Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Jarrai dezala umoreak

'Euskalduna naiz eta zu?' ETB1eko umorezko telebista saioan espainiarrei buruz egindako iruzkin batzuek zalaparta sortu dute, eta hausnartzera eraman ditu genero hori lantzen duten hainbat profesional. Gertatutakoa gertatuta ere, ezinbestekotzat jotzen dute umorea egiten jarraitzea, «baina arduraz».
ETB1eko <em>Irrikitown</em> umore saioko aktoreak, artxiboko irudi batean. Euskarazko katea programaren errepikapenak ematen ari da azkenaldian.
ETB1eko Irrikitown umore saioko aktoreak, artxiboko irudi batean. Euskarazko katea programaren errepikapenak ematen ari da azkenaldian. ETB Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Etxeberria Urtzi Urkizu -

2017ko martxoak 11

Hiru astez, isilik. Hiru astez, umoretsu. Eta laugarren astean iritsi zen zalaparta, umore gabekoa. Hilabete bat lehenago ETB1en emandako saio baten zati editatua heldu zen denen belarrietara eta ahotara, testuingurutik ateratako pasarteak. Inork aipatu izan ez balu, ziurrenik oharkabean pasatuko zen bideo zatia. Osorik ikusi gabe, batzuek esan zuten irainduak sentitu zirela, eta iskanbila sortu zen. Hautsak harrotu ziren. Eta umorezko saioak grazia galdu zuen, bat-batean.

Euskalduna naiz, eta zu? saioak sortutako ekaitzaren ostean, Iñake Irastorza aktoreak aitortu du «tristura handia» eta «egonezina» sentitzen duela. Urte askoan, ETB1eko umorezko saioetako aktore izan da Irastorza, besteak beste. Penaz eta arduraz hartu du sortutako iskanbila. «Gauzak testuingurutik kanpo aztertzeak beldurra ematen du. Zentsura beti egon da, hor dago, eta jarraituko du, baina zentsurak baino beldur handiagoa ematen du zenbat manipula daitezkeen gauzak», aitortu du Irastorzak.

Azken batean, argi du testuingurutik ateratako kontua izan dela, eta «guztia areagotu» egin dela: «Oso muturrera eraman den istorioa da, zoritxarrez. Amorrua ematen dit zenbat gauza dauzkagun hitz egiteko eta konpontzeko, eta zer konturekin hasten garen. Halako gauzak ongi etortzen dira, ordea, baloiak kanpora botatzeko». Izan ere, uste du honen guztiaren atzean «interes ezberdinak» egon daitezkeela.

Oscar Terol aktore eta gidoilariak ere uste du «tartean interes batzuk» egon daitezkeela: «Halako aferekin ohartzen naiz mugitzen garen muga oso ahula dela. Batez ere, badaudelako gatazka egoera batera itzuli nahi dutenak, eta, beraz, kontuz ibili behar da; ez zaie bazka eman behar». Hamabost urtez ETBko umorezko saioetan lan egindakoa da Terol, eta, egun, Antena3 kateko Allí abajo telesailean dabil gidoiak egiten eta antzezten.

Toni Soler ere «harrituta» dago ika-mikak hartu duen hedadurarekin. Polònia umorezko saioaren zuzendaria da Soler. Minoria Absoluta ekoizpen etxeak egiten du saioa Kataluniako TV3 telebista kate publikorako. Espainiako nahiz Kataluniako politikari ezagunen inguruko umorezko esketxak egiten dituzte. «11 urte daramatzagu programa egiten, eta egia da, hainbatetan, bihurguneren batean irrist egin dugula, baina, oro har, ongi tratatu izan gaituzte beti. Ez dugu arazo handiegirik izan. Izandako arazotxoak hitz eginez konpondu izan ditugu, eta ez da sekula eztabaida politikorik sortu», onartu du.

Solerren aburuz, «oso zaila da hau guztia modu objektibo batean epaitzea eta balorazio bat egitea, gauza askok eragiten baitute: tonuak, audientziak eta beste. Egia da, baina, Espainian badirela hainbat hedabide edozein aitzakiaren bila dabiltzanak giro asaldatu bat sortzeko edo mehatxuka hasteko. Hala, umoregileak maiz erabiliak eta epaituak senti daitezke euren saioa ikusi ere ez duen jendearen aldetik».

Polònia-ko zuzendariaren ustez, beraz, ezin da horren arin aztertu gertatutakoa. Irastorzaren aburuz ere, aztertu beharreko puntu asko daude: «Ikuspegi batetik eta auskalo zein asmorekin eginak dauden iruzkinak. Ez dut esango ongi edo gaizki egina dagoen, ez dut epaiketa moraletan sartu nahi, baina osotasunean ikusteko aukera izan behar genuke, eta sakonki aztertu». Hori dela eta, Irastorzak pena du ETBk bideoa kendu duelako: «ETBk ez du ongi egin bideoa erretiratuz. Ez dut ulertzen zergatik kendu duen. Bideoa hor utzi, eta azpidatziekin jarriko nuke, denek irakurri eta uler dezaten esandakoa, inolako tranparik gabe».

