inaki petxarroman
Mobilizazioa. Gipuzkoa Zutik. ANALISIA

Blockadia

2016ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Bi aukera zituzten EAJk eta PSE-EEk hondakinen gatazkari heltzeko: lehena zen, Gipuzkoan erraustegi bat eraiki beharrean, Bizkaiarekin eta Jaurlaritzarekin plan bat adostea Zabalgarbi erabiltzeko. Aski zuten tiraderan den Zabalgarbiren bigarren labea abiatzea. Hala, arazoa konpondu izanaren domina jar zezaketen, kostu politikorik gabe. Gipuzkoako errausketaren aurkako gizarte mugimenduak, konponbidearekin ados egon ez arren, zail izango zuen erantzun bat aktibatzea, eta gaia ia oharkabean pasatuko zen, Bizkaia aztoratu ezean, behintzat.

Bigarren aukera, berriz, aurreko agintaldian baztertutako Zubietako proiektua berraktibatzea zen, tramiteak azkartuz, erdi lozorroan zegoen gizartea esnatuko ez zen esperantzarekin.

Hautatu duten bide hori arazoak sortzen hasi da, ordea. Batetik, agerikoa da gizartearen babes falta. Lehen proiektuak 2002an jarri zituzten mahai gainean, eta denborak frogatu du herri bakar bat ere ez dagoela prest ondoan halako azpiegitura bat onartzeko, osasun arrazoiengatik.

Bestetik, errausketa da ekonomikoki irtenbiderik garestiena. PSE-EEk eta EAJk bultzatu duten pribatizazioarekin, gainera, enpresek eraiki eta kudeatuko dute, eta 35 milioi euro jasoko dituzte—1.200 milioi, 35 urtean—, labeetara hondakin asko sartu edo ez. Hala, herri bakoitzari tarifa finko bat ezarriko zaio, eta eragin gutxi izango du asko edo gutxi birziklatu. Horrek talka sortzen du, adibidez, hondakinen %80 gaika biltzen duten herri eta mankomunitateekin. Esaterako, prest al leudeke Debagoienean, alderdien presio eta inposiziorik gabe, halako finantzaketa bat babesteko? Galdera horri laster erantzun beharko diote, mankomunitateak adituei eskatutako txostenek argi diotelako ez zaiela komeni.

Hain zuzen ere, horri lotzen zaio beste ahulezia bat: babes politiko estua. Izan ere, Batzar Nagusietako ordezkarien %45 aurka daude —finantzaketaren kontra PP ere azaldu da (%49)—. Gauzak hala, 35 urterako planak egitea, gutxienez, ausartegia da.

Puntu horiei, gainera, diputazioak aurreikusten ez zuen beste elementu bat gehitu zaie: gizartearen aktibazioa eta erantzun sendoa. Azken adibidea igandeko giza katea da. Horren altzoan, gainera, ezkerreko alderdien elkarlana martxan da, konfiantza sendotuz eta sakonduz. Horrek arriskuan jar dezake EAJren zentraltasun politikoa Gipuzkoan. Zeren, gai honetan blokeoari eusten badio, adibidez, balizko bidelagunik gabe gera baitaiteke, maldan behera doan PSE-EEk gehiengoari eusteko aukerarik eskainiko ez liokeen hipotesian.

Erraustegia ikur bilakatu da, eta zaila dirudi jarrerak malgutzea, baina EAJren eta EH Bilduren arteko adostasunik gabe gizarte gatazka hori tenkatu besterik ezin liteke egin aurrerantzean.

Proiektuaren aurkako erantzunen atalean, gainera, badira berritasunak. Gipuzkoa plazan kanpaldia hasi duen ekinbideak Naomi Klein idazle kanadarrak This changes everything-Capitalism vs The Climate liburuan teorizatu duen Blockadiaren gipuzkoar bertsioaren traza du. Hala, mundu osoan lurraren eta pertsonen osasunari erasaten dioten proiektuen aurkako erantzunen agendan txoko txiki bat aldarrikatu du Zubietak. Azken finean, osagai komun asko dituzte hidrokarburoak ustiatzen, hondakinak erretzen, soja transgenikoa landatzen edota egitasmo hidrauliko erraldoiak ezartzen dituzten gatazkek. Sakrifizio gune bat dute —Zubieta, kasu honetan—, multinazional batzuen interes ekonomikoak —FCC edo dena delakoa— eta herritarren kezkei entzun gabe multinazionalei men egiten dieten agintariak. Hala aktibatu da Blockadia Amazonian, Andeetan eta Ipar Amerikako basoetan, fracking-aren edo hondar bituminosoen aurkako borroketan. Izpiritu bera ari da ernatzen Gipuzkoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.