Turismoaren. hazkundea Nafarroa

Paisaiarekin bat eginda

Sanferminetatik harago bada turismorik Nafarroan, eta osasun ona du, nahiz eta beste toki batzuetako turista olderik ez izan. Gorakada iraunkorra izan du, eta bide orekatu horri eutsi nahi dio.
Turista bat, Mercaderes karrikan, Iruñean.
Turista bat, Mercaderes karrikan, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Joxerra Senar -

2016ko maiatzak 29
Iruñeko alde zaharrean, iruindarren artean, noizbehinka turistak ikusi ohi dira. Hiri paisaiaren parte dira, haren espazioa baldintzatu gabe. «Eredua asko zaindu da. Iraunkorra da, ez da inor arrotz sentitu. Ez dago inbasiorik, haren parte da turista. Ez da inbasore sentitzen, eta hiritarra ez da inbaditua sentitzen». Nacho Calvo Nafarroako Ostalaritza Elkarteko idazkari nagusiaren hitzetan, Iruñean gertatutakoa Nafarroako turismoaren ispilu da. Iraunkorra da, bai denboran bai bilakaeran. Neguko hilabeteetan jaitsi arren, jarioa etengabea da, eta 1999tik goranzko joera argia izan du. Bere neurrian, bat-bateko kolperik gabe.

Maitena Ezkutari Nafarroako Gobernuko Turismo zuzendariaren arabera, izaera iraunkor horri eutsi behar zaio, baina, era berean, turismoak bultzada behar du, herri askoren garapenerako aukera izan daitekeelako. «Herriak husten ari dira, gero eta artzain gutxiago dago, nekazaritza dagoen bezala dago, eta zerekin biziko dira herri horiek?». Natur baliabideek Nafarroari turismoan jauzi handiagoa emateko aukera ematen diote, baina «kontu handiz» egin behar dela deritzo. «Agian, orain arte oso protekzionistak izan gara». Aralar hartu du adibide gisa. «Jende asko dabil bueltaka, baina ez dago etekin bat, eta Aralarrek badu potentziala». Babesaren eta garapenaren arteko oreka bilatu behar dela dio.

Eredu iraunkor horretan salbuespena sanferminak dira. Edozein atzerritarri galdetuz gero Iruñeari buruz, ziurrenik ez dute jakingo mapan kokatzen, baina askori ezagun egingo zaie running of the bulls (entzierroa, ingelesez). Iragan urteetan Nafarroa mapan kokatzeko erakusleihoa izan dira festak, baina egoera aldatzen ari da. Aurten, Australiako bidaia antolatzaileek sanferminak saltzeari utzi diote, eta 10.000 australiar ez dira etorriko Aritzaleku kanpalekura. Erresuma Batuan ere gauza bera gertatzen da. «Alderdi animalistak presio talde indartsua dira, eta debekatu egin dute salmenta hori», azaldu du Ezkutarik.

Horrez gain, festaren irudiak eta ereduak kezka pizten du. Lehen aldiz, gobernuak azterketa bat landuko du, sanferminak baino hamabost egun lehenago eta geroago festari buruz mundu osoan sare sozialetan eta komunikabideetan esaten diren aipuak entzuteko. «Irudi sexista, kalean edatea... Deriba bat nabari da», dio Ezkutarik. Sanferminek urte osoan izan dezaketen eraginak sortzen du kezka batik bat. Azken finean, turismoa erakartzeko traktore nagusietakoa izan da.

Bilakaera ona

Hodei beltz hori kenduta, etorkizun hobea izateko abiapuntu egokia du Nafarroak. Beste gune batzuekin alderatuta, ez du turista olderik, baina horrek ez du esan nahi bigarren mailako sektore bat denik. Datuei begiratuz gero, 1999tik gaurdaino enpleguak urtero %2,2ko hazkundea izan du batez beste, eta krisi urteetan %0,6koa. «Zer beste sektorek esan dezake hori?», galdetu du Calvok. 2009an zein 2011n beherakada txikiak izan arren, Nafarroara etorritako bidaiari kopurua %78 handitu da azken hamabost urteetan. Iazko emaitzak inoizko hoberenak izan ziren, eta, Calvoren arabera, «aurtengoak are hobeak izateko bidean dira».

Ostalarien ordezkariak onartu du txarra dela gehiegi haztea. «Ez dut bi egunetan sabairaino igo nahi, sektorea ez dagoelako prestatuta, formakuntza behar duelako». Uste du enpresaburuentzat ere ona dela oinak lurrean izatea, eta «pixkana handitzea» inbertsio neurritsuak egiteko. Los Arcosko zirkuitua da egin behar ez denaren adibide argi bat. Pozik azaldu da lehen aldiz gobernuak turismoa sektore estrategiko gisa proposatu duelako. Espero du sustapenean egungo hiru milioi euroak baino gehiago inbertitzea.

Diruaren muga ez du ukatu Ezkutarik. Baliabide urriek turismoaren kudeaketa hobetzera behartzen dute. «Dirua eskatu eta emateko urte askoan gobernuak izan duen dinamika hori aldatu behar da». Haren ustez, Europatik dirua lor daiteke, baina elkarlana hobetu behar da derrigorrean. Herri eta haranen artean elkarren arteko lehia oztopo dela ziurtatu du. «Bakoitzak bere herria saldu nahi du, eta ondokoa ez du ikusi ere egin nahi», esan du Ezkutarik. Pirinioak dira adibide. «Partzuergo bat zegoen lehenago, baina desegin zen, eta orain zailagoa da politika bat garatzea, bailara guztiekin hitz egin behar duzulako eta bakoitza bere aldetik doalako». Ezkutarik nabarmendu du urrian Nafarroako Pirinioetan lau proiektu interesgarri aurkeztu zirela Europako deialdi batera. «Kasu bitxia da. Lau proiektuok, mugaz bestaldekoekin ados jarri, eta kideak lortu zituzten Iparraldean; aldiz, ondoko bailarekin ez zuten hitz egin».

Norberaren interes hutsetik aldentzeak guztien onura ekarriko duela jabetzea ezinbestekoa da horretarako. «Pirinioak hobeto saltzen dira Iruñeari lotuta, eta alderantziz. Turismoak ez du mugarik», adierazi du Ezkutarik. Guztiz ados dago Calvo. «Muga politikoak politikariei interesatzen zaizkie, baina turistari bost axola zaizkio. Zergatik ez dugu mugaz bestaldekoekin edo Aragoirekin Pirinioen sustapenean lan egiten? Babuak garelako, ez du zentzurik bestela». Nahiz eta Pirinioetako lan batzorde bat osatua izan, «ez du ezer egin».

Egin behar denaren eredu gisa jarri ditu Hego Euskal Herriko hogei kanpinak. «Elkarrekin egiten dute dena. Bezeroaren bila joaten dira, eta gero kanpin batera edo bestera joango da, baina gutxienez etor dadila. Hona badator niri ere eroriko baitzait zerbait».

UPNren itsukeria

Ikuspegi falta hori, dena den, ez da soilik haranen edo herrien gaitza. Lurraldeari berari ere gertatu zaio UPNren agintaldian. Bilbo eta Donostia arteko ardatzean elkarlan bide bat gara zezakeen, baina Euskal Herriarekiko lotura orori ihes egin zioten Sanzen eta Barcinaren administrazioek. «Nafarroak bere buruari begiratu dio bakarrik. Elkarlana ekonomiaren arlo guztietan bultzatu behar da, baina turismoan bereziki. Pentsa dezakegu politikagatik ez dutela hori bilatu, baina deigarriena da Errioxarekin eta Aragoirekin ere gauza bera gertatu dela».

Donejakue bidea da Nafarroan turismoaren beste indargune bat. «Bere kabuz» saltzen dela dio Calvok, baina uneotan hainbat arazo azaleratzen ari dira. Zenbait toki masifikatzen ari dira, eta erromesari amarrua egiteko pikareska kasuak ugaritzen ari dira. Luzera irudiari kalte egin diezaiokeenez, konponbideak bilatu behar direla deritzo Ezkutarik.

Atzerrira begira dago gobernua —osasunari buruz kezka duten errusiarrak, natura maiten duten herbeheretarrak—, baina baita gertura ere. Ezkutarik uste du Euskal Herrian ere sustatu behar dela Nafarroa, «gertuen dagoena errazago etortzen baita».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna