Albistea entzun

HERRITARRAK ETA ERAKUNDEAK (I)

Hautetsontziek ezkutatzen duten amildegia

Herritarren eta erakundeen arteko distantziari buruzko artikulu sorta bat kaleratuko du BERRIAK gaurtik ostiralera bitartean. Erreportaje bana egingo du demokrazia ordezkatzaileaz, herritarren parte hartzeko espazioez, herri sektoreen partaidetzaren arazoez, eta herri ekimenen eta erakundeen arteko harremanaz.
BERRIA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2015eko apirilak 7 - Bilbo

Krisian dago demokrazia ordezkatzailearen eredua. «Delegazionismoan oinarritzen da gaur egungo demokrazia eredu ordezkatzailea. Eta, horren barruan, hauteskundeak dira herritarren eta sistema politikoaren arteko lotura nagusia», azaldu du Zesar Martinez EHUko Soziologia irakasleak. Gauza bera uste du Pedro Ibarra EHUko katedradun eta politika zientzietako adituak ere. «Oro har, botoaz gain, ez dago ordezkatuaren eta ordezkaritzaren arteko harremanik». Sistema politikoarekiko mesfidantza eta distantzia agerikoa dela dio; alegia, hautetsontzitik hautetsontzirakoa dela, oro har, gizarteak parte hartze politikoarekin duen harremana, eta hori amildegi bat izan daitekeela. Demokrazia ordezkatzailearen argi- ilunetako batzuk jasoko dituen ale hau da BERRIA egunkariak herritarren eta erakundeen arteko distantziari eskainiko dion lau artikulu sortako lehena.

Ordezkariek hartzen dituzte erabakiak, eta ez herritarrek, hala dio Ibarrak: «Teorikoki, hauteskunde bidez aukeratutako politikariek ordezkatuen interesak gordetzen dituzte beren erabakietan». Herritarren eta sistema politikoaren arteko zubi lana egiten dute alderdiek. Teoria da hori; praktika, ordea, bestelakoa da. «Gobernariek erabakitzen dutenaren eta gobernatuek nahiko lituzketen erabakien arteko distantzia handia da». Autonomiaz jokatzen du ordezkariak herritarrei dagokienez. Baina ez du horrek bestelako menpekotasun batetik askatzen, Ibarraren arabera: «Gutxiengo elite ekonomikoen erabakien menpe daude». Gauza bera azpimarratu du Martinezek: «Herritarrok boto bidez dugun baino eragin handiagoa dute lobby ekonomikoek».

1960ko hamarkadatik aurrera emandako kapitalismoaren nazioarteratze prozesuarekin lotu du hori soziologoak. Erabakiguneak urrundu ditu globalizazioak, eta herritar eta erakundeek haietan eragiteko duten ahalmena gutxitu du horrek. Hurbildu dira, ordea, enpresa handiak eta finantza eliteak botere guneetara. Bi ondorio nagusi azpimarratu ditu Martinezek. Bat: erabakigune politikoak biguntzea. Eta bi: alderdi politikoak herritarrengandik gero eta urrunago egotea, eta elkarrengandik hurbilago. «Zentzua galtzen du boto bidez aukera ideologiko edo proposamen politikoen artean hautua egiteak». Hautuak hautu, merkatuaren logika baita gailentzen dena. Iradoki du herritarrengan ere eragin zuzena izan duela ekonomiaren nazioarteratze prozesuak. «Kidetasun kolektiboa oso lotuta dago espazioari eta denborari». Eta sakabanatu egin dira haiek ere. Adibide gisa jarri du lanaren prekarizazioa. «Herritarren arteko harremanak eta atxikimenduak gero eta ahulagoak dira. Gero eta denbora gutxiago pasatzen dugu elkarrekin espazio komunetan: herrian, auzoan edota lantegian, alegia». Alderdi eta sindikatuen oinarri sozialean dagoen beherakada da horren adierazlea, EHUko irakaslearen iritzian. Eskala guztietan eragiten duen katea da.

Merkatuaren logika hori ez da, ordea, herritarren eta erakundeen arteko urruntzearen arrazoi bakarra. Publiko eta pribatuaren arteko bereizketan egin du indar Ibarrak. «Bada barneratua dugun kultura bat. 'Gu, politikariok arduratuko gara publikoaz. Eta zuek, herritarrak, arduratu zaitezte zuen gai pribatuez'». Kolektiboaz eta komunaz arduratzeko hautatzen dira ordezkariak, hortaz. Bereizketa hierarkikoa sumatzen du Martinezek ere. «Feminismoak aspaldi adierazi zuen pertsonala den guztia dela politikoa. Harreman guztietan daude botere harremanak. Ondorioz, afera politikoak dira, eta eragin publikoa dute». Eta, hedatuta dagoen pentsamendu horretaz gain, erakundeen funtzionamenduan ere egin du indar irakasleak. Leloak eta prozesuak jarraitzeko eskatzen zaie herritarrei. Jendeak gune batzuetan parte hartzean ez du sentitzen eragiten ari denik. Subjektu politiko gisa ahuldu egiten dira herritarrak, ahaldundu beharrean».