Soler ere ez dator bat edukiak kentzearekin eta zentsuratzearekin. «Uste dut adierazpen askatasuna oso serio hartu behar dela, eta bururaino eraman behar dela, baita ados ez gauden ideiekin eta gaiekin ere. Zentsura da sekula onartuko ez nukeena».

Edukiak euskaraz argitaratu izanak ere baduela zeresana uste dute Terolek eta Solerrek. «Espainiako pertsona batzuentzat, zoritxarrez, konnotazio ezkorrak ditu euskarak, sufrimendua egon den iragan batekin lotzen dutelako», esan du Terolek.

«Espainiako iritzi publikoko sektore kontserbadore batzuetan aurreiritzi oso egonkortuak daude. Hala, aurreiritzi horiek distortsionatu egiten dute edozein analisi eta azterketa. Lastima handia da hori», onartu du Polònia saioko zuzendariak. Eta gaineratu du: «Lurraldetasun aldetik gatazka bat dagoenean, halakoak gertatzen dira. Baina horrelako gauzak gutxiengo esparru batean uzten ahalegindu behar da, eta ez diezaiola gehiengoari eragin».

Ur tanta batetik itsasoa bihurtzeko joera horretan, sare sozialen indarrak eta ahalmenak arduratzen du Irastorza: «Sare sozialetan gertatzen ari dena izugarria da, beldurgarria. Edozer gauzarekin, kontuak txarrera joan eta handizkatu egin daitezke. Oraingoz, edonork egin dezakeen zerbait da [iruzkinak], eta inork geratu ezin duen zurrunbiloa da». Beraz, haren ustez, «hausnarketa sakon bat» egin beharko litzateke sare sozialen funtzionamenduaren gainean: «Sare sozialetan egia kaskar asko daude, eta manipulazio ugari. Ematen du hor argitaratzen den guztia egia dela, eta ez da hala. Horrek min handia egin dezake pertsonalki eta sozialki».

Umorea serioa da

Jendearen iritziak, iruzkinak eta erreakzioak entzutearen aldekoa da Soler. «Gure asmoa ez da ahalik eta jende gehien mintzea. Egiten dugunak jendeari graziarik egiten ez badio, egiteari uzten diogu».

Gauzak «zentzuz» eta «oreka bat bilatuta» egitean dago gakoa, Solerren iritziz: «Ondo dakigu hau ez dela jolas bat, eta oso serio hartzen ditugu gauzak; dena ongi neurtuz lan egiten dugu. Hainbat sektoreren eta kolektiboren parodiak egiteak arrisku handiagoak dakartza. Batzuetan, asmatu egiten da, eta, besteetan, ez. Azken batean, arrisku kirol bat da hau».

Egiten den saio mota zaintzea da gakoa Irastorzarentzat eta Terolentzat ere. Irastorzaren hitzetan, «ez dugu nahi pentsarazten digun umorea, umore erraza nahi dugu, kontsumoko umorea. Kontsumoari ematen zaio lehentasuna, edukiari eman beharrean, eta horrek arrisku handia dakar». Beraz, aktoreak uste du edukien inguruan ere hausnarketa egin beharko litzatekeela.

Terolen ustez, ETBn dirua da arazoa: «Aurrekontu arazo bat da, fikzioa garestiagoa delako. Hala, fikzioa egin baino, formatu merkeago batzuk lehenesten ditu ETBk». Eta horrek arriskuak dakartza. Terolen ustez, Euskalduna naiz, eta zu? saioak «arrisku gehiago» zituen, pertsona batzuk zeudelako kamera aurrean euren iritzia plazaratzen. «Fikzioa egitean, dena pertsonaiek esaten dute, eta, beraz, babestuago gaude».

Hori dela eta, Terolek uste du ezinbestekoa dela arduraz lan egitea: «Zerbait egitean kontzientzia izan behar dugu horrek ondorio batzuk izango dituela. Ondorio horiek ordaintzeko prest gauden ikusi behar da».

Irastorzak ere argi du umorea ez dela modu arinean egin behar: «Umorea beharrezkoa dugu gizakiok; horregatik, arduraz jokatu behar dugu, zaindu, umorea gauza serioa baita. Mugak, egon, badaude, eta horiek norberak jarri behar ditu».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Egin kontu: ez daukat gonarik, ez mototsik, baina liburuzaina naiz»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Topikoen kontrako borrokaz eta liburutegien egiteko berriez ari da Juarez. Muskizko liburuzaina da, eta haien elkarteko burua. 30 urte bete ditu elkarteak berriki. 'Antolatzearen diziplina' liburua itzuli dute.
1 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Olibak jaso, olioa egiteko

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Euskal Herrian ere badira olibondoak eta badago oliba olioa. Nekazariak eta dolareetako langileak buru-belarri dabiltza lanean azken asteetan, aurten jasotako uzta olio bihurtzen.
Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Atzerriko plataformek ez dute kuotarik bete beharko

Urtzi Urkizu

Espainiako ikus-entzunezkoen lege berria onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. ERCk zuzenketak aurkeztuko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.