Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Kultura Non dago gorputza?

Publizitatea

Kultura

KRITIKA. Artea

Non dago gorputza?

 
Rekalde aretoko erakusketaren irudi bat.
Rekalde aretoko erakusketaren irudi bat. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

2017-03-21 / Urtzi Ibarguen

'Magic Kingdom'

Artista: Ätakontu kolektiboa. Non: Bilboko Rekalde aretoan. Noiz arte: Apirilaren 30era arte.

Urtero bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak arte sorkuntzarako laguntzak banatu ditu artista bizkaitarren artean. Berriek deitzen da programa. Azken aldian, besteak beste, Ätakontu taldearen lana bultzatzea erabaki dute, eta orain, martxo hasieratik apirila bukaera bitarte, Sara Campillok eta Ibai Leonek osatutako kolektiboaren azken lanak ikus ditzakegu Bilboko Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuan.

Campillo eta Leonen lanak bereziak dira, eta, nolabait, artearen eta modaren erdibidean daude. Ätakontu, artista bikote bat izateaz gain, beraiek sortutako arropa marka bat ere bada, eta, beraz, inon baino lausoago azaltzen dira beren lanaren oinarrian modaren eta artearen arteko muga hauek. Euren lanaren oinarria ilustrazioa eta oihal-estanpazioa direla esan dezakegu, nahiz eta azken proiektu honen bitartez serigrafiarekin eta ilustrazioarekin lotzen dugun bidimentsionaltasunarekin hautsi, eta ikuspuntu tridimentsionalago bat bilatu nahi izan duten, askotariko diziplinak bereganatzen dituen proiektu aberats baten bitartez.

Magic Kingdom izenburupean aurkezten zaigun erakusketa honetan, eszenografiaren eta instalazioaren logikari jarraitu diote, eta askatasuna eta artearen aspektu ludiko bat gailentzen da aurkezten diren artelan guztietan. Horrela, beren inguruko objektu eta erreferentziak erabili dituzte hainbat artelan sortzeko: iraganeko objektuak, jostailuak eta arropak, edota haien hainbat irudi eta trazu, eskulturak eta moldatutako irudiak bestela. Guztiak dauka tokiren bat Ätakonturen unibertsoan, eta objektu eta irudien arteko harremanak sortzen ditu horrek.

Erakusketan aurkezten diren artelanek prozesu hau bikain irudikatzen dute. Rekalde aretoan ikus dezakegun lan multzoan ama birjinak, zeramikazko marrazo, oin eta begiak, 90eko hamarkadako telebistako borrokalari famatuak, beisboleko kromo bilduma zahar bat, egurrezko estatuak, neonezko sinboloak, ostadar formako eskulturak, eta garezur eta krokodiloen pertsonaiak nahasten dira. Artelan guztiek interpretazio eta bizitza propioa duten arren, Campillo eta Leonen lanak multzoaren ezinbesteko irakurketa bat eskatzen du. Izan ere, inoiz baino gehiago, instalazio orokor baten parte bilakatzen dira multzo guztia eta honek betetzen duen espazioa.

Begi bistakoa da arte plastikoa eta moda beti egon direla harremanetan, baina harreman hau modu itxiagoan edo noranzko bakarrean eman dela esan dezakegu. Hortxe daude, Dali, Yves Klein edo Murakamiren adibideak, besteak beste. Argi dago moda, artea bezalaxe, adierazpen artistikorako bide bat dela, nahiz eta adierazpide horretan normaltzat jotzen diren berezitasunak aurki ditzakegun. Adibidez, arkitektura, artearen esparruaren barruan klasifikatzen dugun esparru bat izanik, gizakiaren beharrei lotuta dago, eta elkarrekin bizi behar dute ezaugarri estetiko-plastikoek eta praktikotasunarekin lotzen diren beste ezaugarri batzuek. Modaren kasua, alderdi praktikotik, gizakiarengandik gertuago dagoela dirudi, egunero janzten baikara. Horrela, gorputza bilakatzen da artearen eta modaren arteko harreman hori gertatzen den gunea, eta, nahiz eta moda eta artea behar ezberdinetatik sortu eta espazio ezberdinetan aurkeztu, hau guztia pixkanaka aldatuz doa. Bide honetatik, modaren bidez, gorputza subjektuaren azalera bilakatzen da, haren tentsio, desio edo gatazkak azaleratuz.

Ätakonturen kasuan, tentsio eta gatazka hauek desplazatuz doaz, eta gorputza alde batera utzi eta arte plastikoekin lotzen den estruktura lausotu eta mugagabean zehar egiten dute bidaia. Hemendik sortzen da askatasun sentipen hau; beren erreinu magikoa. Desplazamendu honek artearen estrukturak bilatzen ditu espresioa bide bezala, eta gorputza ikusle bilakatzen da. Momentu honetan azaltzen dute Ätakonturen artefaktuek euren gorena, translazio honetan, mugen arteko ibilbidean.

Eta euren lanak identitate propio bat hartzen du magikotasun honekin. Kolore, forma eta pertsonaiek azaltzen duten ludikotasunak artearekin lotzen dugun pose serio eta transzendentalarekin guztiz apurtzen du, eta asko eskertzen da freskotasun hau. Era berean, hainbat artelanen instalazioak (sinesmen ezberdinen aldareak diruditenak), hainbat pertsonaiaren erabilerak (Ama Birjina, El último guerrero edo beisbol jokalariak) eta haien tratamenduak apurtu egiten du bi munduak estaltzen dituen aura berezi honekin. Guztia maila berean jartzen da, ala hobe esanda, guztiak hasieran duen balio hori galtzen du, eta balio berri bat eraikitzen da.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea