Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

X

Berria.eus

Bizigiro Olagarroaren magal goxoa

Publizitatea

Bizigiro

Olagarroaren magal goxoa

Haur goiztiarrei laguntzen dieten olagarrotxoak Euskal Herrira ailegatu dira. Tuteran sortutako elkarteak kakorratzez egindako panpinak bidaltzen ditu ospitaleetara, tartean, Gurutzetara eta Nafarroako Unibertsitatea klinikara. Gurasoak lasaitzeko bide bat ere izaten dira panpina horiek.
Haur bat ospitalean, olagarrotxoa eskuan.
Argazkia: PULPITOS SOLIDARIOS

2017-05-19 / Iker Tubia

Tutuak, zundak, mantal berdeak, inkubagailuak, makinak. Ez da tokirik goxoena haur jaioberriendako, baina sobera goiz jaio direnek ez dute beste aukerarik. Oso ahul dira, zaurgarriak dira. Haien egoera gertutik zaindu beharra dago. Inguru bitxi horretan, kolore puntu bat agertu da. Haurraren ondoan etzan egin da kakorratzez egindako olagarrotxo koloreduna. Haur goiztiarrak gogor heldu dio bere beso kiribil eta luzagarriari. Dirudienez, onura eginen dio pertsona solidario batek nonbait eskuz osatu duen panpinak. Goxo da olagarroaren magalean.

Danimarkan sortutako egitasmoa da olagarrotxo solidarioena. 2013an abiatu zuten, eta dagoeneko hainbat herrialdetara zabaldu da egitasmoa. Danimarkako hamasei ospitaletako jaioberrien unitateekin lan egiten dute, baita Groenlandiako Dronning Louises ospitalearekin ere. Egitasmoa Euskal Herrira ailegatu da tuterar baten eskutik. Dagoeneko 23 ospitalerekin ari dira lanean, tartean, bertako birekin: Barakaldoko Gurutzeta ospitalea (Bizkaia) eta Iruñeko Nafarroako Unibertsitatea klinika. Aurrerantzean beste ospitale gehiagorekin lan egitea espero dute.

Lorena Crespo tuterarrak inportatu du olagarrotxo solidarioen egitasmoa. Bera ehulea da, artilezko panpinak sortzen ditu, eta, artileak saltzeko, sarean denda bat du. Terapeuta okupazionala ere bada, eta horregatik gai sozialekin sentibera dela azaldu du. Sare sozialen bitartez izan zuen Danimarkan sortutako egitasmoaren berri, eta ez zuen dudarik egin. «Oso harrigarria iruditu zitzaidan hain sinplea zen gauza batek, kakorratzez egindako panpina batek alegia, nini bati hainbeste onura ekartzea». Garai horretan haurdun zen Crespo, bost egunera jaioko zen bere haurra, eta onartu du oso sentibera zegoenez horrek ere eragina izanen zuela erabakian. «Proiektua interesgarria zen; zerbait egin nahi nuen; beraz, lanerako prest zegoen jendea antolatzea erabaki nuen».

Olagarrotxoak haur goiztiarren lagungarri izan daitezkeela azaldu du Crespok. 32 astetik beherakoei edo 1,5 kilo baino gutxiago pisatzen duten haurrentzako dira. «Umetokian daudenean, haurrek zilbor hesteari heltzen diote maiz, eta olagarroaren besoek forma antzekoa dutenez, horiei eusten diete. Horrela, lortzen dugu zundak edo dituzten aparatuak ez kentzea». Horretaz gainera, ohartu izan dira haurrak lasaitu egiten direla, eta odoleko oxigenazioa, pultsazioak eta bihotzaren erritmoa hobetzen zaiela. Halere, oraingoz ez da ikerketa zientifikorik egin hori horrela dela egiaztatzeko. Haurrak denborarekin nola doazen aztertuz antzeman dituzte onurak.