Hona gakoa, Martinezen arabera: egoera aldatzeko, goitik beherakoak ez, behetik gorako prozesuak sortu behar dira. Eta bada mugimendurik norabide horretan. Gero eta gehiago dira herri sektoreen interesen arabera gobernatzeko saioak. Aipatu ditu Espainiako Podemos eta Greziako Syriza. Baina kezkaz begiratzen die biei Martinezek: «Eskema bera jarraitzen dute. Aldaketarako delegazionismoan jartzen da indarra, sistema politiko instituzionalean, eta hor dauden mugak agerikoak dira». Administrazio publikoetan botere ezkutua dagoela adierazi du Martinezek. Teknikari eta adituen corpusa aipatu du: «Gobernu talde asko saiatzen dira gauzak aldatzen, eta etxe barruko administrazioan dute traba nagusia. Eremu horrek ere bere burua eraldatu behar du». Horregatik, ikuspegia aldatzea beharrezkoa ikusten du Martinezek: «Badago uste orokortu bat: sistema politikoaren edo administrazioaren gune batzuetara iristea beharrezkoa dela gauzak aldatzeko». Buelta eman dio horri EHUko Soziologia irakasleak. «Bestelako gizarte eredu bat eraikitzeko ardatz nagusia ezin da administrazioa izan. Herri ekimenak izan behar du motorra».

Aldaketaren ardatza

Tradizioa du herrigintzaren kulturak Euskal Herrian, eta horri eustea funtsezkotzat du irakasleak. Aitortu du hauteskundeak garrantzitsuak direla, erakundeen babesa beharrezkoa dutelako herri ekimenek. Gobernu bat ala bestea egon, erraztu egingo ditu herritarrek abiatutako prozesuak. Baina eraldaketaren ardatz gisa zein hartzen den da aldea: herrigintza ala sistema politiko instituzionala. Argi du hark: auto-antolaketa izan behar da eraldaketaren oinarria, eta ez estatua edo administrazioa. «Perspektiba horrekin uste dut posible dela herritar eta erakundeen arteko amildegia gainditzea».

Norabide horretan irudikatzen du etorkizuna Martinezek. Eta nabari du gero eta gehiago direla demokraziaren gabeziaz jabetu eta bestelako lidergo zein ekimenen aldeko apustua egiten dutenak. Ez du horren argi ikusten Ibarrak. Bat dator erakundeekiko gaitzespen orokortuarekin. Baina, haren aburuz, ez dago guztiz argi zer den zehazki herritarrek ezbaian jartzen dutena: «Zer da arbuiatzen duguna, demokrazia orokorrean? Demokrazia ordezkatzailea? Ala oraingo demokrazia ordezkatzaile eredua?». Sistemaren birsortzea da, haren ustez, gailentzen den eskaria, eta ez sistemaren beraren eraldaketa. Hor kokatzen du, besteak beste, herri sektore zein alderdiek egiten duten partaidetza aldarrikapena.

Ezker edo eskuin, denek hartu dute parte hartzearen aldeko diskurtsoa. Baina ezberdinak izan daitezke proposamenak: demokrazia ordezkatzailean herritarren parte hartzea sustatzea edo eredua eraldatzea. «Parte hartzea muturrera eramateak bestelako demokrazia eredu bat eraikitzea esan nahi du», dio Ibarrak. Sakona litzateke aldaketa hori. «Herritarrak erabakien zentroan egotea dakar, eta, hein handi batean, ordezkaritzaren desagerpena ekartzen du».

Herri aktibazioa

Bi muturren artean oreka bat bilatzea da, Ibarraren iritziz, egokiena eta egingarriena: demokrazia ordezkatzailearen sisteman dauden ordezkari politikoek hartzen dituzten erabakietan herritarren edo kolektiboen erabakiak txertatzea. Horretarako beharrezkoa ikusten du herritarren aktibazioa. «Aktibatuta dagoen gizarte batekin egin behar dira aldaketak; atzera itzultzeko arriskua dago, bestela. Erakundeetan idazten dituzte legeak, baina kalean gauzatzen da errealitatea».

Pentsamendu iturri izan da gaia, luzaroan. Botoa bere horretan ez dela askea dio Alain Badiou filosofo frantsesak, adibidez. Ez formaz, ezta edukiz ere, ez da askea botoa emateko erabakia edo aukera, haren ustez. «Estatuak erabaki eta zehazten du zer, noiz eta non bozkatu behar den». Eta edukiz ere ez da askea botoa, Badiouren arabera. «Hauteskundeek ordezkatzen dute kapitalaren esklabo bat beste batengatik. Gaur ezker esklaboa tristeago dago, eta eskuinekoa, aldiz, pozik». Garrantzitsua da botoa, baina «estatu ekintza» dela dio, «egiaztatze mota bat». Horregatik bereizten ditu ekintza politikoa eta estatuaren ekintza. Politikoak sortzen duelako, filosofoak dioenez, denbora eta espazioa; kapitalaren eta hauteskundeen denbora jarraitzen ez duen denbora eta espazioa, alegia. Horretarako beharrezkoa ei da gizarte zibilaren mobilizazioa. Sortzeko denbora eta espazio berriak, eta sortzeko botere gune berriak; askeak. Hortik jo du Martinezek: «Dinamika eta logika propioak izan behar dituzte herri ekimenek, eta ez sistema politikoak dituen berdinak. Hortik etorriko da eraldaketa». Eta gero eta gehiago dira hautetsontzien atzeko amildegiarekin hausteko saioak.

Bihar: Distantzia laburtzeko erakundeek abiatutako hainbat ekinbide

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.