Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura «Operak denetariko publikoa du: oso jantzia zein lehen aldiz doana»

Publizitatea

Kultura

Donostiako 78. Musika Hamabostaldia. Clara Mouriz. Mezzo-sopranoa

«Operak denetariko publikoa du: oso jantzia zein lehen aldiz doana»

Erresuma Batuan garatu du abeslari bidea Mouriz kantari donostiarrak. Jaioterrian da egunotan, 'Figaroren ezteiak' operako Cherubinoren rola jokatzeko. Lehen aldia du «etxeko» jaialdian.
Argazkia: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

2017-08-12 / Itziar Ugarte Irizar

Gizarte gisa «musikaren edertasuna» behar dugun garai batean gaudela uste du Clara Mourizek. Donostiarra da, baina gaztetan abeslari bidea lantzeko utzi zuen hiria, eta atzerrian dabil ordutik. Aurreneko aldiz abestuko du Musika Hamabostaldian, bihar; Figaroren ezteiak operako Cherubinoren rolean.

Nondik nora egin duzu mezzo-soprano izaterainoko bidea?

Musikan biolina jotzen hasi nintzen, eta, kantuan, Donostiako Orfeoian hasi nintzen, oso-oso gazte nintzela. Madrilen jarraitu nuen nire kantu ikasketekin, arkitektura ere ikasten nuen bitartean. Atzerrira joateko aukera izan nuen gero, eta eskaintza gehienak Ameriketako Estatu Batuetatik etorri arren, Londresko Royal Academyra joan nintzen. Erresuma Batuan garatu dut, ordutik, nire bidea. Wigmore Hall aretoa —ganbera musikaren katedrala Europan— eta BBC izan dira nire karrera bultzatu dutenak.

Hamabostaldira operak ekarri zaitu. Zertan zabiltza bestela?

Freelance-a naiz, ez nago antzoki edo musika talderen bati lotuta. Nire agentearen bidez betetzen da nire agenda, ekoizpen ezberdinekin. Ganbera musika egiten dut gehien, piano errezitalak. Orkestra sinfonikoekin solista lanean ere asko nabil azkenaldian; asko gozatzen dut hori.

Bazter oso ezberdinetako jendea elkartuta, izan duzuen lankidetza azpimarratu duzue. Nola joan da obraren prestaketa?

Uztailaren 1etik aritu gara lanean denok batera. Kondea estatubatuarra da, kondesa italiarra, Susanna errusiarra, Figaro kataluniarra... Sekulakoa da osatu duten kantari zerrenda, eta harrigarria ahotsek nola egin duten bat. Plazer hutsa izan da.

Lehen aldiz kantatuko duzu Figaroren ezteiak?

Ez, izan nuen lehen rola izan zen, hain justu. Gerora ere, askotan egin dut, baina beti daude aldaketak; egin dudan Cherubino bihurriena dela iruditzen zait hau.

Asko aldatu zaizu ahotsa ordutik?

Abeslari baten bizitzako gertakari guztiek eragiten dute ahotsean. Ama izan berria naiz, eta ikaragarri igarri dut. Jolas bat da aldaketa bakoitzari moldatzen joatea.

Ahotsaz gain, zenbat du antzeztetik operak?

Asko. Operan istorioa garatzen den parte errezitatiboa dago, eta, ondoren, aria, non sentimenduak adierazten diren. Egungo joera akzioa jarraitua izatekoa da, baina ekoizpen honetan ariak datozenean abeslariak agertoki aurrean jartzen gara, eta geldialdia dago. Madrilen egin genuenean, publikoko askok eskertu zuten musikari garrantzia emate hori.

Nolako publikoa biltzen du egun operak?

Denetarik dago. Antzoki batzuek oso publiko jantzia dute, etorri aurretik libretoak hasi eta buka irakurtzen dituztenak. Baina saio askotan aurkitzen dituzu lehen aldiz opera deskubritzera doazenak ere. Ez dakit nolakoa izango den Hamabostaldian izango duguna, baina, esan didatenez, opera ikusteko irrika handia egon ohi da.

Uste dut, gizarte gisa, edertasunaren beharra daukagula, eta opera magikoa da, arte asko batzen dituelako: antzerkia, musika, dantza, arte bisualak...

Lehen aldiz abestuko duzu Hamabostaldian. «Etxera itzultzea» dela aipatu duzu.

Bai. Jendearengan ikusi dudan ilusioak eman dit atentzioa, atzean lanean ari diren donostiar guztiengan. Uste dut jakitun direla zelako zortea den gustuko duzun horretan lan egitea gurea bezalako gauza espezifikoan, eta non eta etxean egin ahal izatea. Dena aldatzen du horrek, eta alaitasuna igartzen da.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak