Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Musu batek gorrotoa pizten badu

Ivan Cotroneoren 'Muxua' obran oinarrituta, izen bereko lana taularatuko du Tanttakak.

Viktoria Eugenian estreinatuko dute, 23an
Aurrean, Iruretagoiena, Gabilondo eta Morras antzezleak. Atzean, Bernues zuzendaria.
Aurrean, Iruretagoiena, Gabilondo eta Morras antzezleak. Atzean, Bernues zuzendaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Saioa Alkaiza Guallar -

2015eko ekainak 17 - Donostia

Antonio gustuko du Lorenzok, erakargarria zaio. Ikaskideak izanda, eskolako gela batean zerbait gertatuko da bien artean, eta irakasleak ikusi egingo du. Musu bat. Horixe izango da leherkaria. Sua piztuko duen pospoloa. Gero, maitasuna, gorrotoa, indarkeria... makina bat sentimendu izango dira Tanttaka Teatroak taularatuko duen Muxua obran. Ivan Cotroneo idazle italiarraren izen bereko liburutik abiatuz —Un bacio, jatorrizko bertsioan, Quin Zeberiok sorturiko moldaketa da antzezlana. Fernando Bernuesek zuzenduko du, eta Mireia Gabilondo, Haritz Morras eta Ander Iruretagoiena antzezleek interpretatuko dute. Aukera sexuala, bullying-a, homofobia eta gizartearen ardura landuko dituzte, besteak beste; betiere, xalotasuna eta humanismoa ardatz. Hilaren 23an estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokiko gela balioaniztasunean, eta 27ra arte egongo da ikusgai. 24ko saioa, gainera, berezia izango da: Gehitu eta Krisalis taldeekin batera, solasaldia antolatu dute emanaldi bukaerarako, antzezlanak kaleratutako gaiak hitzaren bitartez aztertzeko.

Benetako gertakari bat du oinarrian emankizunak: AEBetan, gazte batek beste bat akabatu zuen, orain urte batzuk, gaya zela eta maite proposamenak egiten zizkiola argudiatuta. Ingurumari horretan inspiratuta osatu zuen Cotroneok lana. «Eguneroko bizimoduan zipriztintzen gaituzten gaiak jorratzen ditu», esan du Bernuesek, eta are gehiago zehaztu: «Ardura soziala denok dugula jartzen du erdigunean».

Ertzez beteriko pertsonaiak

Hiru bakarrizketa ziren jatorrizko obran; haatik, batu eta elkarrizketak sortu dituzte Tanttakakoek. Hala, eszenografia xalo baten bidez, gaiaren ertzak eta kontraesanak plazaratu nahi dituzte. 35-40 lagun inguru baino bildu ezin dituen gelan, arbela bat eta aulki batzuk izango dira obra jantziko duten apaindura bakarrak.

Lanaren edukia zutabe izanik, gizarte homofobo batean bizi garela gogorarazi du Gabilondok, eta, horregatik, obrak gaurkotasuna duela azpimarratu du. «Istorioa iritsi egiten da», dioenez. Irakasle baten rolean sartzen da bera, «sekretu txiki bat» daukan emakume bat. Ikasleei laguntzen saiatuko da, baina ez du beti erraz edukiko. «Gazte horiek ez dira zoriontsu, baina zer egin dezakegu haien alde, geure burua laguntzen ere ez baldin badakigu?», galdera bota du airera.

Kontraesanak. Hain justu, horiek dira beste osagaietako batzuk. Lorenzo «ausarta» da, eta Antonio, aldiz, barnekoia eta gatazkatsua, Iruretagoienak berak nabarmendu duenez. Barrurago sartuta, baina, bigarren hori ere korapilatsua dela ohartuko da ikuslea. Soiltasunaren konplexutasunean finkatu dute erdigunea horrela. Era berean, Morrasek pertsonaia guztien sakontasunean jarri du arreta: «Pena handia ematen didate hirurek». Donostiako TAEko ikasle ohiak dira Iruretagoiena eta Morras, eta Muxua jendaurrean profesionalki antzeztuko duten aurreneko emanaldia izango da.

Bernuesek begiz jo du antzezlanak transmititzen duen edukia: «Deusek ez du deus justifikatzen, baina mapa sozialean zertzelada batzuk ematen ditu obrak... Atsekabeko testuinguru batetik ateratzea garrantzitsua dela dio». Aldarrikapen moduko bat ere bada. Gogora ekarri du «sentiberatasun handiz» egina dela muntatzea. Bertol Brechten hitzak akordura ekarrita ahalegindu da Muxua-ren funtzioa harilkatzen: «Artea ez da errealitatea islatzeko ispilua, lehertzeko mailua baizik».

Euskaraz gainera, urrian gazteleraz ikusteko aukera izango da. Bestalde, ikasgeletara eramatea ere gustatuko litzaieke. Donostia Kulturak martxan duen Eskolatik antzerkira zikloarekin oroitu, eta obra bertan txertatzea interesgarria litzatekeela esan du zuzendariak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Amaia Ezpeldoik aldez alde kanbiatzen ikusi du Euskal Herria»

Gorka Arrese

Amaia Ezpeldoi izena du Itxaro Bordaren pertsonaia literario nagusiak. Hiru hamarkada zeharkatu ditu, mende batetik bestera. Nobeleskoa da, detektibea delako; benetakoa dirudi, fikzioaz honago dagoelako.
Stanislaw Lem, 1962an, Krakovian (Polonia). ©EFE

Itsasoa, itsasoa

Joannes Jauregi

Stanislaw Lem idazle poloniarrak ehun urte beteko zituzkeen aurten, eta duela hirurogei kaleratu zen haren obra nagusia, 'Solaris' eleberria; nobela bikaina da, klasiko peto-petoa.

Mikrotasuna

Nagore Fernandez

Idazlea: Joxemari Iturralde. Argitaletxea: Pamiela.

Mamua galdekatzeaz

Asier Urkiza

Idazlea: Juanjo Olasagarre. Argitaletxea: Elkar.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.