KRITIKA. Artea

Basoa

2016ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun

'Artboles'

Nork: Taldekako erakusketa. Non: Donostiako Arteko galeria. Noiz arte: Urtarrilaren 15era arte.

Hitz-joko erraz honen bitartez aurkezten zaigu Donostiako Arteko galeriak antolatu duen azken erakusketa. Groseko auzoan kokatzen den espazioak Gabon garaia eta 2016ko Kultur Hiriburutzaren hasiera bateratzen ditu, Donostiako komertzioen eta Gipuzkoako hiriburuko Turismo Bulegoaren artean antolatu duten Gabonetako ibilbide baten barruan. 30 artistatik gora biltzen dira galeria donostiarraren baso artistiko honen inguruan, eta, besteak beste, Esther Ferrer, Baroja Collet, Unai San Martin, Dora Salazar eta Detritusen lanak ikus ditzakegu. Artearen historian gertatu den bezala, erakusketa honetan ere hainbat teknika erabiltzen dira zuhaitzaren gaia jorratzeko orduan. Horrela, artelan bilduma honetan, marrazkia, argazkia, pintura, eskultura eta artista liburuen prozesutik sortzen diren lanak ikus ditzakegu.

Zuhaitza elementu erabilia izan da artearen historian zehar, elementu fisiko nahiz gai modura. Pinturaren munduan, adibidez, gai unibertsala dugu; haren bitartez gogoeta ezberdinak plazaratu dira. Sinbolismoaren prismatik begiratzen badugu, zuhaitza lurraren eta naturaren elementu garrantzitsuenetako bat dugu, eta, hori dela eta, garapenaren, denboraren edo hazkundearen irudi da. Sinbologiaren bidetik hainbat artistaren bideak gurutzatu egiten dira erakusketan. Dora Salazarren Echar Ramas I (dibujo) artelanak bere eskultura baten ikerketa bat erakusten digu. Bertan, paper gainean hainbat teknikaren bidez emakume baten gorputza irudikatzen du, zeinaren burutik zuhaitz bat altxatzen den. Emakumea oinarri duen bizitzaren eta garapenaren ideia bat erakusten zaigu pieza honetan.

Emakumearen eta zuhaitzaren arteko harremana ez da hor amaitzen: Cristina de la Fuente artistak Mimetismo izenburupean argazki analogikoaren bidez sortutako multzo zuri-beltz bat aurkezten baitigu. Bertan, emakume baten gorputza atzealdean kokatzen den zuhaitzarekin nahasten da, beso eta adarren formen bitartez, gizakiaren eta naturaren arteko harremana aldarrikatuz. Luisa Txillidak, berriz, garapenaren inguruko begirada pertsonal bat erakusten digu, burdinaren bitartez sortutako Plantación eskulturaren bidez.

Ikur gisa eduki dezakeen erabileraz gain, sentimendu edo egoerak erakusteko ere erabili izan da zuhaitza. Bakardadea, gaixotasuna, bizipoza eta beldurra irudikatzeko ezin hobeak dira haren hosto eta adarrak, eta erakusketa honetako hainbat lan horren adibide garbia dira. Jan Hendrixen Los árboles-de bomen artista liburuan aurkezten zaigun serigrafiaren bitartez, haien artean nahasten diren zuhaitz ilunen adar luzeak korapilatzen dira. Biluzik dauden adarrek neguko baso hotz eta ilun bat irudikatzen dute, eta tristura, bakardadea eta hotza nahasten dituen irudi bat sortu.

Bide beretik doaz erakusketako beste hainbat lan. Ramon Zuriarrainek formatu txikiko akuarela batean bakardadearen eta sufrimenduaren artean kokatzen den zuhaitz bat aurkezten digu. Ibai edo aintzira baten erdian altxatzen den zuhaitz horrek borroka eta biziraupenerako sena erakusten du, eta sinbologiaren alorrera bideratuz, bizitzaren ikur bat ere erakusten du. Bi alorren artean, baina argazkian oinarriturik, Julie Juanizen Surco irudiak enborraren azalaren forma konplikatuak aurkezten dizkigu, denboraren igaroak dakarren heldutasuna eraturik.

Azken horien inguruan, baina fantasiak ematen duen distantziaz baliatuz, bereziki interesgarria iruditu zitzaidan Mauricio Vergararen La Roba Nidos. Lewis Carrolen Alizia-ra gerturatzen du ikuslea Vergarak, eta tamaina aldaketa soil baten bidez alboan duen zuhaitzarekiko erraldoia den neskato bat aurkezten digu, ipuinen alegiazko mundu batean barneratzeraino.

Eta, azkenik, zuhaitzaren elementua soilik gai modura erabiltzen dutenak ere badaude, teknikaren erabileran barneratuz abstrakziorantz jotzen duten pinturak. Kasu horretan, Joxan Iza eta Detritusen adibideak dira garbienak. Izak, Sustarrak ura zurrupatzen lanaren bitartez, ondo egituratzen diren bolumen koloretsuen pintura bat aurkezten digu, Albert Oehlen artista alemaniarraren lanen emaitzetara gerturatuz. Detritusen Bosque con Frutos-ek, berriz, beltzean oinarritzen den marrazki baten bitartez, kontraste handiko pintura indartsu bat erakusten digu; hazi eta fruituen forma borobilduak erabilitako kolore eta trazu indartsuekin nahasten dira bertan.

Ez dira asko izaten inguruan dugun ohiko elementu baten gainean ardazten diren erakusketak, eta Arteko galeriak halako proposamenak aurkezteko sentsibilitatea baduela iruditzen zait. Proposamen interesgarria urtea bukatu eta hurrengoa hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.