria Iparragirrek foruei kantatu zienean. Horretarako, Gernikako arbola hartu zuen sinbolo modura, mendeetan batzarrak egiteko erabili zen zuhaitz «sakratua». Eta era horretan sortu zuen gaur egun horren ezaguna den Gernikako arbola kantua. Hosto berde eta loreduneko zegoen zuhaitzari kantatu zion kantari urretxuarrak, Aita Haritzaren ondorengoari, hau da, Haritz Zaharra esaten zitzaionari. Azken horren enborra gordeta dago, eta gaur egun Gernika-Lumoko (Bizkaia) batzar etxearen alboan XIV. mendeko jatorrizko arbolaren laugarren belaunaldia dago zutik. Zutik, baina hilik. Otsailean helduko da, beraz, bosgarren belaunaldia, egungoa sikatu egin baita ur gehiegi zuelako.

Lehenengo hiru zuhaitzek mendetik gorako bizia izan zuten, eta azkena izan da bizi laburrena izan duena. Arrazoiak ere eman zituen Kepa Txarterina Basalan Bizkaiko basoak zaintzeko erakundeko ingeniari agronomoak joan den irailean Bizkaiko Hitza-n eskainitako elkarrizketan. Orduan, zuhaitza «ahul», baina bizirik zegoen: «Termino zehatzean anoxiak eragindako estresa dauka. Landare ontzi batean dagoen landare bat ureztatzen bada, ur hori lurrundu beharrean lurrean geratzen bada eta, gainera, azpian buztina badu, buztin horrek ur guztia hartzen du. Lur eremu hori oxigenorik gabe geratzen da». Eta hori gertatu zaio Gernikako arbolari. Atzo egindako agerraldian azaldu zuen ur hori zergatik ez den lurruntzen. Batzar etxeak itzala egiten dio zuhaitzari eta inguruan duen lurrari, eta horrek eguzki orduak gutxitzen dizkio. Hori nahikoa ez eta, iraganean ez bezala, Gernikako arbolaren inguruko lurretan eraikin gehiago altxatu dira. Porlan gehiago, finean. Beraz, zuhaitz sinbolikoa landare ontzi handi batean geratu da, bere porlanezko horma eta guzti. Eta horiek izan litezke, besteak beste, egungo zuhaitzak garatzeko izan dituen arazorik nagusienak.

Baina berdin gertatuko zaio Gernikako arbolaren hurrengo belaunaldiari ere. Hau da, landare ontzi handiak bere horretan jarraituko du, eta batzar etxearen eraikinak, ingurukoekin batera, itzala egingo dio. «Zailtasun berberei egin beharko die aurre zuhaitz berriak. Landare ontziaren erdian jarriko dugu, lur gehiago izan dezan inguruan, baina arazoak hor jarraituko du», azaldu du Txarterinak.

Abuztuan hasitako lanak

Zuhaitza ondo ez zegoela iazko martxoan jabetu ziren teknikariak. Ohi baino kimu gutxiago zituela ikusi zuten, eta udaberria iristearekin batera beste urte batzuetan baino orri gutxiago atera zitzaizkiola azaldu zion Txarterinak Bizkaiko Hitza-ri. «Ekainean itxura ahula nabaritu genion: hosto txikiagoak, eta gerba eta akorda ugari zituen». Horri guztiari aurre egiteko, drainatze lanak egin zituzten, buztin kapa lehortu eta, era horretan, lurra oxigenatzeko. Zanga batzuk ere egin zituzten zuhaitza dagoen lekuan, eta horietan substratu geruzak ere jarri zituzten, sustraiak bertara bideratzeko. Hain zuzen, sustraiek hor oxigenoa topatu ahal izateko asmoarekin. Hori guztia gehiegizko hezetasun hori gutxitzeko egin zuten, baina ahaleginek horiek guztiek ez dute fruiturik eman.

Miren Dañubeitia EHUko ikerlariak atzo aurkeztu zuen abenduaren 16an Gernikako arbolari egindako azken «azterketa sakona». Eta hor ateratako ondorioak argiak dira. «Adarren azala igurtziz gero, ez da kolore berderik ikusten, marroia baizik. Horrek esan nahi du adarra hilda dagoela». Gainerako adarretan ere berdin: kolorea galdu dute, baita malgutasuna ere. «Sustraiak lehortuta daude, eta eskuekin erraz hauts daitezke, lehortutako egurraren soinu bereizgarria egiten duela», dio txostenak. Ez hori bakarrik, arbolak ez du sustrai berriak sortzeko gaitasunik azaldu. Azkenik, zuhaitza bere onera ekartzeko, zulo batzuk egin zitzaizkion enborrean, eta ongarria jarri bertan. Baina egindako zulo hori ez da orbandu, eta, ondorioz, zuhaitza hilda dagoela ebatzi dute ikerketan.

Arbolaren haztegia

Txarterinak atzo azaldu zituen egungo zuhaitzaren oinordekoaren bereizgarriak. Hamalau urte ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Arratiako ibarrean duen basoan hazi da urte hauetan guztietan. Baina ez da hil berri denaren ondorengoa, aurrekoarena baizik. Edozein modutan, prozesua zein izan den azaldu du: «Gernikako arbolak ematen dituen ezkurrak batu eta erein egiten ditugu, eta haztegian izaten ditugu hiru edo lau urtez». Ondoren, foru aldundiaren basoetara eramaten dituzte, han sustraitu eta haziz joan daitezen. Horietatik aukeratzen dute hurrengo Gernikako arbola zein izango den. Zuhaitza basotik batzar etxearen albora eramateko prozesuan, bereizgarri batzuk izan behar dituela ere azaldu du; besteak beste, enborraren tamaina. «Leku aldaketa horri aurre egiteko hamalau zentimetro inguruko diametroko enborra izaten da gehienera ere».

Baina hilik dagoen zuhaitza kendu eta berria jartzeko ingurua egokitu egin beharko dela azaldu dute Basalanek egindako txosten batean. Arbola jarriko den zuloa drainatu egin beharko dute, eta, ondoren, inguruko paretak egokitu. Prozesua amaitu ondoren eramango dute Gernikako arbola berria batzar etxearen albora. Ordurako otsail amaiera edo martxo hasiera izango dela pentsatzen dute. Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak esan du datorren udaberrirako loretan izango dela berriz ere Gernikako arbola. Era horretan, Iparragirrek abesten zuen kantuaren hitzak beteko dira beste urte batez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Zorionez, gazte lodia eta itsusia izan naiz»

Amaia Igartua Aristondo

Umoreak zeharkatutako feminismoa da Moranena: modu dibertigarri batean dihardu zahartzeaz eta sexuaz, besteak beste, baina zorrotza da, era berean. «Hori da ideiak helarazteko modurik eraginkorrena».
 ©MAIALEN ANDRES  / @FOKU

Atzera egin dezaketen karbono piezak

Jakes Goikoetxea

Karbono konposite birprozesagarria, birziklagarria eta konpondu daitekeena garatu du Cidetec zentro teknologikoak, erretxinaren lotura kimiko dinamikoetan oinarrituta. Hegazkinetan, autoetan, trenetan eta haize errotetan erabili ahal izateko ikerketak egiten ari da erakundeekin eta enpresekin.
Atzoko osoko bilkuran onartu zuten EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako zuzenketa. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Eusko Legebiltzarrak Madrili eskatu dio ekoizlearen definizioa aldatzeko

Urtzi Urkizu

Espainiako Ikus-entzunezkoen Lege berriaren definizioak mesede egiten die telebista talde handiei

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...