KRITIKA. Artea

Bitxikeriak

Liñiou faté: Ahaztutakoak erakusketako irudi bat, Donostiako San Telmo museoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2017ko ekainaren 13a
00:00
Entzun

'Liñiou Faté: Ahaztutakoak

Non: Donostiako San Telmo museoan.Noiz: Uztailaren 2ra arte.

Liñou Faté, erakusketa honen izenburuak, Senegal eta Gambian berezkoa duten wolofera hizkuntzan, ahaztutakoak esan nahi du. Juan Mari Indo argazkilariak Afrikako lurralde ezberdinetatik eginiko bidaiaren emaitza da erakusketa hau (Mauritania, Senegal, Mali, Burkina Faso, Gambia eta Benin), eta bertan aurkezten diren argazki, objektu original eta bideoak Bibendum pertsonaiaren inguruan ardazten dira. Bibendum Michelin gurpil markaren pertsonaiaren izena da eta Afrikan gurpil zulaketa eta aldaketetako tailerrak seinalatzeko erabiltzen da; jendeak tailerreko inguruko pareta ala xafletan gurpilarekin zuzenki harremana duen pertsonaia hori pintura bidez irudikatzen dute.

Horrela, San Telmo museoko laborategia eta alboko gune irekia betetzen duen proposamen honen bitartez, argazkilariak pertsonaia horren inguruan egin diren hainbat eta hainbat bertsioren dokumentazio zabal bat aurkezten digu, euskarri ezberdinak nahastuz. Areto nagusian formatu handi nahiz ertaineko argazkiak nahastuz doaz, hauen erakusketarako egituratu den ibilbide txukun baten bidez. Espazioko pareta altuenak Bibendumen konposaketa zabalak egiteko erabili dira, argazkiaren formatu eta aurkezpen ezberdin horiek aretoan bertan ikus ditzakegun objektu manipulatuekin nahastuz, material ezberdinen gainean landutako Bibendumak, eskultura moduan aurkeztuak. Objektuez eta argazkiez gain, Michelin markaren iragarkiak eta lekukoen inguruan eginiko bideoak nahasten dira, eta azalean aurkezten zaigun ikuspuntu estetikoaren azpian kritika sozial bat gordetzen da. Ikuspuntu ekonomiko batetik, erakusketak herrialde azpigaratuen egoera azpimarratzen du, lehen mundua deritzonak herrialde horiekin duen harremanaren inguruko gogoeta zabaldu eta benetan interesgarria den kontzeptu bat azaleratuz: eskasiaren sormena.

Eskasiaren kontzeptu horretatik ikurra, marketina, eta nolabait artea nahasten dituen proiektu bat eraikitzen da. Erakusketa hau ez da gaur egun arte espazioetan ikus dezakegun erakusketa arrunt bat, ez da arte garaikidearen barruan ikus dezaken artista edo izen jakin baten lanarekin lotzen; aldiz, merkatuarekin zerikusia duen ikur baten dokumentazio lan interesgarri batekin lotzen da, gizarte baten anonimotasunarekin. Eta horregatik da hain interesgarria erakusketa hau artearen ikuspuntutik; artearen eta haren espazioen inguruko gogoetak pizten baititu. Dokumentazioaren eta bildumaren eremuan kokatzen da erakusketako irakurketarik interesgarriena: urruneko gizarte eta kultura ezberdinen inguruko bitxikeriaren bildumak eta praktika horrek inguratzen duen espazioaren irakurketan duen eraginak, besteak beste, Mark Dion artista estatubatuarraren lanaren jarrerarekin antzekotasunak ditu.

Dionek ere objektuen benetako historiaren bilaketan du bere lanaren muina, guztiak, hasiera batean ezaguna egiten zaigun forma baten atzean, gordetzen zaigun esanahi bat duela azpimarratuz. Juan Mari Indoren kasuan ere bildumagilearen praktika honek garrantzi berezia hartzen du, nolabait, eta, Dionen kasuan bezala, museoen sorrerara eramaten gaitu. XVII. eta XVIII. mendeetan sortutako museo hauek garai hartan «bitxikeriak» izan zitezkeen objektuak erakusten zituzten, natura, gizartea ala bestelako kultura ezezagun eta exotikoekin harremana zuten objektu eta praktikak. Argi dago erakusketa ikusteko ikuspuntu honek oso kritikoa den irakurketa bat plazaratzen duela, hau da, ideologia, gizarte edo kultura dominante baten praktikak erakusten ditu, museoen sorreran espazio hauek munduaren historia eta ezagutzan izan zuten eragina azpimarratuz.

Ez dakit proiektu hau sortu eta garatu zen momentuan erakusketari esanahi hori eman nahi zitzaion, bildumagile eta instituzioaren alderdi kritiko bat plazaratzen baitu. Hala ere, argi dago proposamenak berak lehen mundu deritzon horrek 3. munduarekin duen harremanaren kritika bat gordetzen duela, baina, kasu honetan, hasierako kritikaren ideia museoaren eta bildumagilearen paperaren irakurketaren bidez txiki gelditzen da. Erakusketa honek museoek hasiera batean izan zuten egitekoa azpimarratzen du, eta irakurketa horretan gordetzen da proposamenaren interes nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.