Albistea entzun

Biribilaren ertzak

Futbola eta politika ez direla nahastu behar behin baino gehiagotan entzun izan da, baina bien arteko harremana historikoa eta primarioa da. Sortu zenetik erabili baitu politikak bere onurarako. Baina masibo bihurtu den heinean, kaleko aldarrikapenen bozgorailu ere bihurtu da.
1976an ikurrina oraindik legeztatu gabe zegoela, Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria ikurrinarekin atera ziren Realaren eta Athleticen arteko derbian. Euskal gizartean zegoen nahi bati erantzun zion keinu horrek.
1976an ikurrina oraindik legeztatu gabe zegoela, Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria ikurrinarekin atera ziren Realaren eta Athleticen arteko derbian. Euskal gizartean zegoen nahi bati erantzun zion keinu horrek. BERRIA

Lander Muñagorri Garmendia -

2016ko azaroak 29 - Bilbo

Bigarren aita gisa izendatu du Diego Armando Maradona futbolari ohiak hil berri den Fidel Castro agintari historikoa. Ezaguna da bien artean egon den harremana, eta horregatik ez da hain harritzekoa izan izar argentinarrak egin dituen adierazpenak. Baina horrez gain, futbol munduan inor gutxik hitz egin du Castroren alde, edo haren kontra. Apolitikoak edo neutroak direlako, oro har, gaur egungo futbolariak. «Futbola gaur egun Coca Cola bezalakoa da, edozein lekutara irits daitekeen marka bat; horregatik, futbolari batek esaten badu Fidel Castroren galerak pena ematen diola, jarrera bat hartzen du, eta jende asko erakar dezake atzetik». Futbolariek gizartean daukaten eragina handia delako, Rayco Sanchez idazlearen arabera, «askotan politikari batek esaten duenak baino eragin handiagoa dauka». Eta horregatik eskatzen zaie apolitikoak izatea, «negozio handi bateko parte direlako». Baina beti ez da horrela gertatzen.

Futbolak gizartean daukan eragina handia izatera iritsi da. Beñat Zarrabeitia kirol kazetariak azaldu duenez, «emozio kolektiboak eta, kasu batzuetan, identitarioak ere biltzen ditu barruan». Hau da, aldi berean pertsona asko ordezkatzeko eta hunkitzeko gaitasuna dauka futbolak. Eta horrek batzuentzat negozioa esan nahi du. Horregatik, futbolak kapitalismoaren irudirik okerrena erakusten duela dio kazetariak. Baina era berean, hain da kirol erraza eta edozein lekutara irits daitekeena, gizarte baten ispilu izatera ere irits daiteke. Hau da, unean uneko aldarrikapenak presente egoten dira kasu askotan, «masiboa den heinean, aldarrikapen plaza ere badelako». Ugariak dira halako adibideak futbolaren barruan, eta horiek biltzen saiatu da Sanchez Opio errebeldea: futbola, iraultza eta gizarte aldaketa liburuan. Baloi guztiak biribilak izan arren, bakoitzak bere ertzak eduki ditzakeelako.

Gizarte baten aldarria biltzen duen irudia da, esaterako, 1976ko abenduaren 5ean Atotxan futbol zelaian ateratako argazkia. Jose Angel Iribar eta Inaxio Kortabarria ikurrina eskuan zutela atera ziren zelaira, hartan oraindik debekatua zegoenean. «Irudi hark sekulako eragina izan zuen ikurrinaren legeztatzean, hura baino lehen [Manuel] Fragak bere hilotzaren gainetik pasatu beharko zutela esan bazuen ere». Zarrabeitiaren arabera, ordu hartan bazegoen halako borondate sozial handi bat ikurrinaren legeztatzearen alde, eta Atotxako irudi hark oihu horri erantzun besterik ez zion egin. «Ikurrina herri borondatearen bidez legeztatu zen, baina ekintza hark eragin handia izan zuen mezu hori zabaltzen». Adibide horrekin bakarrik agerian geratzen da, beraz, futbolak sozialki eta politikoki zein eragin izan dezakeen.

Baina gauza bera esan daiteke 2012an Bartzelona eta Real Madril taldeen arteko partidan, 17:14 minutuan, Bartzelonako zaleek independentziaren alde egindako oihuen inguruan. «Ekintza hori ezin da ulertu Katalunian dagoen testuingururik gabe», Zarrabeitiaren hitzetan. 2015ean Athleticen eta Bartzelonaren artean jokatu zen Espainiako Kopako finalean izan ziren txistuekin bezala. «Monarkiak ordezkatzen duenaren aurkako gaitzespen bat izan zen ekintza hori, nahiz eta talde bietako zale guztiek ez duten babesten independentziarik». Futbol zelaiak aldarrikapenerako plaza bihurtzen baitira kasu askotan, kirol bat ikusteko plaza huts bat izateaz gain. «Askotan esaten da futbola herriaren opioa dela, baina hori ez da horrela; ez dut uste San Mamesen biltzen diren 40.000 zaleak edo Anoetako 20.000 horiek alienatuta daudenik». Areago, kalean dagoen giroaren termometro bat izan daitekeela dio.

Eta, hala ere, gaur egungo futbolariak gehienetan isilik geratzen dira. «Badakit Donostiako herri harresian Realeko zenbait jokalari bertaratu zirela, eta horregatik ausardia izan zutela esan daiteke, taldeak hori egiteagatik bazterrera utzi zitzakeelako», azaldu du Sanchezek. Pep Guardiola entrenatzaileak, bestalde, bere ibilbideak ematen zion babesari esker egin zituen Kataluniaren independentziaren aldeko adierazpenak, idazlearen iritziz. «Eta, hori egiteagatik, Espainiako zenbait hedabidek etsaitzat hartzen dituzte berak gidatzen dituen taldeak». Futbolak eskaintzen dion bozgorailua baliatu besterik ez zuen egin Guardiolak, hedabide nagusiei gustatu ez zitzaien mezu bat helarazteko. Eta eragin handia izan zezakeenez, haren aurka hitz egin zuten. Futbola ez baita politikarekin nahastu behar.

Askotan entzun izan den esaldia izaten da hori agintari politikoen artean. Halakoak entzun ziren Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko partidan zaleek independentziaren aldeko oihuak egin zituztenean, edo Espainiako erregeari txistu egin ziotenean. «Hori esaten dutenak izaten dira futbola eta politika nahasten lehenak», Zarrabeitiaren arabera. Gogora ekarri du Espainiako taldeak Munduko Kopa eta Eurokopa irabazi zituenean egon zen nazionalismo leherketa. «Espainiak erabili zuen egoera hori, eta lehenago Frantziak ere berdin egin zuen Munduko Kopa irabazi zuenean». Halako garaipenak estatu nazioak indartzeko eta euren burua berresteko erabili izan baitira behin eta berriz. Olinpiar Jokoak propaganda egiteko erabiltzen direnean bezala, Munduko Kopa bat irabazten denean kirola politikaren pentzurako erabiltzen baita.

Lotura historikoa

Futbolaren eta politikaren arteko lotura hori «primarioa» dela azaldu du Ekain Rojo Nor ikerketa taldeko kideak. Duela bi urte Futbola eta hedabideak bikoa nazio nortasunen joko zelai garaikidea: XIX. mendetik XXI. menderako aingura tesia argitaratu zuen. Eta han ikertu zuen nola erabili izan den futbola nazio nortasuna garatzeko. «Esango nuke futbola sortu zenean bazegoela lotura hori, emozioekin eta abertzaletasun sentimendu primarioekin lotuta dago». 1870. urtean hasi ziren Erresuma Batuko nazioen arteko partidak jokatzen, eta horrek atxikimendu bat sortu zuen. I. Mundu Gerra amaitzean, kirola nazioartean zabaldu zen, «eta orduan hasi zen futbolaren eta nazionalismoaren arteko loturaren garai nagusia». 1930. urtean munduko lehen txapelketa jokatu zuten Uruguain, eta orduan hasi ziren baita ereserkien zeremoniak ere. Alegia, estatu nazioentzako propagandarako tresna bihurtu ziren horrela.

«Futbola nazionalismoa haragitzeko esparru bat bihurtu da, historikoki aurrez aurreko bat irudikatu duelako: hamaika jokalari elkarren aurka lehian. Eta horren bidez nazionalismoak behar duen gure eta haien arteko lehia gertatzen da», esan du Rojok. Horregatik, selekzio batek nazioarteko txapelketa bat irabazten duenean gu horren goratze bat gertatzen da: «Nazio eraikuntzaren aldetik, nazioek biziberritu behar dute», dio. Hau da, estatu batek bere historia idazten jarraitzeko halako garaipenak beharrezkoak direla. Horregatik esan daiteke politikak futbola bere interesetarako erabili izan duela. Eta horregatik epaitu dituela iritzi horren aurka agertu diren futbolariak. Bozgorailu on bat zeukatelako, eta ahotsa goratzeko aukera ematen zielako. Baina denek topatu dituzte euren zirrikituak futbolean ere. Kaleko aldarrikapen ugari iritsi dira futbol zelaietara, eta han gertatzen zenak ere baldintzatu du gizarteko egoera. Alegia, politikak eta futbolak elkar elikatu dute behin eta berriz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Ituño aktorea, 'Mantangorri'-ren superposterra gehigarrirako egindako argazkian. / ©Maialen Andres, Foku

«Lanak bozgorailu handi bat eman dit»

Ane Insausti Barandiaran

BERRIAren Mantangorri gehigarriak Itziar Ituñori argiataratutako elkarrizketa argitaratu du gaur. Horrekin batera, superpostarra argitaratu da papereko edizioan.

Martxelo Otamendi, Irati Azkue, Felipe Uriarte, Joseba Barandiaran, Asier Goñi eta Aitor Esteban, Martin Ugalde kultur parkean, sari banaketan. ©JON URBE / FOKU

Sei zangorekin, eta hiru eskutara

Enekoitz Telleria Sarriegi

Joseba Barandiaran, Aitor Esteban eta Asier Goñik irabazi dute BERRIAren Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa. Nafarroa Garaian eta Nafarroa Beherean bizikletaz egindako bidaia kontatu dute.
 ©TXAKUR GORRIA

'Burnout': erreak kiskaltzen duenean

Enekoitz Telleria Sarriegi

OME Osasunaren Mundu Erakundeak, lanarekin lotutako gaixotasun gisa onartu du neke profesionalaren sindromea —'burnout' edo erreta dagoen langilearena—. Zerk eragiten du? Lan baldintza kaskarrek, eta antolakuntza eta komunikaziorik ezak. Zer eragiten du? Estres kronikoa, autoestimu falta eta lanarekiko atxikimendurik eza. Zer uzten du agerian? Enpresek eta erakundeek ez dutela interesik arazo psikosozialetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.