Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Politika UPNri Vianako alkatetza kendu diote, eta PSNko hautagaia izendatu dute

Publizitatea

Politika

PSN: eraberritzea ala betiko taktika?

UPNri Vianako alkatetza kendu diote, eta PSNko hautagaia izendatu dute

Duela bi aste hitzartutako akordioa aurrera atera dute PSNk, Geroa Baik eta Cambiemos Viana taldeak. Tentsioa egon da UPNko militanteekin
Yolanda Gonzalez, PSNkoa eta Vianako alkate berria.
Yolanda Gonzalez, PSNkoa eta Vianako alkate berria. BERRIA

2017-08-11 / Joxerra Senar

Iragarritakoa bete da. Jose Luis Murgiondo Vianako alkatea kargutik kendu zuten atzo eguerdian PSNk, Cambiemos Viana udal taldeak eta Geroa Baik. Mozioa aurrera atera duten hiru alderdiek kudeatzeko «eraginkortasun falta» aurpegiratu diete Murgiondori eta UPNri. Duela bi urteko hauteskundeetan, UPN lehen indarra izan zen, baina, lau zinegotzirekin, gutxiengoan gobernatu du. PSNk hiru hautetsi ditu, Ahal Dugu-ren inguruko Cambiemos Vianak bi, eta Geroa Baik eta EH Bilduk, bana. Zentsura mozioaren akordiotik kanpo utzi dute EH Bildu. Horregatik, protesta gisa, bere zinegotziak ez zuen atzo parte hartu udal batzan. Murgiondoren ordez, Yolanda Gonzalez PSNko hautagaia izendatu zuten alkate.

Aginte makila eskuz aldatzeko unean, tentsio handia izan zen atzoko bilkuran. UPNko militanteek txistu eta oihu artean hartu zuten alkate izendatu berria, eta aginte makila ez emateko eskatu zioten Murgiondori. «Kanpora» eta «kanpotar» oihukatu zioten Gonzalezi.

Vianaren paralisia

Atsekabetuta agertu zen horregatik alkate sozialista. «Vianako herriaren irudi txarra eman dute. Viana ez da horrelakoa. Alderantziz, harrera ona egiten diegu heltzen diren guztiei», azpimarratu zuen. Haren hitzetan, atzo eguerdiko udalbatza «tentsio handikoa eta desatsegina» izan zen «UPNren eta haren jarraitzaileen ondorioz».

Gonzalezen arabera, bi urteotan UPNk ezer gutxi egin du udalean, eta paralisi hori gainditzeko aurrera atera dute zentsura mozioa. «Denak aldatu behar du», argudiatu zuen. Udal gobernu berriak promes egin du bestelako ikuspegi berritzaile bat ezarriko dutela. «Udalaren ateak herritarrei ireki nahi dizkiegu. UPNren udal gobernuak oposizioa eta gainerako bizilagunak gutxietsi ditu», kritikatu du Gonzalezek.

Udal arloko mugimendu politiko bat bada ere, zentsura mozioak arreta handia piztu du. PSNko zuzendaritza berriak garrantzi berezia eman dio, eta, horregatik, Maria Txibite idazkari nagusia han izan zen atzo. Era berean, hainbat agintari sozialistak zentsura mozioa txalotu zuten sare sozialetan.

Txibitek UPNren jarrera kritikatu zuen. «Lotsagarria izan da UPNk erakutsitako jarrera antidemokratikoa. Oihuka, osoko bilkura eten du», salatu zuen. UPNk jarrera aldaketa leporatu die sozialistei, eta kritika hori ukatu zuen Txibitek. «Aurreko legealdian, Geroa Bairekin genuen akordioa, eta ez dago ezer berririk». Haren esanetan, duela bi urte Cambiemos Viana udal taldeak ez zuen PSNren alde egin, eta Murgiondoren izendapena ahalbidetu zuen: «Beste gehiengo batzuk egiten saiatu gara, eta, orain, Ahal Dugu-k akordioa izenpetu gurekin eta Geroa Bairekin udal gobernurako».

Geroa Bairen aldetik, Patxi Leuza parlamentaria Vianan izan zen. Yolanda Gonzalez alkate izendatzeko prozesua zuzentzeko, zinegotzi zaharrena aukeratzen da, eta haren jarrera gaitzetsi zuen Twitterren: «UPNren jarraitzaileei nahi dutena egiten uzten die». Koldo Martinezek, berriz, Yolanda Gonzalez eta hura babestu duten alderdiak zoriondu zituen, «akordioa lortzeagatik».

Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak, Eduardo Santosek, zentsura mozioa babestu zuen prentsa ohar baten bidez. Haren hitzetan, UPNk muzin egin die udalean gehiengoz hartutako erabakiei. Haren ustez, «ezinbestekoa» zen aldaketa. Dena den, Vianako testuingurura mugatu du, eta Nafarroa osora zabaltzeko aukera baztertu du. «PSOE eta Podemosen arteko gerturatze txikiena egin aurretik egin zen akordioa. Beraz, ez du inongo loturarik komunikabideen bidez PSNk gure alderdiarekin elkarlanean aritzeko eginiko eskaintzarekin». Santosek berretsi du aldaketaren alde apustu egiten dutela.

UPNko idazkari nagusiak, Yolanda Ibañezek, salatu zuen zentsura mozioak ez duela argudiorik. Bestelako ikuspegi bat azaldu du. «Bi urteotan, bakarrik lan egin behar izan du UPNk, lehen egunetik gainerako taldeek uko egin ziotelako lan egiteari».

Publizitatea

Sortu kontua
Joxerra Senar Joxerra Senar

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak