Albistea entzun

Poesian zein bizitzan botereari aurre egindako hiru poeta

Ingeborg Bachmann, Eugenio Montale eta Jorge de Senaren antologiak kaleratu ditu Susak Munduko Poesia Kaierak bilduman
Hiru liburuen itzultzaileak: Anjel Lertxundi, Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Nagore Tolosa.
Hiru liburuen itzultzaileak: Anjel Lertxundi, Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Nagore Tolosa. ANDONI CANELLADA / ARP

Juan Luis Zabala -

2015eko urriak 2 - Donostia

Munduko Poesia Kaierak bildumako 10, 11 eta 12. liburuak plazaratu berri ditu Susa argitaletxeak: Ingeborg Bachmannen poesia antologia, Nagore Tolosak atondu eta euskaratua; Eugenio Montalerena, Anjel Lertxundik atondu eta euskaratua; eta Jorge de Senarena, Rikardo Arregi Diaz de Herediak atondu eta euskaratua. XX. mendearen lehen erdialdean nabarmendutako poetak dira hirurak, Bachmann, Montale zein De Sena, hirurak aldez edo moldez ezarritako boterearen aurka borroka egindakoak, dela beren poemen bidez, dela ekintza politikoaren bidez.

«Bachmannentzat, poetaren eginkizuna gizon-emakumeak ametsetik esnarazi eta hausnartzera bultzatzea zen , errealitateaz jabe zitezen», Nagore Tolosak azaldu duenez. Baina asmo horrekin bat ez zetorren harrera izan zuen Bachmannen poesiak, oso arrakastatsua baina egilearen asmoekin bat egiten ez zuena: «Bigarren Mundu Gerraren ondorengo stablishment kontserbadorearen aurka jo nahi zuen bere lanekin, hori zen haren jarrera; baina, paradoxikoki, botere horren eskuetan erori zen haren lana, eta botere horren biktima izan zen. Harrera modu dominanteen eta egilearen intentzioaren arteko ezberdintasunaren adibide klasiko bat da Bachmannena».

Eugenio Montale, berriz, poeta «konplexua» da, «alde askotatik begiratuta», Lertxundiren ustez. Haren poesia itzultzen hasi zenean aukera hori egin izana damutu zitzaion, gero damu hori «bozkarioa» bihurtu bazaio ere.

Hondakinen poesia

«Faxismoaren erdian idazten hasi zen Montale, baina Gabriele d'Annunzioren poesia aberkoi eta entusiastaren antipodetan zegoen», Lertxundik azaldu duenez. «Guztiz antifaxista zen, baina ez zen nabarmentzen politikoki edo sozialki, aktibitate guztia bere poesian kokatzen zuelako».

Montaleren poesia «hondakinen poesia» da, Lertxundik dioenez. «Montaleren poemetan, askotan dago hondakinetako elementuren bat, elementu baztertu bat, signifikazio poetikorik izan gabekoa, poeman deklaratzen duena iluminatzen». Arte povera edo arte pobrea izeneko mugimendu artistikoaren sortzaileek Montaleren eragina aitortu zuten hasieratik, eta mugimenduaren izena ere Montaleren Arte povera poematik hartua da (liburuaren 38. orrialdean).

Hasierako hermetismotik pixkanaka-pixkanaka poesia argiago batera igaro zen Montale urteek aurrera egin ahala, «leihoak zabalduko balitu bezala». Irakurleari, horrenbestez, «eramangarriagoa» egiten zaio Montaleren azkenaldiko poesia hasierakoa baino, eta «interbentzio sozialean eraginkorragoa» ere bada Montaleren azkenaldiko poesia hori.

Kontrarioen uztarketa

Sofia de Mello eta Eugenio de Andraderekin batera, Fernando Pessoaren ondorengo portugesezko poesiaren gailurretako bat da Jorge de Sena, Rikardo Arregi Diaz de Herediak azaldu duenez. 1960ko hamarkadan —Portugaldik lehenik eta Brasildik gero ihes egin ondoren, erbesteraturik bizi zela—, lan handi eta eraginkorra egin zuen Pessoaren obra AEBetan ezagutarazteko.

«Adituek diotenez, hiru hitzetan laburbil daiteke De Senaren poesia», azaldu du Arregi Diaz de Herediak: «metamorfosia, lekukotasuna eta peregrinazioa». Portugalen bi joera nagusi zeuden aurrez aurre 1940ko hamarkadan: neorrealismoa eta surrealismoa. «De Senak hori gainditu egin zuen, eta kontrarioen konplementazioa egin zuen bere poesian. Errealismoa eta surrealismoa uztartu zituen, lirismoa eta dramatismoa, sentipena eta pentsatzea. De Senarentzat, poesia komunikazio bide modu bat da, poetaren, munduaren eta hizkuntzaren arteko harremanak ulertzeko, eta baita objektibismoaren eta subjektibismoaren arteko lotura egiteko ere».

Oso idazle oparoa izan zen De Sena. Poesia ugari ez ezik, nobelak, ipuinak eta antzerkia ere idatzi zituen, eta baita saiakera literarioak ere, Camoes eta Pessoari buruzkoak batik bat. Horrez gain, 20 poeta baino gehiagoren lanak itzuli zituen portugesera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Campion Gaston, Saioa Alkaiza Guallar eta Ander Perez Argote, gaur, Iruñean. ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak otsailera atzeratu dute Bertsoaroa

Ane Eslava

Nafarroako Bertsolari Txapelketa jokatzen ari delako atzeratu dute zikloa. Iruñeko Bertsopaper Lehiaketako irabazleak jakinarazi dituzte, eta Saioa Alkaizaren bertso sorta batean oinarritutako 'Biziraute saiakera' ikuskizuna aurkeztu dute.

<em>Emakumeak abstrakziogile</em> erakusketako hainbat obra, Bilboko Guggenheim museoan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Motibo ez-abstraktuak

Iñigo Astiz

Emakumezko artistek abstrakzioaren historian izan duten lekua aldarrikatzen duen erakusketa bat zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak: 'Emakumeak abstrakziogile'. Guztira, 110 artistaren 400 obra baino gehiago bildu dituzte

Jon Bagues, iazko urtarrilean, Eresbileko zuzendari gisa egindako azken agerraldietako batean, Donostian. ©J.C. RUIZ / FOKU

Jon Baguesi emango dio Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria

Ane Eslava - Itziar Ugarte Irizar

Euskal musikaren ondarearen alde eginiko lanagatik sarituko dute Eresbileko zuzendari izandakoa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Juan Luis Zabala

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.