Iñigo Martinez de Albornoz. Mendiko eskiatzailea

«Beti nire gisara joan izan naiz, inoiz ez dut oso serio hartu»

Heltzen ari da mendiko eskiko Euskal Herriko unibertso txikia txunditu zuen gaztetxoa. Aurtengoa du azken urtea juniorretan, eta lehiarako prest dago, baita nazioarteko lehiakideak estu hartzeko ere.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Unai Ugartemendia -

2016ko otsailak 2

Etxetik datorkion zaletasunari, tinko eusten dio, oraindik ere, Martinez de Albornozek (Donostia, 1996). Ez da atzean gelditzen direnetakoa. Gaztea izan arren, garrantzi handia du jada mendi eskiko euskal selekzioan. Europako Txapelketara joan aurretik hitz egin du BERRIArekin. Lagunekin eskiatzera joandako edozein asteburu-pasa batera joango balitz bezala hartu nahi du oraingoan ere lehia. Azkenean ez zuen lasterketa bukatu. Alde handi bat izango du aurtengoan; faboritoen artean sartua da. Hala ere, txapelketak ez dio lorik kentzen.

Nondik datorkizu mendiko eskiarekiko zaletasuna?

Betidanik gustatu izan zait elurra. Gurasoek ere beti eskiatu izan dute, eta oso txikitatik joan izan naiz Candanchura [Huesca, Espainia] eskiatzera. Jende gehiena bezala, ni ere eski alpinoan hasi nintzen. Denborarekin motibazioa galdu nuen, ez zitzaidan batere gustatzen herrestagailuetan zain egotea. Duela bost urte mendiko eskia probatu nuen, eta hemen nabil.

Aita ere asko ibilitakoa da mendiko eskian. Hark bultzatuta hasi zinen?

Berak aspalditik egiten du mendiko eskia. Telemark eski mota egiten zuten aurrenetarikoa izan zen, naiz eta gerora mendiko eskian ibili izan den. Zaletasun handia du, eta, gaur egun, Candanchun talde bat osatu du beste lagun batzurekin.

Beste kirolik egin izan duzu, eskiatzen hasi baino lehenago?

Surf ere egiten dut. Urte asko daramatzat horretan ere. Lagunekin egoteko aukera paregabea da, eta, nahiz eta lehen lehiaketatan ibili, orain utziak ditut.

Gaztetatik postu onak lortutakoa zara lehiaketetan. Horrek presio berezi bat sorrarazten dizu?

Beti nire erara joan izan naiz, inoiz ez dut oso serio hartu. Lehiaketetan parte hartu arren, beti saiatu izan naiz ondo pasatzen. Inoiz ez dut neure burua hestu hartu. Niretzat, eskia beti jolasa izan da, jokoa baino lehenago.

Betidanik euskal selekzioan ibilitakoa zara, lehen Aitor Muruarekin eta orain, berriz, Iñigo Larizekin. Alderik nabaritu al duzu?

Gauzak ez dira asko aldatu. Aitor izan zen hau dena sortu zuena, martxan jarri zuena, eta, orain, Iñigok jarraipena eman dio, besterik gabe. Bazekien Aitorrek nola lan egiten zuen, eta gauza gutxi aldatu du. Oso pozik gaude euskal selezioak aurrera jarraitzen duelako.

Zer eskatzen dizu hautatzaileak?

Ez izateko gaizki-ikasia, kar-kar. Egia esan, beste munduko gauzarik ez dit eskatzen.

Diziplina askotan ibiltzen zara lehiaketetan. Non sentitzen zara gusturaen?

Gusturaen, bakarkako probetan ibiltzen naiz. Eski alpinoa egin izanak jaitsieratan azkar ibiltzeko aukera eman dit. Agian, diziplina osoena delako da gehien gustatzen zaidana. Esprinak eta bertikalak ere gustuko ditut, nahiz eta oso gogorrak diren.

Espainiako txapeldun izan berri zara juniorretan. Zer esan nahi du horrek?

Aurretik ere izana nintzen, esprint eta bertikalen kategorian, baina aurtengoa ezberdina izan da. Azkeneko urteetan egindako lanaren ordainsaria dela esan dezaket. Oso lehiaketazalea naizenez, gustu handiz hartu dut saria.

Euskal Federazioaren laguntza handia jasotzen al duzue?

Asko laguntzen digute, egia esan, pribilegiatu batzuk garela esan dezaket. Gutxi garenez, gehiago izaten da banatzeko garaian. Bestalde, badira beste federazio batzuk apustu handiagoa egiten dutenak, kataluniarrak esaterako.

Zerk erakartzen zaitu mendiko eskian ibiltzeko?

Mendian paraje berriak ezagutzea oso gustuko dut, segurtasunarekin ibiltzea ezinbestekoa ikusten dudan arren. Gauza berriak probatzea, inork jaitsi ez dituen maldetan murgiltzea… Kirolaren aitzakian, leku asko ezagutzeko aukera ere izan dut.

Europako Txapelketan lehiatuko zara datozen egun hauetan, Zer espero duzu?

Aurtengo denboraldian ez nuen uste hain ondo ibiliko nintzenik, Munduko Kopako proban hirugarren egitea espero ez nuen bezala. Hori ikusi eta gero, lehen hiruretan sartzen saiatuko naiz dudarik gabe.

Faboritoen artean ibiliko zara?

Garaipena lortzea oso zaila da, baina podiuma gertuago daukat. Italiarrak, suitzarrak eta frantziarrak izango ditut arerio gogorrenak. Haiek baino atzerago nago oraindik, baina gero eta gertuago. Davide Magini italiarra da denetan aipagarriena.

Zein da euskal selekzioaren maila?

Garen apurrak izateko, oso maila ona daukagu. Eskiatzen jende asko ikusten dugun arren, gero, lehiatzeko garaian, oso gutxi gabiltza. Atzetik gazte asko datoz, eta itxaropena izan behar dugu.

Nolakoa izaten ari da denboraldia orain artean? Espero bezalako emaitzak izaten ari al dira?

Hasiera gogorra izan zen. Elur gutxi egin zuenez, oso urruti joan behar izan dugu. Gehienbat pistan ibili garen arren, asko eskiatu dugula esan dezaket, eta horrek asko lagundu digu lehiaketetarako prestatzen. Gezurra dirudien arren, italiarrek, esaterako, gu baino gutxiago eskiatu dute denboraldi-aurrean. Emaitzak, berriz, ez nituen inolaz ere espero. Helburua hau zen arren, aurrerago lortzea espero nuen. Aurtengo urtea da junior mailan arituko naizen azkena, eta aprobetxatu beharra daukat.

Nolakoa da lehiaketa egun bat?

Bi egun lehenago ibilbide motz bat egiten dugu, gehienbat ibilbidea pixka bat ezagutzeko. Gero, lehiaketaren bezperan, beroketa saio batzuk egiten ditugu, 30 minutu gutxi gorabehera. Lasterketak 10:00etan izaten dira gehienetan, eta horrek lo egiteko aukera ematen digu. 07:00etan jaikitzen gara, ondoren gosaldu egiten dugu eta jantzi egiten gara. Beroketa batzuk egin ondoren, lasterketa. Bukatu bezain pronto atseden hartzera joaten gara, hurrengo egunean beste lasterketa bat izaten delako normalean.

Zer da mendiko eskitik gutxien atsegin duzuna?

Okerrena, Donostiakoa izatea, kar-kar. Urrutira joan behar izaten dut elur bila. Horrez gain, pistetan ibiltzea. Azkenaldian asko laguntzen ari zaizkigu, Candanchun esaterako. Asko zaindu behar dugu nondik gabiltzan, ondokoari lagundu, eta errespetuz jokatu. Horiez gain, okerrena bidaiak izaten dira. Azkenaldian, bost edo sei aldiz joan naiz Alpeetara, eta oso nekagarria da.

Aitak errieta asko egiten al dizu?

Ez, ez, ez dit errietarik egiten, kar-kar. Noizean behian kirtenkeriaren bat egiten badut, bai, baina bestela ez. Etxekoek asko jarraitzen gaituzte, bai ni eta bai arreba ere. Askotan, aitona-amonak ere joaten dira gu ikustera, eta hori eskertzekoa da.

Euskal selekzioa definitzeko esango banizu?

Lagun talde bat gara, eta ikaragarri ondo pasatzen dugu. Eskiatzeaz gainera, barre asko egiten dugu.

Erraza al da ikasketak eta eskia uztartzea?

Unibertsitatean asko laguntzen digute. Egutegian ditugun lasterketen arabera, azterketak egunez aldatzeko aukera ematen digute, eta gelan ez egotea ere onartzen digute, justifikatua bada. Hala ere, oso ondo antolatu behar dugu urtean urtekoa aurrera ateratzeko. Kanpoan nagoenean saiatzen naiz ikasten ahal dudan einean behintzat.

Carla arreba ere euskal selekzioan ibiltzen da. Nolako etorkizuna dauka?

Oso motibatua ikusten dut. Juniorreko aurreneko urtea izango du, eta urte zaila izaten da. Gazteena izango da, lasterketak ere luzeagoak dira… Zailagoa da dena, baina emaitza onak egingo dituen errezeloa daukat.

Kilian Jornet ezagutzeko aukera ere izan duzu. Nolakoa da kataluniarra?

Lehen egunean bere ondoan afaltzen ari nintzela, ezin sinesturik nengoen. Oso umila eta jatorra da. Guretzat, ikaragarrizko laguntza da bera ondoan izatea. Munduko Kopan, esaterako, berarekin aztertzen ditugu ibilbideak, eta aholku asko ematen dizkigu. Nondik jaitsi, nola, arriskua non dagoen…trikimailu guztiak dakizki. Jarraitu beharreko norbait da Kilian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Silva Realekoa eta Politano Napolikoa, atzoko partidako une batean. Italiarren jokalariak egin zuen bere taldearen gola. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Beren legea ezarri dute

Jon Ander De la Hoz

Realak galdu egin du Europa ligako bigarren jardunaldian, Napoliren aurka. Txuri-urdinak ez dira gaizki aritu, baina italiarrek ofizioa baliatu dute irabazteko
 ©LUCA ZENNARO / EFE

«Oraindik ez naiz gorenera iritsi: hala diote sentsazioek eta datuek»

Eñaut Agirrebengoa

Aurreikuspen guztiak gainditu ditu Bilbaok Giroan. Etaparen bat irabazi eta noizbait arrosaz janzteko ilusioaz hasi zuen lasterketa, eta podiumetik gertu bukatu du. Hala ere, bere burua gai ikusten du beste koska bat igotzeko: «Zergatik ez?».
Achille Polonara, Bartzelonaren aurka, Espainiako Superkopan. ©R. D. L. ROCHA / EFE

Baskoniak Euroligan ere irabazi nahi dio Bartzelonari

Berria

Gasteiztarrek Kataluniako taldea hartuko dute gaur Buesa Arenan (20:30). ACB ligan, 82-71 nagusitu ziren

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna