KRITIKA. Artea

Xuxurlak

Mimmo Paladinoren hainbat grabatu, Bilboko Arte Ederren Museoan jarritako erakusketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko otsailaren 3a
00:00
Entzun

'Mimmo Paladino. Grabatuak'

Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoa. Noiz arte: Otsailak 9 arte.

Azaroaren 20tik 23ra Bilboko Euskalduna jauregian egin zen Grabatuaren Nazioarteko III. Jaialdiak aurkeztu zuen programaren barruan kokaturik, urriaren 28an Bilboko Arte Ederren Museoan Mimmo Paladino (Paduli, 1948) artista italiarraren obra grafikoaren atzera begirakoa aurkeztu zen. Pintorea eta eskultorea izateaz gain, 70eko hamarkada amaieratik gaur egun arte, Paladinok garatu duen obra grafiko oparoa zabaldu nahi izan da 200 artelan baino gehiago biltzen dituen erakusketaren bitartez.

Erakusketa antolatzeko, Bilboko museoaren bilduma iraunkorrak bigarren solairuan betetzen duen espazioaren zati bat egokitu da. Bertan, hainbat formatutako serie luzeak nahiz motzak, ilustratutako liburuak eta grabatuak egiteko erabili ziren xaflak ikus ditzakegu, guztiak hamahiru azpisailetan banaturik: Ulises, Paisaia, Lau testu sakratu, Mirages, Hamabi obren saila, Gatza/ogia/karea, Hamalau egonaldi Napolirako, On Kixote, Zenbakien kontaketa, Itzalak, Astronomikoa/Geometriko/Botanikoa, Treccani liburukietako obrak eta Hainbat lan. Sail bakoitzak bere izaera propioa aurkezten duen arren, badaude interes berezia pizten dutenak. Hamabi obren saila-k akuafortea, ur-tinta eta fotograbatua bikainki erabiltzen ditu trazu finkoz eraikitzen den erretratu bat keinu, isuri eta orbanekin nahasteko. Napolesko XIV sasoi sailean, berriz, gurutzearen forma errepikatuz, trazu aske eta forma zurrunak argazkiarekin nahasten dira, eta informalismora gerturatzen diren formatu handiko hamalau pieza sortzen. Bereziki interesgarria da lanok egiteko erabili ziren xaflen aurkezpena, horiek gordetzen duten interes eskultorikoa agerian uzten baitute.

Teknikoki akuafortea eta urtinta gailentzen diren arren, askotariko multzo honen barruan fotograbatua, akuarela, argazkia, collagea, punta lehorra edo berniz askotarikoak nahasten dira, guztiak irudimenaren eta narrazioaren ikuspegi aberats bat garatzeko helburuarekin. Ipuin eta kontaketen mugetan murgiltzen da Paladino; oro har, ia figurazioaren bitartez definitzen diren irudiekin deskribatzen zailak diren inguruetatik garraiatzen du ikuslea, mito eta pertsonaia errealen irudikapenak trazu eta keinu askeekin nahastuz. Erakusketako atalak aztertzen baditugu, horietan hainbat iturritatik jasotako ikonografien ezaugarriak antzeman ditzakegu: garaikidea, mitologikoa eta erlijiosoa... Erlijioarekiko erreferentziak, esaterako, oso argiak dira: figura hieratikoak, gurutzeak...

Nahasketa hori ez da kasuala, eta 80ko hamarkadan Italian izanzen transbangoardia mugimenduarekin lotzen da. Oro har, 70eko hamarkadan arte kontzeptualak eta, zehazki, Italian Arte Povera mugimenduak izan zuen arrakastaren aurrean, Mimmo Paladino, Francesco Clemente, Sandro Chia, Enzo Cucci, Horacio de Sosa eta Nicola De Mariak lengoaia piktoriko klasikoa berreskuratzea erabaki zuten, manierismoaren, barrokoaren eta Errenazimentuaren eragina jasotzen zuena, abangoardia artistikoen erreferentziak ahaztu gabe. Horrela, sorkuntzarako askatasuna zen mugimenduaren ezaugarri nagusietakoa; aurretik izan ziren mugimendu, garai eta estiloak lantzen zituzten. Teknika eta erreferentzien aukeraketa libre horrek mugimendu haren barruan sailkatzen diren artisten sormen prozesu pertsonalak definitzen ditu, eta sortzaile horien banakotasuna azpimarratzen.

Horrela, artista italiarrak ikonografia eta kode multzo bat bere egiten du, eta artelanari dimentsio pertsonal bat eransten dio. Sentipen hori oraindik ere agerikoagoa da erakusketa honetan, eta Paladinok egin duen ibilbide grafikoak artistaren irudimenean murgiltzen den unibertso bat aurkezten du. Mitologiatik, ipuinetatik eta kontakizunetatik datozkigun xuxurlak dira, sinesmen bati eusten dion sormen prozesu errituala. Baina sinesmena zertan? Sormen prozesuan? Artean? Kontzeptuan oinarritzen zen arte mugimenduaren aurrean sortu zen transbangoardiaren bultzatzaileetariko bat izanik, bitxia da erakusketak ikuslearengan sortzen duen gogoeta hau: artearen eta izaki sortzailearen jatorrizko eztabaida.

Orriotan aurretik ere atera izan da gai hau, eta, aurretik azpimarratu izan dudan bezala, indefinizio horrexek berak iraunarazten dio bizirik arteari. Kontzeptuak, teknikak edo materialak... denak dira garrantzitsuak sormen prozesu interesgarri bat gauzatzeko orduan, nahiz eta mugimendu bakoitzak fokua bere interesetara zuzentzen duen. Artea bere mugetatik kanpo bizi da, indefinizio etengabe horrekin elikatuz, eta Mimmo Paladino eta transbangoardia izaera horren paradigma izan ziren bere garaian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.