Katalunia. Prozesuaren nazioartekotzea

Estatu bat erabat aurka, eta mundu bat konbentzitzeko

Kataluniako prozesu independentista martxa hartzen hasi zenetik, ahalegin handiak egin dituzte erakunde politiko zein zibilek hura atzerrian justifikatzeko.

Generalitateak berak estrategia diplomatiko sendoa du 2012az geroztik
Artur Mas, Raul Romeva eta Oriol Junqueras, Junts Pel Si zerrendak propio nazioarteko hedabideentzat eta atzerriko kazetarientzat eginiko agerraldian.
Artur Mas, Raul Romeva eta Oriol Junqueras, Junts Pel Si zerrendak propio nazioarteko hedabideentzat eta atzerriko kazetarientzat eginiko agerraldian. A. ESTEVEZ / EFE

Samara Velte - Berriemaile berezia

2015eko irailak 12
Kataluniakoak dira, egun, milioi bat lagunetik gora elkartzen dituzten manifestazio independentista bakarrak; baina baita Barack Obama, Angela Merkel eta Martin Schulzen aurpegidun mosaiko erraldoiak altxatzen dituzten bakarrak ere. Ez baitira barrura begira eginiko adierazpenak izaten: elkar adoretzea baino gehiago, kanpora begirako mezua bilatzen dute Diada eguneko adierazpenek.

Hainbat hizkuntzatara itzulitako panfletoak; Kataluniaren independentziari buruzko artikuluak nazioarteko hedabideetan; Artur Mas presidentearen ingeles orbanik gabea AEBetako puntako unibertsitateetan. Bilatutako irudiak dira guztiak. Kataluniako prozesu subiranistari zerbait aitortu behar bazaio, atzerrira heltzeko ahalegina aitortu behar zaio. «Kataluniaren autodeterminaziorako prozesuak justifikaziorako diskurtso baten beharra dauka», dio CATN Trantsizio Nazionalerako Aholku Batzordearen txosten batek. Kataluniako Gobernuari kanpo harremanetarako estrategia diseinatzen laguntzen dio: «Beharrezkoa da, prozesuari zilegitasuna emateko; nazioarteak Katalunia estatu burujabe gisa aitortzeko, eta Kataluniako herritarren interesekoak diren erakundeetan sartu eta haien onarpena jasotzeko». Beste era batera esanda: Katalunia ongi aurkeztu beharra dago munduko estatuen aurrean, haiek gero klubean onar dezaten.

Generalitatea, ordea, katalan guztien gobernua da, independentistena eta ez-independentistena; eta, beraz, badu berezko muga bat kanpaina egiteko garaian. Horregatik, galdeketa eta erabakitzeko eskubidea lehenesten ditu haren estrategiak, independentziaren alde gehiegi argudiatu gabe. «Nolanahi ere», dio txostenak, «galdeketak berak eskaintzen du estatu burujabe bat sortzeko aukera, eta, beraz, nazioartean eragile berri bat sortzekoa. Hori dela eta, Kataluniako Gobernuak prest egon behar du aukera horri buruzko azalpenak emateko».

Generalitatearen estrategia, nagusiki, Diplocat partzuergoak darama. 2012ko azaroan sortu zuten, prozesu subiranista hauteskundeekin indartzen ari zenean. «Katalunia kanpoan saltzea da gure lana, baina oraintxe oso lotuta doa irtenbide politikoari, jakin badakigulako zailtasun handiak ditugula gure bertsioa azaltzeko», azaldu du Albert Royok, Diplocateko idazkari nagusiak.

Ofizialki partzuergo beregaina den arren, gobernuak du bertan zeresan handiena; Mas bera, hain zuzen ere, Diplocateko burua ere bada. Nolanahi ere, hiriburuetako udalek, diputazioek, Vall d'Araneko instituzioek, unibertsitateek, merkataritza ganberek, patronalek, aurrezki kutxek eta Bartzelona futbol taldeak osatzen dute. Baina guztiak ez dira independentziaren aldekoak. «Patroi guztiekin adostuta daukaguna zera da: erabakitzeko eskubidearen alde gaudela. Horregatik, gure oraingo lan nagusia da azaltzea zergatik bihurtuko ditugun irailaren 27ko hauteskundeak plebiszitu. Partzuergo gisa, ez gara independentziaren alde edo aurka lerratzen; jendeak botoa eman nahi duela ulertarazten dugu kanpoan. Jada ez gaude erreferenduma eskatzeko fasean, hartu ditugun erabakiak azaltzekoan baizik».

Aurrena, izen ona bilatzea

Lanpostu bila dabilenaren errezetari eusten dio Diplocatek: irribarre egin, eta erabakiak hartzen dituenarengana jo. Royok azaldu duenez, hiru zutabe nagusi ditu haren estrategiak: mundu akademikoa, nazioarteko prentsa eta atzerriko parlamentuak.

Kataluniako prozesuaren aitzakian, 30 ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte azken hilabeteotan munduko unibertsitateetan; gehienak Mendebaldean, eta bereziki Europan. «Londres, Paris eta Berlin dira gure interesgune nagusiak. Europako Batasunaren barruan egoteak bermatzen digu Espainiak erabaki drastikoegirik ez hartzea, iraganean egin ohi zuen bezala. Eta Europa konbentzitzen badugu, AEBek ez dute ezer egingo haren aurka».

Gaia unibertsitateetan egotea da helburua, akademikoek hari buruzko eztabaidak antolatu eta ikerketak egin ditzaten. «Horrek prestigioa ematen dio auziari, eta, aldi berean, barruan garrantzia emateko ere balio du, jendeak ikusten duelako eragin handiko pertsonek hitz egiten dutela horri buruz. Aditu horietako askok, gainera, aholkulari gisa jarduten dute instituzio politikoetan, eta hedabideek ere erabiltzen dituzte gertakariei buruzko irakurketak egiteko».

Komunikabideak dira, hain zuzen ere, estrategiaren beste zutabea. «Kosta egiten zaigu gure bertsioa nazioarteko egunkariei helaraztea», aitortu du Royok: «Hedabide handi gehienek berriemaileak dituzte Espainian, eta Madrildik informatu ohi dute; bestela, beti jotzen dute Efe eta El País-en gisako iturrietara. Informazio iturri katalanetarako sarbidea izango balute, hemengo jendearekin hitz egingo balute, gauzen bertsio desberdina jasoko lukete».

Espainiatik igaro gabe, zuzenean Kataluniara gonbidatzen ditu Diplocatek nazioarteko kazetariak. 48 orduko bisita bat prestatzen diete: «Gobernuarekin egoten dira, erakunde zibilekin, baita oposizioarekin ere. Aukera sorta itxi bat eskaintzen diegu, beraiek hauta dezaten zer interesatzen zaien gehien».

Antzeko programa bat daukate nazioarteko politikarientzat ere. Izan ere, akademiaren eta prentsaren bidez beste plaza batera heldu nahi dute: munduko erakunde politikoetara. «Eztabaida honek jarraitzen badu, eta hauteskundeotan erabakitzeko eskubidearen aldekoek gehiengoa lortzen badute, gaia lehenago edo beranduago helduko da legebiltzarretara. Atzerriko kargudun politikoak momentu horretarako prestatzen ari gara». Horretarako, bi bide nagusi dituzte: alde batetik, diputatuak Kataluniara gonbidatzea, kazetariekin egiten duten antzera; bestetik, zuzenean parlamentuetara joatea. «Bi aldeko bilera pribatuak izaten dira, komunikazio bideak zabalik mantentzeko, egoera berotzen denean lehen eskuko informazioa izan dezaten».

Topaketa horien ondorioz, hasiak dira eztabaidak sortzen zenbait legebiltzarretan. Danimarkako Parlamentuak, esaterako, Espainiaren eta Kataluniaren arteko elkarrizketa demokratiko baten aldeko ebazpena onartu zuen maiatzean, kontrako botorik gabe; udan, Irlandako, Uruguaiko eta Paraguaiko legebiltzarrek izan dute gaia hizpide; eta aste honetan bertan AEBetako Kongresuan izan da Kataluniako Gobernuko ordezkaritza bat.

Gakoak eta saihestekoak

Ez da erraza izaten prozesu independentista bat kanpoan azaltzea, are gutxiago balantzaren beste aldean egon ohi diren estatu handietan. «Elementu demokratikoak konbentzitzen ditu ondoen», uste du Royok. «Horregatik azaltzen diegu herritarren %80k erreferendum bat eskatzen dutela, baita independentziaren aurka bozkatuko luketen batzuek ere: jendeak botoa eman nahi du, eta ez diote aukerarik ematen. Halakoetan erantzuna aho batekoa izaten da: 'Nola da posible Erresuma Batuan erreferendum bat egin ahal izatea eta hemen ez?'. Sentsibilitate handia daukate Madrilgo gobernuaren kalitate demokratiko faltarekiko, eta ez dute ulertzen nolatan ez duen ezertxo ere proposatzen».

Autodeterminazioaren aldeko argudiaketetan, hobe da nazionalismoa albo batera uztea, CATN-ren arabera. Horren ordez, Kataluniaren autodeterminaziorako eskubide demokratikoa eta hura Espainiaren barruan gauzatzeko ezintasuna azaltzeko gomendatzen du: «Praktikan, Generalitateak daukan autonomia politikoa oso murritza da, eta geroz eta txikiagoa gainera. Estatu zentralak sistematikoki hausten ditu autonomia emateko itunak».

Argumentazio horren haritik, independentzia «azken irtenbide» gisa agertzen da. «Argudio hori bat dator katalan askok bizi izan duten prozesuarekin: ohartu dira bide autonomista agortuta dagoela, eta horregatik eskatzen dute Kataluniaren etorkizunari buruzko galdeketa». Nazioartean ere errazago justifika daiteke: «Ez gaitu behartzen historian Katalunia burujabe bat bilatzera, baizik eta aukera ematen digu legez aitortutako subjektu baten inguruan egituratzeko, oraingoz sistematikoki menpeko gisa tratatzen dutena. Hartara, oinarrizko gabezia batzuk gehitu diezazkiokegu (ekonomikoak, linguistikoak eta kulturalak), haiek autodeterminazioaren justifikazio nagusi bihurtu gabe».

Erantzuna denetarikoa izan ohi da. «Azaltzen dugunean Kataluniakoa prozesu demokratikoa dela, eta finean herritarren jabetzea ekarri duela, iritzi publikoa aldekoa izaten da oro har», dio Royok. «Horretan bai, nabaritu dugu aldaketa positibo bat, bereziki nazioarteko prentsari dagokionez».

Gobernuak, ordea, pragmatikoagoak dira, eta euren interesen arabera erantzuten diote katalanen eskariari. Euren historiarengatik antzeko kasuak dituzten herrialdeak izan ohi dira uzkurrenak; kezkatuta egoten dira domino efektu posible batengatik. «Baina haiei ulertarazi behar zaie egoera hau bakarra dela: Europa osoan ez dagoela Kataluniakoren pareko prozesurik».

Badira kontrako muturrean daudenak ere: publikoki erabakitzeko eskubidearen alde agertu izan direnak, Lituania eta Letonia, kasurako. «Herrialde horiek ere antzeko prozesuetatik igaro behar izan dute estatu gisa eratu aurretik, eta sinpatia handiagoa dute kausarekiko». Dena den, estatu gehienak erdian daude. «Burututako ekintzen politika daukate: ez dira mugituko gauzak gertatzen hasten diren arte; ez, behintzat, mandatu demokratiko bat ez dagoen bitartean. Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo demokratiko bat dagoenean, ordea, pragmatikoak izango dira, eta errealitatera moldatuko dira. Jakina», erantsi du Royok: «Hori atea itxita esan izan digute».

Enbaxadak

Diplomazia lan horietan, berebiziko garrantzia dute Generalitateak munduan dauzkan ordezkaritzek. Zortzi ditu denera: Bruselan, Londresen, Berlinen, Parisen, Lisboan, Vienan, Erroman eta Washingtonen. Azken horretako burua da Andrew Davis, Kataluniako Gobernua atzerrian ordezkatzen denbora gehien daraman diplomazialaria. «Kataluniako mugimendu independentistak arreta irabazi du azken urteotan, besteak beste, The New York Times-ek, Wall Street Journal-ek eta Time aldizkariak idatzi izan dutelako harri buruz», azaldu du. «Estatubatuarrek ulertzen dute katalanek euren etorkizunari buruz erabaki nahi dutela, eskoziarrek iazko udazkenean egin zuten bezala». Erabakitzeko askatasunaren aldeko diskurtso hori aise ezkontzen da AEBetako ikuspegi nagusiarekin: «Sarritan, errazagoa da prozesua hemen [Washingtonen] azaltzea beste herrialdeetan baino. Izan ere, Kataluniako independentistek ematen dituzten arrazoi antzekoetan oinarrituta sortu ziren AEBak. Adierazteko askatasuna eta eztabaida politikoa herrialde honen DNAn daude».

Akademian eta adituen artean, oro har, onarpena du auziak; erantzun negatiboenak «interesatutako alderdienak» izan ohi dira: «Jakintzat jotzen dute Espainiak eta Europak zigortu nahiko dituztela katalanak botoa emateagatik, nahiz eta euren kalterako ere izan. Baina ez da errealista, eta analista independente profesionalek badakite hori».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna