Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro 20 urtez, kaleak kantuz

Publizitatea

Bizigiro

20 urtez, kaleak kantuz

Baionan Kantuz taldeak 20. urteurrena ospatuko du gaur Baionan. Euskal Herriko txoko askotako herri kantuen taldeak joango dira
Hainbat lagun elkartu dira hogei urte hauetan elkarrekin kantatzera.
Hainbat lagun elkartu dira hogei urte hauetan elkarrekin kantatzera. J.C BROCA

2017-04-22 / Julen Aperribai

Kantua kalera ateratzeko ez da inolako jakintza edo gaitasunen beharrik. Gogoeta horri heldu, eta Baionako Hiriondo eta Oihana ikastoletako hainbat gurasok Baionan Kantuz taldea sortu zuten duela 20 urte. Gaur ospatuko dute urteurrena, Baionan bertan, Euskal Herriko hainbat txokotatik joango diren kantu taldeekin batera, eta, ezinbestean, azken hogei urteetan egin duten bezala: kantuan.

Seiehun lagun elkartuko dira gaur bazkaritarako, Lauga kiroldegian, eta Euskal Herriko hainbat kantu taldek alaituko dute giroa, 17:00etatik aurrera. Goizean, berriz, bertakoen txanda izango da. 10:30ean elkartuko dira, eta etorritakoei kafea eta kantuen liburuxka banatuko zaizkie. Ondoren, kalean kantuan ibiliko dira, euskal kantu herrikoiak hedatuz. Horren osteko bazkariaren eta arratsaldeko kantu saioaren ondoren, dantzan jarriko ditu elkartutakoak Patxi eta Konpania taldeak, 19:00etan; hala amaituko dute ospakizun eguna.

Ipar Euskal Herrian, herri kultura dantza bidez atera zuten kalera lehendabizi —mutxikoekin, hain zuzen—, Guillaume Irigoienek gogoratu duenez: «Uztaritzeko [Lapurdi] dantzari ezagun batek hautsi zuen, nolabait, kode bat. Ordura arte, euskal dantzak dantza taldeek soilik ikasten zituzten. Pauso ofizial bat izan zen, eta erakusten zuen euskal dantza ez zela bakarrik dantza taldeena, baina baita herriarena ere».

Dantzarekin bezala, kantuarekin ere gauza bera egin nahi izan zuen Baionan Kantuz sortu zuen taldeak, eta, hala, Lapurdiko hiriburuko Lakarre plazan hasi ziren biltzen, hilabetean behin. Elkarretaratze horietan, ordubetez aritzen ziren kantuan. Lehen hilabeteetan, ikastoletako 40 bat guraso elkartzen ziren, eta, Baionako festetan «modu ez-antolatuan» aritu eta gero, urte bereko irailean «urrats esanguratsu bat» egin zuten, Irigoienen arabera: Baionako merkatuko galeriara igo, eta hura egin zuten beraien leku. «Horrek izugarrizko ikusmina sortu zuen. Guk gure tokia aurkitu genuen, eta jendearen begietara ere hartu genuen toki bat. Urrats sendoa izan zen, eta, hortik aurrera, taldea antolatu zen: diskoak atera, urtetik urtera hitzorduak finkatu eta abar».

Ospakizuna, indartsu

Egun, berriz ere Lakarre plazan, 30 lagun dira elkartzen direnak, soinulariak barne. Hilabeteko azken larunbatean egiten dute, irailetik maiatzera arte. Tuntuna izeneko taldea sortu dute, eta hura da Baionan Kantuz antolatzearen ardura duena. Lehengo berak dira, hala ere, eta hori izan daiteke datozen urteetan arazo, Irigoienek dioenez: «Pentsatu beharko dugu zer egin. Espero dugu oraindik urteetan irautea, baina formula berriak aurkitu beharko ditugu».

Etorkizunari aurrea hartu aurretik, ordea, orainari begiratu behar zaio, eta, alde horretatik, gustura da Irigoien taldearekin eta urteurren jaia izaten ari den oihartzunarekin.

Baionan Kantuz: hogei urte

Gaur, 10:30etik aurrera, Baionan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak