Albistea entzun

Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. ANALISIA

Hizkuntza Politikarako Sailak emandako argudioei erantzuna

Iban Arregi - BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria

2014ko urriak 23

Eusko Jaurlaritzak hedabideentzat emandako laguntzak justifikatzeko erabili dituen argumentuek sor dezaketen nahasmena argitu nahian, zera esan nahiko genuke:

1Hauxe dio Hizkuntza Politika Sailburuordetzak: «Diru laguntza hauek ematerakoan irizpide aldaketa bat egon da aurten. Orain arte ez bezala, hedabidearen eraginkortasunari eman zaio garrantzia bereziki, hedabideen kontsumoari». Zehazki, irismenari eman zaio garrantzia nagusiki, eraginkortasuna irismena baino zerbait zabalagoa delako, eta hasieratik bertatik erakutsi izan du BERRIAk kezka, hainbat aldiz aurrez aurre erakutsi ere. Laguntzak ebazteko irizpideak sektorearekin batere landu eta adostu gabe aldatu ditu Jaurlaritzak, eta, harrigarria den arren, tratamendu bera eman die egunkari nazional bati edo herri bateko aldizkari bati, mila aldiz esan izan dugun arren horrek ez duela ez bururik eta ez hankarik. Hilean behin herri euskaldun bateko buzoian doan jasotzen den aldizkari bat askoz ere kontsumitzen errazagoa delako egunean 1,30 euro balio duen egunkari bat baino. Baina galdera da: herri honek behar du egunkari nazionala? Eta erantzuna baiezkoa bada, eta horretan badirudi denok ados gaudela, adostuko dugu egunkari nazionala (eta gainontzeko hedabideak) duintasunez mantentzeko eta garatzeko beharrezkoa den diru laguntza politika? Eta areago joanda: jarriko ditugu desiragarriak ez ezik lorgarriak diren helburuak, merkatu-parametroak eta hedabide bakoitzaren nolakotasunak kontuan hartuta?

2 Sailburuordetzak esaten du BERRIAren aurrekontua 484.977 euro jaitsi dela aurten, neurri horretan laguntza jaitsiera justifikatuz. Bai, BERRIA ere, zoritxarrez, urtetik urtera aurrekontua jaisten ari da, baina horrek ez du justifikatzen 208.217 euroko laguntza jaitsiera, eta Jaurlaritzak badaki hori. Izan ere, egoerak hala behartuta aurrekontua %7 jaitsi badugu ere (langileen kontura neurri handi batean, baina produktuaren kalitatea mantenduta ez ezik hobetuta eta iaz baino egunkari gehiago salduta), Hedabideen Deialdian ezartzen diren bi baldintzak sobera betetzen dugu oraindik: Jaurlaritzak bakarrik estal dezakeen defizita, batetik (1.616.000 euroko defizita estaltzeko laguntza eskatu zen, aurkeztutako aurrekontuaren %26); eta baldintza gisa ezartzen diren zabalkunde, inpresio eta funtzionamendu kostu estandarretan sartzea, bestetik. Jaitsieraren oinarria ez dago aurrekontuaren jaitsieran, eta hori honako datuak erakusten du: 2013an are gehiago jaitsi zuen aurrekontua BERRIAk, baina laguntza ez zion jaitsi Jaurlaritzak. Irizpideetan dago gakoa.

3Aurrekoarekin lotuta, esaten da: «Euskal hedabide ezberdinen aurrekontuaren %18,72 diru laguntzen bidez finantzatzen du Eusko Jaurlaritzak. BERRIAren kasuan, ordea, aurrekontu osoaren %21,38 ordaintzen da. Beraz, bistan denez, BERRIAK diskriminazio positiboa jasotzen du». Eusko Jaurlaritzak ez dizkio laguntzak enpresaren jarduerari ematen, produktu jakin baten aurrekontuari baizik; horregatik, BERRIA paperean egiteak duen aurrekontuaren %21 da laguntza, eta BERRIaren aurrekontu osoaren %15 baino ez. Baina gai honetan kontu bat uzten du alde batera Jaurlaritzak: BERRIAk Eusko Jaurlaritzatik bakarrik jasotzen ditu defizita estaltzeko laguntzak, hainbat euskal hedabidek ez bezala, eta hori ez da BERRIAren erabakia izan; zentzuzkoa dena, bestalde, BERRIA egunkari nazionala delako. Horregatik, diskriminazioa ez zaigu hain positiboa iruditzen, BERRIAk beste inork baino finantzaketa publiko txikiagoa duelako proportzioan, alde handiarekin. Eta Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki hau: autofinantzaketa puntuatzean, BERRIAri 20 puntutik 19,12 eman dizkiona bera izan da.

4 «Diru laguntza hau ematen duen (1.301.963) erakunde bat ez dago inolaz ere BERRIAren kontra», dio Jaurlaritzak. BERRIAk edo BERRIAren ordezkariok ez dugu horrelakorik esan. BERRIAk eta haren ordezkariok, aurrez aurre eta idatziz esan dugu batik bat irismen-irizpide horietan oinarritzen den laguntza politika horrek ez diola babes nahikorik ematen ez BERRIAri eta ez euskal hedabideen sektoreari ere. Behin eta berriro esango dugu: ezinbestekoa iruditzen zaigu irizpideak sektorearekin adostea, sektore guztiaren babesa eta garapena xede moduan jarrita.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Azaroko manifestazioa deitzeko egin duten agerrialdia gaur, Bilbon. / ©Aritz Loiola / FOKU

Azaroaren 4an Bilboko kaleak betetzera deitu du euskalgintzak

Arantxa Iraola - Olatz Silva Rodrigo

Euskararen aurrerabideen kontra egon diren epaien gaineko kezka azaltzeko egingo den manifestazioaren leloa jakinarazi dute gaur, Kontseiluak deitutako agerraldi jendetsu batean: 'Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat'

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskola publikoetan grebarako deia egin dute, urriaren 24rako

Arantxa Iraola

Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek egin dute deia; sektore publikorako urriaren 25erako eta abenduaren 19rako eginda dauden deialdiez gain, beste bat gehitu nahi izan dute propio hezkuntzarako

Gaur goizean egin dute lehenbiziko protesta erizainek, Txagorritxun. ©Maixa Utrera Puelles

Txagorritxuko erizainek protesta egin dute, Osakidetzak larrialdietako ebakuntzetan egingo duen murrizketagatik

Maixa Utrera Puelles

ESK sindikatuak salatu du Osakidetzak «bere kasa» hartu duela erabakia, eta elkarretaratzea egin dute gaur goizean, Txagorritxuko ate nagusian.

Larunbatean Araian bildu ziren osasun publikoaren aldeko plataformetako kideak. ©BERRIA

Azaroaren 11n osasun sistema publikoaren alde egitera deitu dute

Edurne Begiristain

Herri plataformek manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...