KRITIKA. Artea

Lotua

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun

'Luz, agua y sal'

Noiz arte: Abenduaren 29tik martxo erdialdera arte. Non: Donostiako Altxerri galerian.

Ez da Eva Lootzen lehen erakusketa Donostiako Altxerri galerian. 1994. urtean Arte plastikoen Estatuko saria jaso zuen artistak materiaren bidetik gai ezberdinen inguruko gogoeta pizten du berriro ere, ingurumenaren inguruko diskurtsoaren barruan ekonomia, historia edo generoaren inguruko kritika argi bat plazaratuz.

1940. urtean Austrian jaiotako artistak kontzientziadun arte proposamen bat aurkezten digu, argazki eta argi instalazio baten bitartez atmosfera misteriotsu bat eraikiz. Horrela erakusketa plastikoki bi alderdi ezberdinetan banatzen den arren, bakoitza bere ezaugarriekin, guztiak natura, gizaki eta elementu naturalen ustiapenak ezartzen duen eremu zabalean garatzen dira. Eremu honen barruan diskurtsoak moldatuz doaz, zuzenki lotzen diren kapitalismoaren eta kontsumoaren inguruko kritika eta aldarrikapenetara bideratuz.

Esan bezala, Altxerri galerian Lootzek aurkeztu duen azken proiektu honetan diskurtso ezberdinak nahasten dira. Artista austriarrak berea egin duen artea ulertzeko modu berezi baten barruan, aspektu formalak nahiz diskurtsoak garrantzi berbera hartzen dute, balio anitzeko praktika honen barruan diziplina ezberdinak nahastu eta lengoaia artistikoaren mugak zabaltzen dituelarik. Artistak berak aipatu izan duen moduan, artea hedatzen den eremu bat bilakatzen da, diziplinen arteko nahasketa hau prozesuaren ezaugarri nagusietako bat izanik.

Horrela, lehen multzo plastikoa gatzaren inguruan eraikitzen da. Bertan, Lootzek Torreviejako gatzaga protagonista duten formatu handiko sei argazkiz osatutako multzo bat aurkezten du. 2011n eginiko argazkiek interesa duten arren, kasu honetan muina plastikotasunetik harago aurkitzen da. Dokumentu irudi hauen bitartez, elementuaren eta gizakiaren partez, honek duen manipulazioa azpimarratzen da, makineria industrial artean izugarrizko gatz pilaketak ikus ditzakegularik.

Gatzaren bitartez alderdi honen diskurtsoa eraikitzen duen terminologia joko bat aurkezten da, gatza (sal) eta soldata (salario) hitzen arteko harremana azalduz. Lotura honetatik aurrera, alde batetik, monopolioen sorreraren inguruko informazioa erakusten digu, hauek langile-klasearen esplotazioan eta lanaren sexu-banaketan izan duten eraginean barneratuz. Bestetik, gatzaren zergaren inguruan historian zehar eman diren gatazketan barneratzen gara: lehenik, gabela deritzon gatzaren zergak sortutako desparekotasuna Frantziako Iraultza bultzatu zuen arrazoietariko bat izan zen; bigarrenik, elementu horren inguruan Ghandiren partetik Indian eman zen Gatzaren ibilaldia eragin zuen, 1947ko Indiaren independentzia eragin zuena.

Erakusketako bigarren zatia aretoaren atzealdean gordetzen da. Bertan, espazioa iluntzen laguntzen duen oihalaren atzean, modu soil batean eraikitako argi instalazioa ikus dezakegu. Egurrezko mahai baten gainean eskuz eginiko bateria multzo bat zabaltzen da, kobre, magnesio eta uraren eta gatzaren bitartez sortutako elektrolitoari esker argi arin bat sortzen duten bonbilla txiki multzo bat pizten delarik.

Instalazio horren bitartez, ingurugiroaren ustiapenaren inguruko diskurtsoa garatzen da, eta errekurtso naturalen erabilera bitartez sortutako argindarrak lurraren errekurtsoen erabileran ardazten den alerta-mezu bat plazaratzen du. Gizakiaren partez bizimodu berri baten beharra azpimarratzen da, jasangarria den ekonomia deiturikoaren inguruan eraiki den gezurra salatzearekin batera. Boterearen kulturarekin lotzen den telebista, pantaila, ikuskizuna... guztiak argindarraren erabilerarekin harremantzen den herrialdeen arteko berdintasun eza azpimarratzen du.

Mota honetako proiektuetan alderdi formalaren eta diskurtsoaren arteko harremana zuzena den arren, lengoaia artistikoa eta, orokorrean, arte sorkuntzaren helburuak lausotu egiten direla dirudi. Altxerri galeriak aurkeztu duen erakusketa konkretu honetan ere (ziur asko proiektu zabalago baten zati txiki bat) arte objektuaren esanahia bera kolokan dago eta badirudi, gaur egun ikus ditzakegun beste hainbat kasutan bezala, diskurtso guztien gainetik, arteak diskurtsoa bere inguruan sortzen duela. Informazio eta komunikazioaren aroan ez da oso argi gelditzen sormen prozesuek gizartearekin harremantzen diren hainbat eremu eta gatazkarekin eduki dezaketen harremanaren balioa, informazioaren saturazioak eta ikuslearen sentsibilitatearen galerak diskurtso hauek garatzeko hainbat bide ezerezean uzten baititu.

Orokorrean, bizi dugun aroan, artea beti izango da ideia eta diskurtsoak garatzeko mota pertsonal bat, baina haren eragin minoritarioak behin eta berriz honen erabilera eta balioaren inguruko gatazka pizten du, diskurtsoa moldatu eta artea bera protagonista bihurtuz. Badirudi gaur egun artea artearen diskurtsoaren barruan lotuta egotera behartuta dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.