NIRE ZEGAMA

Latza

Joseba Llorente
2017ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Banekien horrelako proba gogorrak egiteko entrenamendu gogorrak egin behar nituela. Azken hiru hilabeteetan horretan murgildu naiz buru-belarri. Egia esan, oso gustura ibili naiz hilabete hauetan mendian barrena. Azken astea, hala ere, arraro samarra egin zait, ia egunero entrenatzen ohituta nengoelako gehienbat. Asteburu-pasa egiteko baliatu dut emaztearekin, horrelako proba bat bizitzeko aukera izan nahi nuelako. Aurreko eguneko giroa ikusi, jende asko herrian... Lasterketa gisa, zer esan: ikusgarria! Antolakuntza aparta, jende andana, animo asko... Sancti Spiritun eta Aizkorrin oilo-ipurditan. «Aupa Joseba!». Uf, latza! Aspaldian futboletik aparte, garai hartako sentsazioak bizitzeko aukera izan dut Zegama-Aizkorrin. Oso polita izan da. Jende gazte asko, haur mordoa mendian eta familia artean igarotzeko egun aparta izan da gaurkoa. Lasterketa, bestela, azkenerako luzea egin zait. Oso lasai hasi naiz, ez nuen dena eman nahi hasieratik. Eguraldi bikaina zegoen korrikarako, lurzorua ere aproposa, ikusi besterik ez dago zenbat marka hautsi diren. Kostako da berriro beste halako bat tokatzea! Hala ere, azkenerako kilometroen falta sumatzen hasi naiz. Ez dut lau ordu eta erditik gorako entrenamendurik egin, eta azken ordua gogorra egin zait. Orokorrean, egun aparta izan da gaurkoa. Urte askotarako, Zegama-Aizkorri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.