Albistea entzun

HERRITARRAK ETA ERAKUNDEAK (II)

Botoa jaso, boza itzuli

Erakunde eta herritarren arteko distantzia murrizteko saiakerak egiten ari dira botere guneetan. Bikoitza da lana, ordea: herritarren artean partaidetza ohitura zabaltzea eta erakundeak horretara egokitzea.
BERRIA

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2015eko apirilak 8 - Bilbo

Baditu zubiak amildegiak. Herritarren eta erakundeen arteko distantzia handia da, baina gero eta gehiago dira bien arteko gerturatze saiakerak Euskal Herrian. Lurraldekako gobernuek, foru aldundiek eta udalek, guztiek erakusten dute haizetara herritarren partaidetzaren bandera. Baina gauza bat da leloa, eta bestea errealitatea. Aldaketa ez da berehala gertatzen. Izan ere, bikoitza behar du izan. Batetik, herritarrak aginte gune horietan parte hartzeko ohitura sortu behar da, eta, bestetik, egokitu egin behar dira erakundeak hori posible izan dadin. Diagnosian bat datoz eragile guztiak, baina sakonak dira jasotako bozari ahotsa itzultzeko egin beharreko urratsak. Zerrenda osatzen dute kasu praktikoek. Maila batean ala bestean begiratu nahi duenak badu non arakatu. Euskal Herrian dauden partaidetza esperimentuen lagin txikia baino ez da BERRIA egunkariak ale honetan jaso duena.

Adierazgarria da: Eusko Jaurlaritzak otsailean aurkeztu zuen Euskadiko demokraziari eta herritarren parte hartzeari buruzko Liburu Zuria. Hain zuzen ere atxikimendu falta horri aurre egiteko tresna izan nahi du liburu horrek. Javier Bikandi Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzako buruak eman du azalpena. Hitz gutxitan, «gobernu ona» lortzea du helburu. «Gardentasuna eta gobernu ona lortzeko berrikuntza plana abiatzeko konpromisoa hartu genuen. Eta norabide horretan urrats bat da partaidetzari buruzko liburua». Aldaketa bultzatu nahi dutela dio Bikandik, ikusten baitute herritarren eta erakundeen arteko soka gero eta luzeagoa dela. «Erakundeak aldatzea beharrezkoa dela uste dute herritarrek, gero eta urrunago ikusten baitituzte, eta frustrazioa eragiten du horrek». Atea zabaltzearen alde mintzo da Bikandi: «Akaso herritar askok ez dute gaitasunik izango gai teknikoetan parte hartzeko. Baina gaiak ulergarriago egiten baldin baditugu, irisgarriago izango dira. Hori ulertu egin behar dugu administrazioan, eta herritarren parte hartzea handitzeko neurriak hartu behar ditugu».

Liburua sortzeko prozesuan bertan aplikatu dute ikasgaia. Partaidetza prozesu baten bidez osatu dute dokumentua. 200 pertsona eta 150 erakunde bildu dituzte horretarako. Bost arlo zehaztu dituzte ekarpenetarako: osasuna, hezkuntza, ingurumena, gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoa. Osasun esparruan hartutako erabakiekin jarri du adibidea Bikandik. Besteak beste, tokiko osasun planak egiterakoan herritarren partaidetza bultzatzea da adostu duten neurrietako bat, baina erakundeen funtzionamendua aldatzea beharrezkoa da hori guztia aurrera eramateko. «Herritarren parte hartzea bultzatu nahi baldin badugu, administrazioan ere aldaketak egin behar ditugu». Funtzionario eta teknikariekin sentsibilizazio kanpaina abiatu dute horretarako. Baina liburua ez da helburu, abiapuntua baizik, Bikandiren arabera. «Dokumentu bizi eta irekia da, eta abiatu ahala aberastu eta eguneratuko dugu». Liburua apaletik kalera eramatea da erronka, beraz.

Praktikara jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Teoriara mugatu baino, praktika bidez abiatu ginen gu, horrela ulertzen baita zer den parte hartzea. Esperientziekin zabaltzen da herritarren artean partaidetza kultura», azaldu du Arantza Ruiz de Larrinaga Gipuzkoako Foru Aldundiko parte hartze arduradunak. Atzean utzi dituzte liburuak, eta kalea bihurtu dute herritarren eskola. Pixkanaka eman nahi dituzte urratsak, baina badute helmuga ere. Ruiz de Larrinagak azaldu du zein den azken xede hori: herritarrentzat gobernatu beharrean, herritarrek gobernatzea. Baina nola egin hori?

Borondatea eta baliabideak

Gipuzkoako Aldundiko aulkietara heldu, eta galdera hori sortu zitzaion EH Bilduko lantaldeari. «Helburu horretatik urruti gaude oraindik», aitortu du Ruiz de Larrinagak. «Horregatik erabaki dugu herritarrekin lanean hasi behar dugula, baina argi izanda tarteko urrats horiek ez direla gure azken helmuga». Herritarrentzat gobernatzetik, herritarrekin gobernatzera, eta hortik herritarrek gobernatzera. Hori da aldundiak buruan duen bide orria. Izan ere, ordezkaritzan oinarritutako demokraziak muga jo duela sentitzen dute, eta horregatik dute beharrezkotzat parte hartzeko demokraziara jauzia ematea. «Eragiteko aukera gutxi dute gipuzkoarrek, eta uste dugu zeresana izateaz gain, erabakietan zuzenean eragin behar dutela». Hori posible izan dadin urrats zehatzak eman dituztela azaldu du Ruiz de Larrinagak. Baita aldundia bera egokitu ere. Kanpora ez ezik barrura begira ere aldaketak egitea beharrezkoa baita. «Bikoitza da helburua: batetik, herritarrak erabakitzea eta, bestetik, barrukoa aldatzea hori egin ahal izateko».

Herritarrekin sarea osatzea izan zen aldundiaren lehen neurria. «Elkarlan gunea sortu genuen Gipuzkoako udal guztietan tokian toki herritarren partaidetza prozesuei buruzko gogoeta egin eta esperientziak trukatzeko». Baina ez da izan hartu duten neurri bakarra. 2012tik, baliabide ekonomikoak eskaintzen dizkiete herritarren partaidetza bultzatzen duten herri proiektuei. 500 egitasmo inguru lagundu dituzte ordutik. Ruiz de Larrinaga: «Borondate politikoaz gain, baliabideak eskaintzea ere beharrezkoa da». Argi du tokian toki abiatzen dituzten herri ekimen horiek direla gakoa.

Igeldon egindako herri kontsulta ekarri du gogora Ruiz de Larrinagak. «Igeldotarrek erabaki zuten Igeldo auzo ala herri nahi zuten, eta herri kontsultan hartutako erabakia aintzat hartu zuen aldundiak». Dioenez, ez da kasu bakarra izan. Gipuzkoako garraio politika lantzeko abiatutako prozesua ere izan du mintzagai. Lurraldeko 56 herritara jo zuen diputazioak lekuan lekuko herritarren beharrak jasotzera. «Ez ginen proposamen zehatz batekin joan. Herritarrengana jo genuen garraio politika beraiekin osatzeko, beraiek baitira zerbitzua inork baino hobeto ezagutzen dutenak eta beraiek baitakite zeintzuk diren beharrak». Proposamenak entzun, jaso, txostena osatu, eta berriz herrietara. Hirukoitza izan da hartu duten lana. Baina horra, Ruiz de Larrinagaren arabera, erakundeak herritarren beharretara egokitzeko beharraren adibide bat. «Esperientzia horietan guztietan ikusten denak ekartzen du ikuspegi aldaketa, eta horrelakoak egitean aldatzen da pentsamoldea ere».

Gertuago daudenak

Mugimenduak mugimendua ezagutu behar duela uste du aldundiko kideak. Horregatik jarri dute abian Mugimenduak Elkarrizketan dinamika. «Lurraldean dauden eragileen arteko elkar ezagutza bultzatzeko eta sinergiak sortzeko». Eta diruz laguntzen dituzte herri ekimenek bideratzen dituzten herritarren parte hartzerako esperientziak. Adibide bat ere eman du: Herri Hezitzaileen Sarea, martxoan Gipuzkoako hainbat herri saretu dituen proiektua. Aldundiak babestu egin du saio hori, eta zergatia azaldu du aldundiko kideak: «Garrantzitsua da horrelako proiektuak behetik gora sortzea. Eragileek bultzatutako proiektua da, eta erakundeok hor egon behar dugu laguntza behar dutenean, beraien erritmoak errespetatuta. Hori baita gure egitekoa: herri ekimenak ezagutzea, indartzea eta babestea».

Gertuago daudenak gertuago sentitzen ditu herritarrak. Garrantzitsua da eskala, izan ere. Hurbilago nabari ohi dute udala, adibidez, aldundia edo lurraldeko gobernua baino. Baina hurbilago egon arren, nahi adina herritar biltzeko zailtasunak dituzte tokiko erakundeek. Hala adierazi du Beñat Anzola Igorreko alkateak (Bizkaia). 2007an aurrekontuak adosteko prozesu parte hartzailea abiatu zuten lehen aldiz herrian. Auzoz auzo antolatu zituzten batzarrak, eta, izan zuen harrera ona ikusita, gainerako arloetara hedatu dute partaidetzaren kultura hori. «Herritarren parte hartzea nolakoa izan behar zen adosteko prozesua egin genuen». Elhuyar Fundazioaren laguntza izan dute horretarako. Udalaren eta herritarren arteko partaidetza prozesuez gain, elkarteen arteko harremanak ere aztertu zituzten. «Herritarren parte hartzea era zabalean ulertu nahi genuen, ez soilik udaleko ekintzekin lotuta».

Idealetatik urrun

Ari dira Igorren. Eta jarri dituzte egitasmoak martxan. Igorreztarron batzarra izeneko bilerak egiten dituzte hiru hilabetetik behin, eta edozein herritarrek du landuko den gaia proposatzeko aukera. Udaleko osoko bilkuretan ere galdera eta eskaerentzako tartea irekitzen dutela azaldu du Anzolak: «Edozein gairi buruz galdetzeko aukera ematen diegu herritarrei». Baina mugak dituzte oraindik ere. Jende gehiago elkartu nahi dutela adierazi du. «Hasieran jende gehiagok hartu zuen parte. Premiak erakartzen du jendea, eta oraindik zaila da herritarrak herrigintzako gai orokorretaz eztabaidatzeko elkartzea». Gaur gaurkoz, ordezkaritzarekin parekatzen dela parte hartzea dio. Eta ikuspegi hori da, Anzolaren arabera, aldatu behar dena. «Kalitatezko batzarrak antolatzen ditugu, baina oraindik buruan dugun ideal horretatik urrun gaudela uste dugu. Jendearen interesa gehiago piztu eta era lotesleagoan lan egitea da asmoa. Partaidetza gehiago nahi dugu». Oraindik ere gizarteko hainbat sektore erakartzeko zailtasunak dituztela dio. Eta saiakera berezia egin nahi dutela gazteak eta emakumeak partaidetza prozesuetan izateko.

Bihar: Herri sektore askoren arteko distantzia, luzeagoa

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta, Oier Oaren alde ©Guillaume Fauveau

Oier Oari ez diote lurralde debekua kenduko, eta familiatik banatua segitu beharko du

Ekhi Erremundegi Beloki

Gaur eman du erabakia Parisko Zigor Auzitegiak. Otsailean epaituko dute, Baionan, lurralde debekua urratzea leporatuta.

Llotja de Marreko alderdien ordezkariak, iaz, Espainiako Kongresuan. ©Javier Lizón / EFE

Alderdi subiranistek Espainiako Konstituzioa «agortuta» dagoela aldarrikatu dute

Paulo Ostolaza

Konstituzioaren Egunaren bezperan, ohar bateratu bat plazaratu dute Llotja de Marreko akordioaren sinatzaileek. «Herrien autodeterminazio eskubidean oinarritutako eredu bat» eskatu dute.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Gure ustez, beharrezkoa da EAJ gobernutik kanporatzea»

Gotzon Hermosilla

Ezker Anitza-IUk X. Batzarra egin du, eta EAEn «ezkerreko alternatiba sendo bat» osatu behar dela nabarmendu dute berriro, «Nafarroan egin denaren antzera».
 ©CHEMA MOYA / EFE

«Kontuen emaitzak ikusita, esango nuke badugula zer esana»

Iosu Alberdi

Kongresuan kontuen inguruko lehen akordio bat lortu arren, Esteban ez da negoziazio mahaitik altxatu. Aurrekontuen ingurukoak izan ditu hizpide; baita datozen hilabeteetan irits daitezkeen lege erreformak ere.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.