Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Hiru gehi bat ez da beti lau

Publizitatea

Kultura

Donostiako 78. Musika Hamabostaldia. KRITIKA

Hiru gehi bat ez da beti lau

 

2017-08-12 / Arkaitz Mendoza

The Brahms Project



Egitaraua: J. Brahmsen 2. eta 3. laukoteak hari instrumentu eta pianoarentzat. Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 10.

Udazkenaren koloreak sakabanatzen diren udara goibel honetan Musika Hamabostaldiak ziklo berri bat aurkeztu du San Telmo museoko klaustroan. Iluntzearen lehen notak guztiz harrapatzeko, ordutegia zertxobait atzeratu dute eta lehen proba heze eta hotzean oihal batzuk banatu zituzten entzuleria eroso sentitzeko. Eguraldia ezin da kontrolpean eduki, baina kontzertuaren edukia eta espazioaren akustika bai. Debako Andre Maria elizako klaustroaren antzera, galeriako zoko batean agertoki txiki bat kokatu ondoren, entzuleriak L forman babestu zituen musikariak. The Brahms Project izenarekin aurkeztu den biolin, biola, biolontxelo eta piano laukote hau bikain entzun zen. Horrenbestez, akustika kontuak alde batera utziko ditugu, oro ederto jaso baitzen!

Baina ez, hiru gehi bat ez da beti lau. Kalitate oneko hiru harizko instrumentu jotzaileen eta horiek baino nortasun gorenagoa azaldu zuen Enrique Bagaria piano jotzailearen batuketa guztiz desorekatzen du azken horrek. Ez ziren lau osagai pareko nahastu, Johannes Brahmsen interpretazioak pianotik bikaintasuna ukitzen zuen bitartean, biolin tenk eta triste bat, biola interesgarri bat eta une oro hasperenka zebilen goi mailako biolontxelo bat pianoaren energiatik atzetuta agertu ziren. Josep Colomé biolinista eraginkor azaldu zen intentsitate handiko pasarteetan, baina Brahmsen cantabile ederretan neurriz gaineko tentsioa antzematen zen haren arkuan, Joaquin Riquelmeren biolaren epeltasunetik kanpo. Azken horrek urduri hasi zuen 2. Laukotea, baina emanaldia aurrera zihoan heinean, Bagariaren adierazpenetik etekin zoragarriak hedatu zituen museoko klaustroan zehar. Azkenik, etxeko biolontxeloa. David Apellaniz irundarra ez da bere herrian profeta, egundoko maila du eta gutxi entzun dugu euskal kultur giroan; albiste penagarria, biolontxelo liluragarri horretan aurreikusi zen musikari petoaz gozatu eta gero. Bagariaren teknika, argudio eta dotoreziak pianoa hirukotetik aldendu zuen, eta batzuetan hiru gehi bat lau ez dela frogatu.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak