Albistea entzun

Tokio-Zangoza-Tokio, globalizazioa garraiatzeko ehun metroko kamioia

Pieza eoliko erraldoi bat daraman konboi ikusgarri bat abiatuko da gaur Pasaiatik Zangozara
Japoniako konpainiaren pieza erraldoia Zangozara daraman garraio berezia, Pasaiako portuan.
Japoniako konpainiaren pieza erraldoia Zangozara daraman garraio berezia, Pasaiako portuan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2016ko azaroak 15

Globalizazioaren adierak askotarikoak dira. Gaur gauean Pasaiako portutik Zangozara abiatuko den garraio ikusgarriarekin topo egiten duen gidariarentzat errepideko eragozpen bat izango da akaso adiera hori. Japoniako konpainia baten pieza eoliko erraldoi bat eramango du ia ehun metro luze den garraio bereziak. Tokioko multinazional ezagun batek piezaren zorroztasuna aztertu nahi du, eta Zangozara (Nafarroa) eramatea erabaki du, Cener energia berriztagarrien zentroaren LEA laborategira. Han probatu eta Japoniara eramango du berriro bueltan. Globalizazioaren adiera Tokioko enpresa horrentzat da ez dela gaindiezinezko eragozpenik ehunka tonako pieza bat munduan zehar eramateko proba batzuk egin daitezen, eta etxera ekartzeko berriro.

Nacelle esan dioten pieza hori haize errota mota baten prototipoa da, Japoniako itsasoan ipintzeko diseinatua. Nafarroako LEA munduko probaleku bakarrenetakoa da azterketa hori egiteko gaitasunarekin; ez da handiagorik, eta errota eoliko japoniarraren neurriak hala eskatzen du.

Cenerrek, Espainiako eta Nafarroako gobernuen esku dagoen zentro teknologikoak, 30.000 metro koadroko probalekua dauka (LEA), eta potentzia goreneko aerosorgailuak aztertzeko gai da. Zangozako energia berriztagarrien zentroan ohituak daude enkargu bereziekin, baina Tokioko multinazionalaren piezak errekorrak ezarriko ditu. Cenerrek ezin du informaziorik eman asteon jasoko duen enkarguaren inguruan; «konfidentzialtasun klausulak zorrotz errespetatu behar ditugu», esan zioten atzo BERRIAri zentroko iturriek.

Eta errepide sarean zer?

Horiek horrela, gaur gauean abiatzekoa da Pasaiatik Nacelle pieza daraman konboia —gauez mugituko da soilik (23:30-5:30)—. Hiru kamioik eramango dute 94,8 metro luze den garraio berezia. Bik aurretik tirako diote zamari, eta hirugarren batek atzetik bultzatuko du; laugarren bat ere alboan joango da, besteren bat matxuratuz gero erabiltzeko. 6,5 metro da zabaleran garraioa, 5,3 altueran, eta 514,4 tonako pisua dauka. Errepide sareak berak proba galanta izango du garraio berezi horrek bere bidea egin dezan Zangozaraino. 60 kilometro egingo ditu Gipuzkoan barna, eta Etzegaratetik sartuko da Nafarroan. Handik Zangozara 106 bat kilometro egin beharko ditu, 166 kilometroko ibilbidea osatu arte. Aurretik esanda doa: neurri bereziak hartuko dituzte garraio erraldoiak errepideko eremu estuenak eta bihurgune itxienak saihesteko. Batez beste orduko 15 kilometroko abiaduran joango da.

Aintzane Oiarbide Azpiegituretako diputatu gipuzkoarrak atzo azaldu zuenez, arazorik handiena garraioaren luzera da. Ehun metro horiekin ezin da pasatu zenbait bihurgune eta lotunetatik; biribilguneak oztopo larria dira, esaterako. Horregatik, ad hoc ibilbide bat diseinatu dute, ahal den neurrian horrelako oztopoak saihesteko, eta horrek esan nahi du eremu batzuetan behar duen norabidean ez, alderantziz egingo duela aurrera konboiak. Horrez gain, bi norabideak itxi beharko dituzte zenbait tartetan, eta bypass-ak jarriko dituzte. Halaber, hainbat farola eta trafiko seinale ere kendu egin beharko dituzte. Hilabete batzuk barru, LEAko probak amaitzean, operazioa errepikatu egingo da, baina kontrako norabidean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Guillaume Fauveau

Mobilizazioa iraunarazi eta gogortu nahi dute sindikatuek

Ekhi Erremundegi Beloki

Milaka pertsona elkartu dira Baionan erretreten erreformaren kontra. Larunbatekoa mobilizazio «erraldoia» izatea espero dute.

Federico Lopez, Jose Luis Zubeldia, Juan Mari Perez, Bittor Eskisabel eta Jose Mari Lazkano. ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Gure dirua eskatzen dugu; iruzur egin digute»

Maddi Iztueta Olano

Geroako Kaltetuak plataformako kideek estatutua aldatzea eta horren berri ez ematea egozten diete zuzendariei eta sindikatuei. Helburu argia dute: euren dirua, nahi duten eran, berreskuratzea.

Tecnalia enpresaren makina bat, iazko azoka batean. ©Oskar Matxin / FOKU

Gipuzkoako esportazioek 10.000 milioi euro gaindituko dituzte aurten

Iñaut Matauko Rada

2023a «ziurgabetasun urtea» izango dela aurreikusten du Bazkundeak, baina Gipuzkoako enpresak prest daudela adierazi dute.

Grebara deitu duten sindikatuetako ordezkariak, atzo, Iruñeko Kondestablearen jauregian. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Nafarroako langile publikoak grebara deitu dituzte hilaren 15erako

Itsaso Jauregi

ELA, LAB, UGT, CCOO eta Steilasen arabera, gobernuak ez du negoziatzeko borondaterik izan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.