Orain, ikerketa horiek egiteko tenorea da. Martxoan abiatu zen egitasmoa, eta, beraz, ospitaleetan ez dute denborarik izan gaiari heltzeko. Maria Angeles Henriquez Nafarroako Unibertsitatea klinikako Ama-haurren Unitateko gainbegiralea da. Haiek olagarrotxoak erabili dituzte jada: «Elkartetik ikerketa batzuk pasatu dizkigute onurak azalduz, baina oraingoz guk ezin izan dugu ikerketa sakon bat egin hori horrela denetz jakiteko». Dagoeneko eginda dauden ikerketak aipatu ditu, eta, horien arabera, haur goiztiarrek estresa izaten dute. «Beraz, gurasoak han egotea haurrak antzemanen du seguruenik». Giro atsegina behar da, eta egitasmoarekin bat egin dute, gurasoen eskariari jarraituz. «Unitate hauek haurrentzat eta gurasoentzat ahalik eta atseginen izatea nahi dugu, oso toki teknologikoak direlako, giro hotzekoak». Beraz, gainerako onurak erabat frogatu bitartean, onura horrekin aski dutela aitortu du.

Lasaitasun iturri

Henriquezek azaldu duenez, olagarrotxoa amak hartzen du lehenbizi, bere usaina har dezan, eta, ondoren, haurrari ematen diote. Hori egin zuen Monica de Arribak. Haurra goizegi izan zuen, eta olagarrotxo bat eskatu zuen. Semea jaio eta bizpahiru astera ekarri zuten olagarrotxoa, 27 aste zituelako. «Gureari pixka bat berandu ailegatu zitzaionez, uste dut ez ziola behar zion moduan eragin. Jaio berritan eman behar zaio olagarroaren besoei heldu diezaion, baina gureak jada zundei heltzen zien», azaldu du amak. «Dena den, noski, olagarroari ere eusten zion».

De Arribak onartu du gurasoei asko laguntzen diela panpinak. «Helduleku bat da, nora heldu ez dakizun une batean. Beldur zara, ea zerbait pasatuko ote zaion», esan du. «Ez dakizu eraginkorrak direnetz, baina zerbaiterako balio badezake, ba aurrera». Olagarrotxoak kontu handiz zaindurik daude. Ongi zehazturik dago nola egin behar diren, eta ospitaleetan elkartearen eskutik jasotako panpinak erabiltzen dituzte soilik. «Segurtasun aferengatik egin dugu, norbera soilik norberak egindako gauzen erantzule izan daitekeelako», dio Crespok.

Nafarroako Unibertsitatea klinikan, adibidez, jasotzen dituzten panpinak esterilizatu egiten dituzte, barne protokoloari jarraikiz. «Elkarteak segurtasun neurri guziak betetzen ditu, eta 70 gradutan garbitzen dituzte, baina haur hauek oso zaurgarriak dira», zehaztu du Henriquezek.

Neurriak argiak dira. Olagarrotxoa egiteko materialak ehuneko ehunean kotoia izan behar du, kolorea galdu edo bizartzen ez dena. Buruak 6 eta 9 zentimetro artean neurtu behar du, eta besoak luzaturik 22 zentimetrokoak izan daitezke gehienez. Gainera, ezin du eror dakiokeen elementurik izan, eta kakorratzarekin estu egin behar da lan, zulotxorik geratu ez dadin. Horretarako, komeni da hariak eskatzen duen orratz neurria baino pixka bat txikiagoa erabiltzea.

Horrekin batera, panpinak barnean daramanak zuntz hipoalergikoa izan behar du, tenperatura beroetan garbitu daitekeena. Arauak oso zorrotz betetzen dituzte elkartean, eta, horregatik, panpina asko baztertu behar izaten dituzte, nahiz eta «maitasun handiz» eginak izan.

Sare handia

Kakorratzarekin trebeak izanda, ez da harritzekoa egitasmoaren bueltan sortu duten sare zabala. Hori ere estu-estu prestatu dute, panpinen puntuak bezala. Danimarkakoekin harremanetan jarri ziren, eta, haien baimena erdietsita, taldea egituratzeari ekin zioten. Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako jendea ere batu da, eta toki horietako ospitaleekin hasi dira lanean.

Erabakiak denen artean hartzen dituzte. Lanak ere bai. Boluntarioak dira denak, eta auzolanean aritzen dira: webgunea sortzeko, olagarrotxoak egiteko, harremanak saretzeko, panpinak banatzeko... Taldean denetariko jendea dute: langileak, langabeak, erretiratuak... Baina bada komunean duten gauza bat: elkartasuna. Sarearen parte dira ere panpinak jasotzen dituzten mertzeria eta haritzaile dendak. Dagoeneko 4.500 lagun inguru ari dira elkartean lanean, eta, lana borobiltzeko, ospitaleak dituzte. Batzuk hasi dira ate joka.

Publizitatea

Sortu kontua
Iker Tubia Iker Tubia

Informazio osagarria

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak