Txiokatzeko ez, behintzat

Euskara eta politika ez doaz Euskal Herriko politikarien eskutik helduta. Twitterren erdara nagusi da agintari eta ordezkari politikoen eguneroko jardunean, BERRIAk egindako neurketaren arabera.

Iñaki Petxarroman -

2016ko martxoak 8
Euskal politikari elebidunen txio zuzenak -ez birtxioak- aztertu ditu BERRIAk otsailean, eta azterketa horren emaitzen ondorioa da ondoko informazioa. Herrialde ezberdinetako politikarien jarduna, eta ahalik eta alderdi gehienetako ordezkariak hartu ditu aintzat euskarazko kazetak, eta ondorioa nabarmena da: Twitterren euskara ez dute lehentasunezko hizkuntza politikari eta agintari euskaldunek. BERRIAk iaz antzeko azterketa egin zuen epe berean, eta are eta emaitza txarragoak izan ditu euskararentzat aurtengoak.

@iurkullu

Iñigo Urkullu (EAJ)

Euskara: %7. Gaztelania: %93

Gaztelaniaz zabaltzen ditu hamar mezutik bederatzi Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Mezu instituzionalak dira haietako gehienak, gainera, baina agerikoa da lehendakari den eremu administratiboko bi hizkuntza ofizialetako baten aldeko hautua egiten duela argi eta garbi.

@komaur

Koldo Martinez (Geroa Bai)

Euskara: %12. Gaztelania: %85. Ingelesa: %3

Geroa Baiko Parlamentuko bozeramaileak gaztelania lehenesten du Twitterren, modu nabarmenean. Euskara hamar mezutatik ia bederatzitan erabiltzen du, gutxi gora-behera. Aldiro-aldiro, ingelesez ere aritzen da.

@laperua

Laura Perez (Ahal Dugu)

Euskara: %27.  Gaztelania: %73

Ez dauka jarduera oso handia Laura Perez Nafarroako Ahal Dugu-ko buruak Twitterren, baina, daukan horretan, gaztelania lehenesten du euskararen gainetik. Hamar mezutatik zazpi gaztelaniaz ditu, eta gainerakoak, euskaraz.

@arantxa_tapia

Arantxa Tapia (EAJ)

Euskara: %19. Gaztelania: %79. Ingelesa: %2

Gaztelania da Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren eta Garapen eta Lehiakortasun sailburuaren hizkuntza nagusia. Hamar mezutatik zortzi hizkuntza erdaraz idatzi ditu, eta gainerakoetatik gehienak euskaraz. Bakan batzuk ingelesez idatzi ditu. Betetzen duen kargu instituzionalarekin zerikusia dute idatzitako mezu gehienek.

@marianbeitia

M. Beitialarrangoitia (EH Bildu)

Euskara: %100. Gaztelania: %0

Euskaraz aritzen da Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko Madrilgo Kongresuko bozeramailea Twitterren. Zuzenki txiokatzen duen mezu bakar bat ere ez du euskara ez den beste hizkuntza batean zabaldu aztertutako hilabetean.

@NaguaAlba

Nagua Alba (Ahal Dugu)

Euskara: %9. Gaztelania: %91

Sarritan zabaltzen ditu bere mezuak Nagua Alba Ahal Dugu-ko EAEko idazkari nagusiak Twitterren. Haren hizkuntza nagusia, duda handirik gabe, gaztelania da. Hamar mezutatik bederatzi gaztelaniaz idatzi ditu, eta bat euskaraz.

@AdolfoAraiz

Adolfo Araiz (EH Bildu)

Euskara: %30. Gaztelania: %70

Gaztelania lehenesten du Twitterren Adolfo Araiz Nafarroako EH Bilduko Parlamentuko bozeramaileak. Hamar mezutatik zazpi gaztelaniaz idatzi ditu, eta gainerako hirurak, euskaraz. Iaz BERRIAk egindako azterketan ere antzeko emaitzak izan zituen: %32 euskaraz eta %68 gaztelaniaz.

@IdoiaMendia

Idoia Mendia (PSE-EE)

Euskara: %2. Gaztelania: %98

Guztiz sinbolikoa da Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusi eta Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen euskararen erabilera Twitterren. Gaztelania erabiltzen du ia denerako, eta oso mezu bakanak ditu euskaraz. Iazko azterketan ere antzeko emaitzak izan zituen: %95 gaztelaniaz eta %5 euskaraz.

@enekogoia

Eneko Goia (EAJ)

Euskara: %50. Gaztelania: %46. Ingelesa: %4

Erdia euskaraz eta erdia gaztelaniaz. Esan daiteke proportzio horretan jarduten duela Donostiako alkate jeltzaleak Twitterren. Askotan txio berean ematen du, bi hizkuntzetan, adierazi nahi duen mezua, eta gehienetan bere kargu instituzionalarekin zerikusia dauka. Ingelesez ere aritzen da, gutxi batzuetan.

@DanielMaeztu

Dani Maeztu (EH Bildu)

Euskara: %43. Gaztelania: %57

Gaztelania euskara baino pixka bat gehiago erabiltzen du Dani Maeztu Aralarreko kide eta EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko parlamentariak Twitterren. Hamar mezutatik sei gaztelaniaz idatzi ditu, eta lau euskaraz. Beste zenbaitetan egindako azterketetan ere antzeko emaitzak izan ditu Maeztuk.

@juanmariaburto

Juan Mari Aburto (EAJ)

Euskara: %9. Gaztelania: %91

Gaztelaniaz aritzen da Twitterren Juan Mari Aburto Bilboko alkate jeltzalea gehien-gehienetan. Hamar mezutatik bederatzi hizkuntza horretan idatzi ditu, eta bakar bat euskaraz.

@josebaasiron

Joseba Asiron (EH Bildu)

Euskara: %46. Gaztelania: %54

Bi hizkuntzetan aritzen da Joseba Asiron EH Bilduko Iruñeko alkatea Twitterren, erdia eta erdia, gutxi gorabehera. Ez du oso jarduera mardula sare sozial horretan Nafarroako hiruburuko alkateak.

@Josu_Juaristi

Josu Juaristi (EH Bildu)

Euskara: %69. Gaztelania: %20. Ingelesa: %11

Euskaraz aritzen da nagusiki Josu Juaristi EH Bilduko Europako parlamentaria Twitterren. Hamar mezutatik zazpi euskaraz zabaldu ditu, eta gainerakoak gaztelaniaz eta ingelesez. Iazko azterketan baino emaitza hobeak ditu euskarak, Juaristiren kasuan. Iaz mezuen %42 zituen euskaraz idatziak.

@IzaskunBilbaoB

Izaskun Bilbao Barandika (EAJ)

Euskara: %26. Gaztelania: %70. Ingelesa: %4

Gaztelaniaz aritzen da batik bat EAJko Europako parlamentaria Twitterren. Hamar mezutatik zazpi hizkuntza horretan zabaldu ditu, eta gainerako gehienak euskaraz. Gutxi batzuk ingelesez ere idatzi ditu.

@ainhoaaznarEZ

Ainhoa Aznarez Igarza (Ahal Dugu)

Euskara: %37,5. Gaztelania: %62,5

Gaztelaniaz euskaraz baino gehiago egiten du Ainhoa Aznarez Igarza Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Twitterren. Hamar mezutatik sei gaztelaniaz idatzi ditu, eta gainerako lauak euskaraz. Berak zuzenean idatzitakoak baino gehiago ditu birtxiotutakoak, baina kasu horretan ere gehixeago dira gaztelaniazko mezuak.

@a_lopepe

Anita Lopepe (EH Bai)

Euskara: %75. Frantsesa: %25

Ipar Euskal Herriko agintari eta politikarien artean ez dago oso zabaldua Twitter erabiltzeko ohitura. Erabiltzen dutenek ere ez dute sarritan egiten, eta hori da Anita Lopeperen kasua ere. Edonola ere, idatzitako mezu gehienak euskaraz ditu EH Bai-ko bozeramaileak.

@DenisItxaso

Denis Itxaso (PSE-EE)

Euskara: %24. Gaztelania: %76

Gaztelaniaz gehiago aritzen da Denis Itxaso Gipuzkoako Diputazioko Kultura diputatu sozialista euskaraz baino. Lau mezutatik hiru hizkuntza horretan txiokatu ditu, eta gainerakoak euskaraz.

@gorka_urtaran

Gorka Urtaran Agirre (EAJ)

Euskara: %40. Gaztelania: %60

Gaztelaniaz euskaraz baino gehiago egiten du Gasteizko alkate jeltzaleak, sei-lau proportzioan gutxi gorabehera. Edonola ere, aztertutako bere alderdiko gainerako agintarien artean azterketa honetan ondotsuen atera den jeltzaleetako bat da, euskararen erabilerari dagokionez.

@josebaeceolaza

Joseba Ezeolaza (Ezkerra)

Euskara: %13. Gaztelania: %87

Gaztelaniaz aritzen da batez ere Twitterren Joseba Ezeolaza Ezkerrako parlamentari nafarra. Hamar mezutatik bederatzi hizkuntza horretan idatzi ditu, eta gainerakoak euskaraz.

@andoniortuzar

Andoni Ortuzar (EAJ)

Euskara: %14. Gaztelania: %86

Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek ere gaztelania lehenesten du Twitterren euskararen kaltera, modu eta proportzio nabarmenean. Mezu zuzen gehienak gaztelaniaz ditu, eta sarritan bertxiokatzen dituen bere alderdiko mezu gehienak ere gaztelaniaz dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: