Laugarren saria,eta eskerrak
Aurten ez da zorte handirik izan

Ez da zorterik izan. Espainiako Gabonetako loteriaren sari nagusia asko berandutu da -agertu denerako gutxi falta zen zozketa amaitzeko- eta, beraz, ia azken momentura arte iraun dute jokalarien itxaropen eta ametsek. Baina azkenean errealitate gordina nagusitu da: lehenengo saria Hego Euskal Herritik urrun egokitu da, eta gainerako sariek utzitako apurra, 11 milioi euro inguru, huskeria da euskal herritarrek jokatua zuten ditu kopuruarekin alderatuta: ia 170 milioi euro.
Laugarren sarietako bat -bi zeuden- izan da Euskal Herrian diru gehien utzi duena. 07617 zenbakiari egokitu zaio laugarren saria, eta Ormaechea Bilboko loteria saltzaile ezaguna izan da onuradun nagusia: zenbaki horren 450 txartel saldu ditu. Bakoitzak 20.000 euroko saria ekarriko dio jabeari. Bederatzi milioi euro, orotara.
Ormaechea loteria dendako arduradun Sergio Etxebarriak adierazi duenez, zenbaki «txikia» da 07617, eta pentsatzekoa da horrek beharbada erosleren bat uxatuko zuela, baina, hala ere, 17 «bukaera polita» da eta jendeari gustatu egiten zitzaion. «Gehienak leihatilan saldu ditugu eta, beraz, saria oso barreiatuta dago», gaineratu du.
Air Liquide enpresan hala pentsatu zuten. 17 amaiera zuen zenbaki bat gordetzeko deitu zieten Ormaecheakoei, eta han 07617 zenbakia eman zieten. Zamudioko Teknologi Elkartegian dago enpresaren egoitza, eta atzo ospakizun eguna izan zuten han: dirutza ederra banatu dute langile eta langile ohien artean.
Ormaecheaz gain, Bilboko beste bi loteria dendatan, Gasteizen, Donostian, Iruñean, Oiartzunen, Bergaran, Irunen, Zarautzen (Gipuzkoa), Barakaldon, Abanto-Zierbenan (Bizkaia), Tuteran (Nafarroa) eta beste zenbait lekutan saldu dute laugarren sariduna.
Gainerakoan, zorterik ez
Gainerakoan, ez dute zorte handirik izan euskal jokalariek. Bigarren saria, esaterako, 92845 zenbakiari egokitu zaio, eta, horrekin batera, dirutza ederra, 125.000 euro txartel bakoitzeko, baina zenbaki horretako oso txartel gutxi saldu dira Hego Euskal Herrian: sei Nafarroan -Iruñean, Tuteran eta Mendabian-, hiru Bizkaian -Zornotzan, Ondarroan eta Urduñan- , bi Araban -Gasteizen eta Langraizen- eta beste bi Gipuzkoan -Donostian eta Urretxun-. Orotara, 1.625.000 euro.
Horiez gain, sari txikiagoak ere iritsi dira Euskal Herrira, askoz diru kopuru murritzagoekin. Beste laugarren saria, esaterako, 67009 zenbakiari egokitu zaio, eta horren zati bat San Adrianen (Nafarroa) saldu da. Bosgarren sarietako batek, 60090 zenbakiak, 60.000 euro utzi ditu Iruñean eta 6.000 Bilbon. 74012 zenbakiari ere bosgarren sarietako bat egokitu zaio, eta zenbaki horretako txartel bat saldu da Gasteizen. Erosleak sei mila euro irabazi ditu.
12174 zenbakiari, berriz, sari txikietako bat egokitu zaio, baina diru kopuru polita ekarriko du. Nafarroako Autismo Elkarteak saldu ditu zenbaki horren txartelak bere kide eta laguntzaileen artean eta, guztira, 85.000 euro banatu ditu.
Espainiako Estatuak 2.472 milioi euro lortu ditu Gabonetako loteriaren salmentetatik aurten, iaz baino %4,64 gehiago. Dirutza horretatik %30 estatuarentzako irabazi garbiak dira, eta gainerakoa, %70, sarietara bideratu dute, baina eman gabe gelditutako sariak ere Espainiako altxortegira joango dira.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.